Lehen aldia zuen Raul CastrokNew Yorkeko NBEko Batzar Nagusietan Kubako estatuburu gisara. Eta aukera aprobetxatu du bahimenduaren amaiera eskatzeko. NBEn emaniko lehen hitzaldian, agintariak Kubaren eta AEBen arteko harreman diplomatikoen ezarpena goraipatu du, eta ontzat eman ditu Barack Obama presidentearen agindupean AEBek emandako pausoak. Halere, nahikoa ez dela ohartarazi du: «Mende erdia baino gehiago irauten du blokeo ekonomikoak, eta Kubaren garapenerako oztoporik handiena da».
Urtetik urtera, Kubak bahimenduaren aurkako testu bat bultzatzen du NBEn, eta kide gehienek ebazpenaren alde egin ohi dute. Washington aldeko botoa ematetik urrun badago ere, aurka ez bozkatzeko aukera ari da aztertzen lehen aldiz. Etxe Zuriak oraindik ez du aditzera eman zer jarrera hartuko duen. Izan ere, Obamak behin baino gehiagotan eskatu dio AEBetako Kongresuari bahimendua altxatzeko, baina ezezkoa jaso du denetan.
«Blokeoak kalte egiten dio Kubako herriari eta beste herrialde batzuei ere. AEBetako herritarrei eta enpresei ere eragiten die», adierazi du Castrok. Kubak salatu duenez, 1962an AEBek blokeoa ezarri zutenetik, 830.000 milioi dolarretik gorako —741.000 milioi eurotik gorako— kalteak eragin dizkio uharteari.
Txirotasunari buruz hitz egin du Kubako presidenteak Garapen Iraunkorreko Bilkuran, eta salatu du iparraldeko herrialdeen eta hegoaldekoen arteko desberdintasunak handiagoak direla. «Dirudunak eta konpainia multinazionalak gero eta aberatsagoak dira, eta txiroen, langabetuen eta etxebizitzarik gabekoen kopuruak gora egiten du austeritate politika krudelen ondorioz». Europako ateei joka iristen diren iheslariak ere aipatu ditu. «Beste batzuek sortutako gerretatik ihesi egiten dute».
Nazioarteko beste «finantza arkitektura» bat proposatu du Kubako presidenteak. «Monopolio teknologikoa deuseztatu behar da, eta indarrean dagoen eredu ekonomikoa aldatu». Herrialde industrializatuenei eskatu die «zor historikoa» onartzeko. «Baliabide falta ez da aitzakia urtean 1,7 milioi dolar baino gehiago gastatzen direnean armetan».
Castrok bihar hartuko du hitza berriro ere NBEko gainerako kideen aurrean. Obama ere bihar da New Yorkera iristekoa, bainaez dute zehaztu bien arteko aurrez aurreko bilkurarik egongo ote den. Bi agintariek harremanak berrezartzeko prozesua hasi zuten iazko abenduan, Gerra Hotzeko etsaitasuna atzean utzita. Bahimenduaren amaierarekin bukatu beharko luke Habanaren eta Washingtonen gerturatzeak.
Kubako bahimendua amaitzeko eskatu du Castrok estreinakoz NBEn
NBEn emaniko lehen hitzaldian, Castrok Washingtonek hartutako norabidea goraipatu du, baina salatu du blokeoa indarrean dagoela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu