SERIEA. Ocalanek 25. urtea kartzelan (eta IV). Omer Ocalan.

«Kurduen auzia konpontzeko negoziatzaile nagusia da gure osaba»

Abdullah Ocalanen iloba da HDPko diputatua. Osaba bezala, bera ere maiz atxilotu dute bere jardun politikoagatik. Orain, baliteke alderdia bera legez kanpo geratzea.

ORSOLA CASAGRANDE.
2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Omer Ocalan HDP Herrien Alderdi Demokratikoko diputatua da, Turkiako Kurdistango Urfa hiriko ordezkaria. PKKren fundatzaile Abdullah Ocalanen iloba ere bada. Kazetaritza ikasi zuen, eta maiz atxilotu dute bere jarduera politikoagatik

Otsailaren 15ean 24 urte bete ziren Ocalan harrapatu zutela, Kenyan. Zer duzu gogoan egun hartatik?

Adanan bizi ginen garaian entregatu zioten gure osaba Turkiari, nazioarteko konspirazio baten ondorioz. Adanan geunden, hain zuzen, gure herri Omerlitik [kurdueraz, Amara] alde egin behar izan genuelako arrazoi politikoengatik eta estatuaren presioagatik. Gogoan dut nola tristatu zen familia berretsi zigutenean Ocalan harrapatua zutela. Bisita eskatzen lehenak gure aita Mehmet eta gure izeba Havva Keser izan ziren. Dozenaka abokatuk eskaini zuten beren burua hura defendatzeko. Gogoan dut, halaber, nazioarteko elkartasun handia izan zela. Beste fase bat hasia zen kurduen borrokan: hasia zen orain Imrali prozesua esaten dioguna.

Nola daude gauzak Imralin?

Ocalan bakarturik daukate 1999ko otsailaren 15etik, Imraliko kartzela-uhartean. Azpimarratu beharra dago estatuak guztiz bakartu nahi izan duela Ocalan, bai fisikoki eta bai geografikoki. Gure familiak astero eskatzen ditu bisitak, eta haren abokatuek, beste hainbeste. Ni ere, diputatu naizen aldetik, astero joaten naiz Justizia Ministeriora, osabari bisita egin ahal izatea eskatzera. Zoritxarrez, eskari guztiei ez ikusi egiten diete, edo uko. AKPren eta MHPren gobernuak, hots, Justiziaren eta Garapenaren Aldeko Alderdiak eta Mugimendu Nazionalistaren Alderdiak osatutakoak, nabarmendu ohi du Turkiako Errepublika zuzenbide estatu bat dela, baina ez da hala. Badirudi legeak hutsune bat duela Turkian. Ez dago mintzaiderik. Justizia Ministerioa, herrialde honetan, Injustizia Ministerio bihurtu da. Gure aitak 2020ko martxoaren 3an bisitatu zuen gure osaba azken aldiz: ia hiru urte pasatu dira.

Zure alderdia, HDP, beila moduko bat egiten ari da Justizia Ministerioaren aurrean, Ankaran. Zein dira protesta horren motiboak? Zergatik?

Aspalditik gabiltza lanean Imralin nagusi den bakartze sistema bukarazteko. Egiatan, legea bete dadila, horixe nahi dugu. Kurduen auzia konpontzeko mintzaide eta negoziatzaile nagusia da Ocalan. Soluzioa bitarteko eta metodo demokratikoen bidez aurkitzearen alde egiten du HDPk. Justiziaren aldeko beila bat da gurea. Turkian, milaka preso politikori eskubideak urratzen zaizkie etengabe. Turkiako espetxeak tortura zentro bilakatu dira. Ehunka mila laguni leporatu diete terroristak izatea, nahiz eta benetan ez duten egin beren eskubideak defendatu baizik.

Justizia Ministerioak dozenaka kartzela eraikitzea onetsi du. Espetxeratzen dituztenek torturak eta abusuak sufritzen dituzte, indarkeria fisikoa eta psikologikoa. 6.000 lagunek 25 urte baino gehiago daramatzate kartzelan; guk eskatzen dugu esperantzarako eskubide deiturikoaz baliatu ahal izan daitezela.

Zuen alderdiak eskatu du hauteskundeak igaro arte atzeratu dadila HDP legez kanpo uzteari buruzko sumarioa, baina Konstituzionalak ez du onartu. Zure ustez, bozak baino lehen debekatuko dute? Zergatik dio halako beldurra gobernuak HDPri?

Kurdua bazara, edo oposiziokoa, beti ken diezazukete politikan aritzeko eskubidea. Izan ditugun alderdi guztietan azkena da HDP. Kurduen eta zapalduen eskubideen alde borrokatzen ziren beste zazpi alderdi baino gehiago debekatu dituzte.

Gobernuak beldurra dio HDPri, Ekialde Hurbilerako eredu bat eskaintzen duelako. Aniztasunean bat egiteko eredu bat da, ezberdintasunak aberastasun diren eredu bat. Gure alderdiari erreparatu besterik ez dago ohartzeko nola mamitzen dugun paradigma hori: HDPn kurduak daude, turkiarrak, armeniarrak, kurdu yazidiak, kurdu eta arabiar aleviak... Turkian, ordea, eredu monista da nagusi: «Nazio bakar bat, bandera bakar bat, hizkuntza bakar bat». Ezberdina den oro «etsaia» da. AKP islamistaren eta MHP ultranazionalistaren koalizio gobernuak agindu zuen HDP debekatzeko sumarioa, eta ez du zerikusirik legearekin. Sumario horrek, dena den, ez digu utzaraziko Turkiako Errepublika demokratizatzearen aldeko borroka.

Berresteko dago oraindik, baina badirudi hauteskundeak maiatzaren 14ra aurreratuko direla. Zer jokaleku dituzue esku artean?

Gobernuak badaki HDPk hauteskundeak baldintzatu ditzakeela; horregatik nahi du hura legez kanpo utzi. Eskura dituen bide guztiez baliatzen ari da presio egiteko, HDP hauteskunde lehiatik kanpo gera dadin. Bi blokeko hauteskunde sistema bat ezarri nahi dute Turkian: bata, islam politikoak ordezkatua, eta bestea, «turkiar sekulartzat» jo dezakeguna. Gu, berriz, hirugarren bidea proposatzen duen bloke demokratikoa gara.

Zer diote inkestek?

Bi bloke horietako bakar batek ere ez duela modurik izango bere kabuz hauteskundeetan garaile irteteko; eta hor sartzen da jokoan gure bidea, hirugarrena, oso litekeena baita HDPk babesten duen blokeak irabaztea presidentetza azkeneko itzulian. Horregatik, gobernua HDPri eta kurduei erasotzeko erabiltzen ari da kanpaina. Gu giza eskubideen alde gaude, libertateen, berdintasunaren eta demokrazia erabatekoaren alde. AKPren eta MHPren faxismoa, berriz, boterean irauteko, prest dago legez kanpoko edozein gauza egiteko. HDP, beste alderdi batzuekin batera, koalizio bat eratzen ari da, Lana eta libertatea izena jarri dioguna, barnean hartzen dituena demokrata guztiak, giza eskubideen aldeztaileak, feministak eta sozialistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.