LIBURU AURRERAPENA

Kurdistan. Argi bat Ekialde Hurbilean

Liburu honek bidaia bat proposatzen du herri kurduaren historian. Izan ere, Ekialde Hurbileko herririk garrantzitsuenetakoa osatzen dute kurduek, eta, azken urteetan, Rojava bera utopiaren sinonimo bilakatu da, oasi bat fundamentalismoaren basamortuan.

SARA DE CEANO-VIVAS NUÑEZ.
urtzirrutikoetxea
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun

EGUZKIA OMENDUZ

«Newroz ospatzera zatoz? Itzela izango da», esan zidan martxoko egun hotz batean Van hiriko (Wan kurdueraz) ostatuko nagusiak. Diyarbakirrera (Amed), kurduen hiriburura abiatzekotan nintzen; bidean, lehenengo suak ikusi nituen autobuseko leihotik, eta neska-mutilak inguruan —gutxi behar dute kurduek eskutik helduta dantzan hasteko, gero eta ilara luzeagoan, inork dultzainari edo danborrari ekindakoan—.

Nagusiki musulmana den eskualde zabal batean ospatzen dute Newroz; islama baino lehenagokoa den era batean ospatu ere, kontraesanik gabe. Kurduen kasuan, Kawa errementariak Dehak tiranoa garaitu zuenekoa omentzen dute martxoaren 21ean urterik urte, mendietan sua piztuz, eguzkiaren sinboloa. (...) Kirkuketik itzuleran, hango petrolio-hobiak, pexmergen kontrolguneak eta ibilgailu blindatuen hiria atzean utzita berriz Arbilen geundela, bertako merkatari batek bota zidan ea ba ote nekien Betleemen jaiotako haurtxoaren istorioa. Nik baietz, noski. «Eta gogoan dituzu nola ageri diren kondairan hiru errege, ekialdetik izar bati jarraika Palestinara bidean? Gure arbasoak ziren». Zalantzan eutsi nion kontakizunari, burlaizez ote ziharduen, inguruan oso serio kontatzen zutela ohartu arte: Mediterraneoan eta Palestinan ekialdera joanda, zein beste herri zegoen, bada? Mago edo magii haiek mendebaldeko herri irandarretako apaiz zoroastroarrak ziren, Media lurraldekoak hain zuzen ere. Irandar jatorriko herri hori Zagros mendien mendebaldera bizi izan zen, egungo Kurdistanen, asiriar erregeen aurka. [...]

JINEOLOJI, EMAKUMEA AHALDUNTZEKO

«Sakine Cansiz eta beste emakume kide batzuk egotea ezinbestekoa izan zen, eta harmonia egotea …calanen eta haien artean», dio Maryan Fatthi Bilbon bizi den kurduak. «Emakume horien tinkotasunak eta argitasunak lagundu diote Aporen argitasunari. Gizon bizkorra da, bazekien Kurdistaneko boterearen %50 etxeetan giltzapetuta zegoela, hezkuntza amen esku zegoela; seme-alabak heztea betebeharra da». [...]

1980ko estatu-kolpeak ekarritako errepresioaren ondorioz, «milaka gizon kurdu atxilotzeak emakumeak rol aktiboagoa hartzera eraman zituen, familian eta gizartean», dio Aliza Marcusek. «Senideen espetxeratzearen edo hilketaren aurka protesta egin zuten emakume asko atxilotu egin zituzten; giltzapean sexu-erasoak egin, eta espetxeratu egin zituzten. Espetxeak hezkuntza politikorako leku garrantzitsu bihurtu ziren», dio Ina Merdjanovak. Gerra okertu ahala, feudalismoak indarra zeukan herrietako egitura ere apurtu eta milaka herritar hirietara joan ziren; beste askok, berriz, mendira jo zuten. PKKren gerrillan hasieratik izan ziren emakumeak (...). 1993rako, hiru gerrillaritik bat emakumea zen. 1995ean sortu zen emakumeen gerrilla (PAJK). Haren prestakuntzan bi urtez egon zirenetako bat Anja Flach soziologo alemana izan zen. Borroka armatua hautatzeko motiboen artean, gehienek familia-giro itogarria zutela aipatzen du Flachek, ezkontza hitzartuetatik ihesi egitea bereziki. Beste batzuek, berriz, hildako senideak mendekatzeko egiten zuten, edo askapen nazionalagatik, baita kontzientzia feministaz ere. Emakume gerrillarien %40 eskolagabeak ziren eta %30ek lehen hezkuntza zuten egina; unibertsitatean ibilitakoak %10 ziren. PKKren barruko emakume-armada sortzearekin batera, lana generoka banatzea ere ezabatu zen, eta gizonek ere kozinatu eta arropak garbizeko ardura hartu zuten. [...]

