Kurdistanez ez ahazteko deia

Kurdistango Ilargi Gorriko ordezkariek diote nazioarteak ez ikusiarena egiten diola beren egoerari. Salatu dute EIko 2.000 bat preso dituztela Rojavan, eta ezin dutela haietaz arduratu.

Jamila Hami eta Shewan Beri Kurdistango Ilargi Gorria erakundeko kideak Gasteizen izan dira. AITOR ASPURU.
Gasteiz
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Jamila Hami eta Shewan Beri dira Heyva-Sor (Kurdistango Ilargi Gorria) erakundeko ordezkariak. Siriako eta Irakeko iparraldean errotuta dago gobernuz kanpoko erakunde hori, eta osasunaren esparrua lantzen dute 700 langilek eta milaka boluntariok. Raqqako, Kobaneko eta Afringo borroketan egon dira, besteak beste, eta lehenengo aldiz etorri dira Europara euren aldarrikapenekin.

Eusko Legebiltzarreko taldeekin batu ziren urrian, epe luzera proiektua babestu dezaten: «Rojavan 4.000 pertsona inguruk galdu dute eskua edo hanka gerraren ondorioz. Umeak, emakumeak eta borrokalariak dira, denetarik. Eskatu dugu protesien zentroan lagundu dezatela. Alderdiek erantzun digute aztertuko dutela. Enpatia topatu dugu hemen».

Egonaldia ez zuten soilik Euskal Herrian egin; proiektu garrantzitsuen finantzaketa lortzeko, eta premiazko helburuak betetze aldera, birak lurralde gehiagotara eraman ditu. Berez, Kurdistango Ilargi Gorriak bi xede ekarri zituen Europara. Alde batetik, Irak eta Siria arteko mugaren iraupena bermatzea: «Nazio Batuen 2393. muga da, eta guk eta bestelako GKEek hortik jasotzen ditugu bidalketak. Guretzat ezinbestekoa da irekita jarraitzea. Turkiako muga itxita dago, eta Irakeko Kurdistango Gobernu Autonomoarekin badugu beste bat, baina ez da ofiziala, eta, turkiarrek politikoki eragin handia dutenez hor, noizbait itxi dezakete». Muga horrek iraun dezan, Frantziako Estatuko ordezkariekin bildu ziren, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeko kide iraunkorra baita.

Bidaiaren hirugarren zutabea ziren EI Estatu Islamikoaren preso atzerritarrak: «Daex-en [EIren akronimoa arabieraz] 2.000 preso inguru ditugu Rojavan, kanpaleku berezietan. Gehienak emakumeak eta umeak dira, eta guk ezin dugu ardura hori hartu. Siria Iparraldeko Autoadministrazioak ez du gaitasunik komunitateetan gizarteratzeko, eta errefuxiatu kanpamentu arruntetan ez dituzte onartuko. Siriako eta Irakeko desplazatuek, Mosulgoek, adibidez, ez dituzte nahiko euren artean».

Egoera ez da, inondik inora, erraza. Alde batetik, presoak jihadistak eta muturreko islamistak dira, eta, bestetik, asko umeak dira. «Jatorrizko herrialdeek ardura hori hartu beharko lukete, gutxienez, umeengatik. Haiek ez dira errudunak, eta hezkuntza edota komunitatearen zaintza jasotzeko eskubidea dute. Guk ezin dugu bermatu».

Guztira, 44 herrialdetakoak dira gatibuak, eta ez bakarrik europarrak, errusiarrak eta txinatarrak ere bai baitaude. Hala ere, Hamik eta Berik nabarmendu nahi dute gatazkaren muina politikoa dela: «Errefuxiatuak hartzeko ez dugu arazorik, baina hauek ez dira errefuxiatuak. Haien beharrak eta osasuna guk ase behar ditugu, eta, horretarako, kontu handiz hautatu behar ditugu Estatu Islamikoaren presoekin lan egiten duten pertsonak. Rojava txikia da, eta jende orok pairatu du Daex-en bortizkeria. Kurduen eta EIren mentalitateak kontrakoak dira; ondorioz, hemen ezin dira geratu. Guk giza eskubideak maite ditugu, eta haiek, ez».

44 herrialde horien interes falta ikusita, gogoratu dute munduak zorra duela kurduekin nolabait, eta beharra dagoela presoen korapiloa modu egokian askatzeko: «Bartzelonan, Parisen edo Bruselan Estatu Islamikoak erasoak egin ditu, baina ez da ahaztu behar Daex-en aurkako frontearen lehen lerroa herri kurdua izan dela».

Bonbardaketa kimikoak

Munduaren axolagabekeria aipatzean, Hamik eta Berik buruan dute etengabe Afringo egoera. «Kantoiko 100.000 lagun baino gehiago errefuxiatu bilakatu dira Shaban eta Tal Rifaaten».

Turkiak eta hainbat talde jihadistak joan den urtarrilean kantoi kurdua inbaditu zutenean, biak buru-belarri sartu ziren gerran. Hamik Heyva Sorreko lanak koordinatzen zituen frontean, eta haren anbulantziei hainbat aldiz eraso zieten. «Alde guztietako borrokalariak eta zibilak artatzen ditugu, baina jomugan jarri gintuzten turkiarrek».

Berik, ordea, zaurituen eta hildakoen informazioa batzen zuen datuak zabaltzeko: «Harremanetan gauden guztiokin partekatu genituen; oso jende gutxik erantzun zuen, eta inoiz ez gobernuek. Gobernuentzat garrantzitsuagoa zen Turkiarekin harremana mantentzea. Gertatu zitzaiguna basakeria izan zen, eta inork ez zuen ezer salatu».

Kurduek askotan sufritu dituzte sarraskiak, eta nazioarteko komunitateak askotan erantzun die arduragabekeriaz. Saddam Husseinen eraso kimikoak ezagunak bilakatu dira denboraren poderioz, baina Afringo inbasioan, orain dela hilabete gutxi, bi kasu dokumentatu zituen Heyva Sorrek. «Raqqako askapena prestatzerakoan, eraso kimikoetan trebatu gintuzten Human Rights Watchek eta Nazio Batuek. Izan ere, bagenekien Daex-ek horrelako armak zituela. Afrinen, gas kloroa baliatu zuten Turkiak eta talde jihadistek birritan».

Okerrena da inbasioak «garbiketa etnikoa» abiatu duela kantoian: «Azpiegiturak suntsitu ostean —urarena, adibidez—, kurduen aztarnak ezabatzen ari dira —olibondoak moztu, aurreko tenpluak txikitu...—. Larriena da aldaketa demografikoa eragiten ari direla. Kurduak bota eta gero, Ghutako islamistak ekarri ditu Turkiak, eta etxebizitzak eman dizkie».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.