Lehen ministroaren alderdiak irabazi ditu bozak Kosovon, baina babesa galduta

Egungo lehen ministroaren Vetevendosje alderdiak botoen %40,9 eskuratu ditu Kosovoko Parlamenturako hauteskundeetan; 2021eko bozetan, %50etik gora lortu zituen. Hala, oposizioak gobernua osatzeko aukera izan dezake.

Albin Kurti kazetariei adierazpenak egiten bart, Pristinan, bozen emaitzak jakin ostean. GEORGI LICOVSKI / EFE
Albin Kurti kazetariei adierazpenak egiten bart, Pristinan, bozen emaitzak jakin ostean. GEORGI LICOVSKI / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko otsailaren 10a
12:20
Entzun

Albin Kurti Kosovoko lehen ministroaren alderdiak boz parlamentarioak irabazi ditu, baina aurreko hauteskundeetan baino babes txikiagoa lortu du. Kosovoko Hauteskunde Batzordearen behin-behieneko emaitzen arabera, Kurtiren VV Vetevendosje (Autodeterminazioa) alderdi sozialdemokrata eta nazionalistak botoen %40,9 eskuratu ditu atzo egindako hauteskundeetan. Haren atzetik geratu dira PDK Kosovoko Alderdi Demokratikoa (%22,4) eta LDK Kosovoko Liga Demokratikoa (%17,6). Bozen osteko koalizioek erabakiko dute nork osatuko duen gobernua.

VVk botoen %50,3 eskuratu zituen 2021eko bozetan; gaur egun, Kosovoko Asanbleako 120 ordezkarietatik 55 dira Kurtiren alderdikoak. Orduko hartan, gobernua osatzeko koalizioa osatu zuen gutxiengo etnikoen zortzi diputaturekin —besteak beste, turkiarrak, bosniakak eta erromaniak—. Oraingoan, ordea, VVk 43 eta 47 eserleku artean eskuratuko ditu, behin-behineko emaitzen arabera. Horiek horrela, posible da oposizioak koalizioa osatu eta gobernatzeko aukera izatea. Egunkari horren arabera, behe ganberan 50 eserleku baino gehiago edukiko dituzte oposizioko hiru alderdi nagusien artean —PDK, LDK eta AAK Kosovoren Etorkizunerako Aliantza—. Gehiengo osoa edukitzeko 60 eserleku behar dira.

Kurtik garaipenaren berri eman du bart kazetarien aurrean, eta esan du hurrengo gobernua osatuko duela, «hasitako lana amaitzeko». Laugarren geratu den alderdiko buruarentzat, AAKko Ramush Haradinajentzat, berriz, oposizioa izan da «garaile». Eta gehitu du espero duela oposizioak gobernua osatzea, eta bere alderdia haren parte izatea. Botoen %7,6 lortu ditu AAK-k.

Kosovoko Hauteskunde Batzordeak emandako datuak botoen %91,5 zenbatu ostekoak dira; beraz, oraindik alda daitezke emaitzak. Parte hartzeari dagokionez, abstentzioa handia izan da: atzoko hauteskundeetan bozkatzeko aukera zuten herritarren %40,6k eman zuten botoa.

VVren eta oposizioko hiru talde nagusien atzetik, Zerrenda Serbiarra geratu da (%3,95). Kosovoko Asanbleako 120 eserlekuetatik 20 gutxiengo etnikoentzat gordeak dira: 10 serbiarrentzat, eta beste 10 gainerako etnientzat. Bada, komunitate serbiar handienak dituzten udalerrietan, Zerrenda Serbiarra nagusitu da. Gaur egun, serbiarrentzat gordetako hamar eserlekuetatik bederatzi ditu alderdi horrek.

Europako herrialde berriena da Kosovo; 2008an banandu zen Serbiatik, aldebakarreko erabakiz. Belgradekin duen harremana eta Kosovon bizi diren serbiarren egoera dira, ordutik, herrialdeko gobernuaren erronka nagusietako bi. Eta, horiez gainera, herrialdeko ekonomia indartzea eta nazioarteko erakundeetan integratzea ere helburuen artean izango ditu hurrengo gobernuak. Kosovoko Gobernuak 2022ko abenduan sinatu zuten EB Europako Batasunean sartzeko eskaria, eta oraingoz «hautagai potentziala» da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.