HIZKUNTZA DEBEKATUA

Hiriburuan, Euskal Herritik eramandako hainbat esperientzia jartzen ari zen abian udala, kurdueraren erabilera bultzatzeko. Sinetsita zegoen erabilera oso apala izan arren ezagutza guztiz zabala zela, eta bultzada egoki batekin berriz ere azaleratuko zuela. Autobusean gidariari kurdueraz dei egitean, jendearen begiradak igarri genituen. «Ikusten? Ez daude ohituta, baina denek ulertzen dute». «Euskaraz bizi nahi dut» eta antzeko afixen kurduerazko bertsioak zeuzkaten, posible zuten leku guztietan banatzeko.

Eremu askotan ziharduten lanean, baina zalantzarik gabe eskolak ziren zirraragarriena, gurasoak eskola kanpoan hunkituta ikusiz, malkoari doi-doi eusten, umeek kurdueraz egiten zutela jabetuta. Udalaren barruan dagoen haur-eskolen saretik gainerako udal askotara hedatu zen esperientzia. Bake-prozesua zapuztuta zegoen, baina Derince sinetsita zegoen hizkuntzaren aldeko borrokari eutsiko ziotela, eremu politiko-militarreko gorabeheren gainetik. Uda hartan bertan, baina, estatu-kolpeak dena birrindu zuen. Kolpearen atzean ez zeuden kurduak, hori begi-bistakoa zen, eta zenbait astez Erdoganen amorrua sakoneko estatutik hura bultzatu zuten sektoreetara bideratu zen. Baina abuzturako, kurduengana jo zuen: hedabideak itxi, alkateak espetxeratu, gobernuak izendatutako udal-agintariak jarri, eta horiek, lehen neurri gisa, seinale elebidunak kendu eta kurduerazko eskolak itxi edo turkierazko edo erlijio-ikastetxe bihurtu zituzten. [...]

HIRU KURDISTAN ETA TURKIA BAKARRA (ORAINA ETA GEROA)

Ondo dakite kurduek ez Washingtonek, ez Moskuk, are gutxiago Ekialde Hurbileko erregimenek ez dutela inolako interesik Kurdistaneko herritarren ahalduntzean, edo inolako autonomian edo subiranotasunean. Eta berriz ikusi dute nola babestu eta hauspotu dituzten Daexen aurka beharrezko izan direnean, eta nola utzi dituzten botata bataren edo bestearen helburua lortutakoan, bidean milaka gazte kurduk bizia eman arren. Donald Trumpen iritsierak egoera okertu baino ez zuen egin, eta 2018 amaierarako dimisioa eman zuten Jim Mattis Defentsa idazkariak eta Brett McGurkek, AEBetako Gobernuak Sirian zeukan arduradun nagusiak. (...)

Munduko arreta Itsaso Beltzaren iparraldean jarri den bitartean, handik gertu, hegoaldeko kostaldetik, Anatolian, Mesopotamian... ehunka mila lagun etxerik gabe desplazatuta daude amaierarik ez duen gerra batean. 2022ko urtarrilean, Raqqa eta Mosul galdu zituztenetik Estatu Islamikoak egindako erasorik bortitzenetako bat gertatu zen, Hasakah-ko Al-Sina espetxearen aurka, 4.000 jihadista inguru preso baitziren han. Kanpotik erasoa eta barrutik matxinada, hamar egunez luzatu ziren borrokak, urtarrilaren 20tik 30era, harik eta SDFko borrokalari kurduek berriz ere kontrola hartu zuten arte. Ehunka presok egin zuten ihes: 400ek, datu ofizialen arabera, mila baino gehiago berriz atzeman eta gero. (...) Nazioarteko erakundeek hartu nahi ez duten ardura haien bizkar geratu da; Mendebaldea seguruago egoteko, 154 familiak euren kide kutunak galdu zituzten. [...]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.