Kursk Errusiako eskualdearen aurkako erasoan «helburuak betetzen» ari direla adierazi du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gaur, sare sozialen bidez. Gainera, Ukrainako herritarrei gauero egin ohi dizkien adierazpenetan, Kursken aurka abuztuaren 6an abiatutako erasoaldiaren helburuak azaldu zituen presidenteak atzo, lehen aldiz: «Oraintxe bertan, gure helburu nagusia Errusiak gudan erabil dezakeen ahalik eta baliabide gehien suntsitzea da, haren ahalmena nabarmen txikitzea». Zelenskik gehitu zuen Kursken aurka eginiko erasoak «segurtasun eremu bat» sortzea duela helburu, «Ukraina babesteko».
«Errusiari, haren ekonomiari eta defentsari kalte egin diezaiekeen edozer lagungarria zaigu gerra zuzen amaitzeko, bidezko bake batera iristeko», adierazi zuen. Ukrainako soldaduek ia bi aste daramatzate mugaz bestalde, borrokan, eta ordutik Kurskeko 120.000 zibil baino gehiago ebakuatu dituzte Errusiako agintariek, Aleksei Smirnov Kursk eskualdeko gobernadoreak Vladimir Putin Errusiako presidenteari joan den astean jakinarazi zioenez. Kieven erasoaldiaren eraginak ez dira Kurskera mugatu, ordea, Belgorod eskualdean larrialdi egoera ezarri baitu Errusiako Larrialdi Egoeretarako Ministerioak —Kursken hegoaldean dago Belgorod, Ukrainarekiko mugan—.
Deep State Ukrainako Telegrameko kate militarraren arabera, Ukrainako soldaduek Kursk eremuko 1.200 kilometro koadro inguru bereganatu dituzte erasoaldia abiatu zutenetik. Otruba herrixkaren kontrola hartu dute gaur, mugatik 35 kilometrora. Gainera, azken egunetan Seim ibaiaren —Desna ibaiaren ibaiadar nagusia— ibilbidean zehar hiru zubi suntsitzea leporatu dio Moskuk Kievi. Aurreneko bi zubien aurkako erasoak baieztatu ditu Ukrainako armadak, Errusiaren «logistika ahalmena» murrizteko eraso dietela argudiatuta, herrialdeko aireko indarren buru Mykola Olextxuken esanetan.
Lehen zubia ostiralean bonbardatu zuen, Kurskeko Gluxkovsky barrutian, eta zibilak ebakuatzeko lanetan ari ziren hainbat boluntario hil zituela jakinarazi zuen Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zajarovak. Gainera, Ukrainak «seguruenik HIMARS misil estatubatuarrak» erabili zituen eraso horretarako, haren arabera. Hain justu, Mendebaldeko herrialdeei baliabide militarren bidalketa «azkartzeko» eskatu zien Zelenskik atzoko adierazpenetan, bereziki AEB Ameriketako Estatu Batuei, Frantziari eta Erresuma Batuari, gerrek «oporrik» ez dutelakoan.
600.000 soldadu errusiar hilik
Ukrainako armadak gaur argitaratutako txosten batean adierazi du Errusiak 600.000 soldadu «galdu» dituela 2022ko otsailean Kieven aurkako inbasioa abiatu zuenetik —hildakoak eta zaurituak batera kontatuta—. Kopurua maiatzaz geroztik nabarmen handitu dela dio (%44), hain justu, Errusiak Kharkiven aurkako erasoaldia ezustean hasi ostean. Hil horretan Errusiako 39.000 soldadu galdu zituen, Kieven arabera, eta, ondorengo hilabeteetan kopurua murriztu arren, abuztuan egunean 1.000 eta 1.200 soldadu artean galtzen ari da.