La Palmako sumendia lehertu eta ia hamar egunera iritsi da laba itsasoko uretara, bart gauerdian, Kanaria uharteetan (Espainia). Ehun metro inguruko itsaslabar batetik erori da itsasora, Tazacorte herritik gertu. Hasieran ke adar beltz bat eragin du horrek, eta goizean delta bat sortzen hasi da, jada 50 metro garai dena. Mila gradu edo gehiagoko tenperatura izan dezake labak, eta, itsasoko ura 20 bat graduan egonik, diferentzia termikoak eragiten du hori. Adituek ohartarazi dute pilatu eta pilatu jarraituko duela labak.
Amanece en La Palma y comienza a formarse un delta de lava que poco a poco gana terreno al mar. pic.twitter.com/KNg6jy5Y4K
— Instituto Español de Oceanografía (@IEOoceanografia) September 29, 2021
Keak gai kimiko eta toxikoak ere aska ditzake, eta adituak eta agintariak adi behatzen ari zaizkio, ikusteko laino azidorik sortzen ote den. Inguruko herritarrei konfinatzeko eskatu diete, badaezpada ere, eta gutxienez hiru kilometro eta erdira urrutiratzeko bestela; itsasoan, bi milia nautikoko segurtasun distantzia markatu dute. Izan ere, haizearen ondorioz, barnealderatzen ari da kea. Laba itsasora iritsi eta minutu batzuetara, Richter eskalako 3,3 graduko lurrikara bat ere izan da.
Diez dÃas después estas son las primeras imágenes de la lava cayendo por el acantilado y llegando al mar #ErupcionLaPalmapic.twitter.com/RpCdPABan6
— Enrique RodrÃguez (@rodriguezcoello) September 28, 2021
Ura ukituz gero, sufre dioxidoa aska dezake lurrundutako labak, beste substantzia eta material batzuen artean. Ehun metro inguruko malkar batetatik isuri da laba uretara, eta irudi ikusgarriak izan dira, baina, orain, sor litezkeen kalteei behatzen ari dira, eta uretara iritsiko den laba kantitatearen araberakoa izango da hori. Oraingoz, itsasora iristen ari den laba erreka ez da oso handia, baina garapenari adi daude adituak, ezin baita seguru iragarri zer gertatuko den. La Palman XVI. mendetik gertatu diren zortzi erupzioetatik, sei iritsi izan dira itsasoraino, eta azaldu dute prozesua ohikoa dela oraingoz.
Ikusi gehiago: argazki bilduma
Irailaren 19an zartatu zen sumendia, eta, itsasoa oso urrun ez dagoenez, laba bertaraino iristeko kezkak larritu ditu biztanleak azkeneko egunotan. Tazacorte herrian uretaratzen hasi da laba, Guirres hondartzaren inguruan, 1979. urtean izan zen sumendia itsasoratu zen lekutik oso gertu. Oraingoan, 700 bat etxebizitza suntsitu ditu, eta 6.000 lagunek baino gehiagok utzi behar izan dute etxea. Espainiako Gobernuak hondamendi eremutzat hartu zuen asteartean, kaltetuei laguntzak ematen hasi ahal izateko.
Sumendiak bederatzi aho gutxienez izan ditu, eta joan den igandean gelditzen hasi zen laba; astelehen goizean ordu pare batez itzali ere egin zen, baina ordu pare baten buruan berriz zartatu, eta aurrekoa baino laba arinagoa askatzen hasi zen. Azkeneko laba hori lehengoaren gainetik irristatu da, azkarrago.
Azpiko bideoan ikus liteke sumendia nola dagoen oraintxe, Kanariako telebista publikoa zuzenean ematen ari den seinalean:
[Youtube]https://youtu.be/jfFj1V7l1YQ[/Youtube]
Itsas hondoko kalteak
Laba eta material bolkanikoa uretara jausita, itsas hondoan sortuko ditu kalteak orain. Arrezifeetara lotuta bizi diren izaki bizidunak erre eta hilko ditu ia erabat. Baina ekosistema horiek berpizteko indar handia zutela ikusi zuten duela hamarkada bat Hierro uhartean, Kanaria uharteetan, gertatu zen beste erupzio batean: labak itsas hondoko bizia hil eta hiru urtera ia erabat osatua zen berriro.
Ezin da ziurtatu sumendiak datozen egunetan zer bilakaera izango duen. Teneguia sumendiak, La Palman piztutako azkenak, 24 eguneko erupzio bat izan zuen, 1971n, baina beste sumendi batzuek hiru hilabete ere egin izan dituzte piztuta. Astelehenetik aurrera lehertutako ahoak eta azken egunotako lur mugimenduek iradokitzen dute lur azpiko plakak egokitzen ari direla oraindik. Goiz da zer gertatuko den jakiteko, baina, beste ahorik pizten ez bada, labak orain arteko bidean jarraituko du seguruena.