Batmango alkate kargugabetua

Gulistan Sonuk: «Kudeatzaileak izendatzea herriaren borondatearen aurkako erasoa da»

Azaro hasieran, Kurdistango Mardin, Batman eta Halfeti herrietarako kudeatzaileak izendatu zituen Turkiak. DEM alderdi kurdua zegoen agintean hiru udaletan. Sonuken esanetan, Ankarak ez zien inolako jakinarazpen ofizialik egin agintetik kendu aurretik.

Gulistan Sonuk, Batmango alkate kargugabetua. BERRIA
Gulistan Sonuk, Batmango alkate kargugabetua. BERRIA
Orsola Casagrande - Kiera Henderson
2024ko azaroaren 12a
05:00
Entzun

Azaroaren 4an, Turkiako Barne Ministerioak kudeatzaileak ezarri zituen Mardin, Batman eta Halfeti udalerrietan, Kurdistanen. Hiru hiri horiek DEM Herrien Berdintasunaren eta Demokraziaren aldeko Alderdiak gobernatzen ditu. Komisarioak izendatu ondoren, Batmango herritarrak, emakumeak eta gazteak buru zituztela, berehala atera ziren kalera protesta egitera. Geroztik, 173 lagun atxilotu dituzte, tartean 56 adingabe. Hala salatu dute DEMeko abokatuek.

Gulistan Sonuk alkateak (Kozluk, Kurdistan, 1993) azaldu duenez, Poliziak udaletxea blokeatu eta sartzea debekatu zienean jakin zuten Turkiako Gobernuak beste kudeatzaile batzuk izendatu zituela; aurrez ez zuten inolako ohartarazpen ofizialik jaso: «Udaletxera goizean goiz iritsi ginenean, sartzea ukatu ziguten».

Zein da esku hartze horren helburua?

Komisarioen izendapen hauek kultura kurduaren, hizkuntza kurduaren eta politika kurduaren aurkako urraketa eta eraso larriak dira AKPren [Justiziaren eta Garapenaren Aldeko Alderdia] eta MHPren [Mugimendu Nazionalistaren Alderdia] gobernu faxistaren aldetik. Urte asko daramatzagu eraso hauen aurka borrokan. Ez da lehen aldia demokratikoki eta askatasunez bozkatu eta alkateak aukeratu dituen herriaren borondatea urratzen duena. 2016an hasi ziren komisarioen esku hartzeak; 2019an ere izan ziren, eta orain ere badira.

Hainbat arrazoi daude honen atzean. Lehenik, herriak bere burua gobernatzeko duen borondatea ezabatu nahi dute. DEMek sustatzen duen autogobernu ereduaren aurkako eraso argia da. Izan ere, gure kudeaketa ereduetan ez dago erabakiak goitik hartzerik. Erabaki guztiak gure herritarrei jakinarazita eta haiekin adostuta hartzen dira. Eraso hauek kudeaketa eredu horren aurkakoak dira. Gure administrazioak benetan balioa ematen dio kultura kurduari, eta horixe ezabatu nahi du gobernuak. Bestela esanda, AKP-MHPren gobernuak kurduen kultura eta emakumeen eta gazteen borondatea zapaldu nahi ditu, gizartea erabat kontrolatu ahal izateko.

Zergatik hiru hiri hauek eta zergatik orain?

Kultura, talde etniko eta sinesmen anitzeko hiria da Mardin. Elkarbizitza eredua da nazio askorentzat. Bertan, kurduak, arabiarrak, yazidiak, musulmanak eta kristauak bizi dira, eta hori da, hain zuzen ere, hautsi nahi den elkarbizitza eredua. Gainera, Ahmet Turk alkatekidea politika kurduaren eta erresistentziaren ikur bihurtu da.

«Gure administrazioak balioa ematen dio kultura kurduari, eta horixe ezabatu nahi du Turkiako Gobernuak»

Halfetin eta Batmanen ere elkarbizitza sustatzen ari gara. Saiatzen ari gara gure tokiko gobernuak modernitate demokratikoak proposatutako ereduaren arabera eratzen. Bide horretan, AKP-MHPren gobernuaren jomuga bihurtu da denak barne hartzen dituen autogobernu eredua. Batmanen kasuan,  AKPk azken 81 urteetan boto gutxien jaso duen hiria da. Gainera, jomuga argia bihurtu zen lehen aldiz emakume bat aukeratu zutelako alkate kargurako. Boto kopuru handiarekin, gainera.

3.000 pertsona baino gehiagoko martxa batean udaletxera joan ginenean, komisarioak eta garai hartako gobernadoreak agindu zuten F-16 hegazkinek hegan egin zezatela hiriaren gainetik. Mehatxu gogorra izan zen, baina emakumeek kalean jarraitu zuten. Zortzi hilabetez emakumeek kudeatutako egiturak legez kanpo utzi nahian zebilen gobernadorea alkate izendatu dute gaur.

Nola erantzun dio Kurdistango herriak Turkiaren kolpeari?

Herriak protesta egiteko eta aurre egiteko duen eskubidea legitimoa da. Gaur egun usurpazioren bat nonbait baldin bada, ezin da espero isilik geratzerik. Ez gara etxean zain geratuko. Guk geuk erabakiko dugu prozesu hau. Herri kurduak ez du bere udala desjabetzen utziko. Tortura dago, atxiloketak daude, baina ez da errepresio hau jasan behar dugun lehen aldia. Erresistentzia historia luzea dugu. Eta eutsiko diogu.

Atxilotuak ere ugari izan dira, ordea.

Ez gara mehatxuengatik, presioengatik, indarkeriagatik kikilduko. Erresistentziak garaipenera garamatza, eta, beraz, aurre egiten jarraituko dugu. Lehen egunetik eutsi diogu Batmanen, bai emakume feministekin, bai gure alderdikideekin eta bai hauteskunde garaian sortutako aliantzetako alderdiekin.

Erantzun handiena kalean emango dugu. Izan ere, udalerriak ez ditugu etxean eserita egonik irabazten, kalean baizik. Horregatik, gure eginbeharra da herriak gure esku utzi duen borondatea ahalik eta gogorren defendatzea eta ordezkatzea.

Nazioartean izan dira erreakzioak kudeatzaileen izendapenen harira. Zer egin daiteke kanpotik?

Baina ez lirateke prentsa ohar edo adierazpenetara mugatu behar. Agian, nazioarteko giza eskubideen defendatzaileek, lege defendatzaileek, gure hirietara etorri beharko lukete. Hona etorri eta ikusi behar dute zer gertatzen den. Bestalde, garrantzitsua da komunikabideek bere agendan sartzea hemen gertatzen ari dena.

Polizia bortizki eta neurriz kanpoko indarra erabiliz erasotzen ari da. Izan ere, prentsan zabaldu beharko lirateke Batmanen gertatutako torturaren irudiak, baita erresistentzia irudiak ere.

Mundu osoko emakumeei egiten diegu dei bereziki, bertan zapaltzen ari diren emakumeen borondatea babes dezaten. Emakume guztiei dei egiten diegu zapalkuntza instituzionalizatu honen aurkako lehen lerroan gurekin batera egotera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.