Aldatu ala hil. Joan den abenduaren 18an ohartarazi zuen Raul Castro Kubako presidenteak Asanblea Nazionalaren aurrean: «Gure bidea zuzentzen ez badugu, agortu egingo zaigu amildegiaren ertzean zutik jarraitzeko denbora. Itotzen ari gara. Eta ito egingo ditugu belaunaldi osoen eginahalak». Uhartearen hondoratzea saihesteko, plan gogorra jarri du martxan Castrok: «Lanaren berrantolaketa» deiturikoa. Prozesuaren lehen faseak milioi erdi lanpostu publiko kenduko ditu urtea amaitu baino lehen, Kubako langileen %10. Eta hiru urteren buruan, 1.300.000 funtzionario kaleratu nahi ditu gobernuak, langile publikoen %25.
Oraingoz, bost ministeriok hasi dute langileak kaleratzeko prozesua: Azukre Industriak, Nekazaritzak, Eraikuntzak, Osasun Publikoak eta Turismoak. Gobernuaren aurreikuspenen arabera, estatuko 146.000 langilek lana galduko dute, eta beste 351.000 funtzionario «lan independenteetara» pasatuko dira. Izan ere, Castroren asmoa sektore pribatua sustatzea da. Gobernuak espero du 2016an kubatarren %50 sektore pribatuan ariko direla lanean.
Nolanahi ere, orain arteko eredu ekonomikoa horrenbeste aldatzea ez da lan erraza izango 2011ra arte ekonomiaren %90 estatuaren esku izan duen herrialdean. Lan pribatua sustatzearen aldeko aldaketa honi «eredu sozialistaren eguneratzea» deitu zion abenduan Castrok, eta apirilean Alderdi Komunistaren VI. Kongresuak berretsi egin beharko du. AEB Ameriketako Estatu Batuen bahimendu ekonomikoak, mundu mailako krisi ekonomikoak eta orain artean Kubako Gobernuak erabili duen eredu ekonomikoaren hutsek bultzatu dute, batez ere, «eredu sozialistaren gaurkotzea».
Lantoki bakoitzean kaleratuko dituzten funtzionarioak zeintzuk diren erabakitzeko, «adituen batzordeak» sortuko dituzte aurrerantzean. Batzordekideen artean egongo dira beti CTC Kubako Langileen Zentrala sindikatu bakarreko kideak. «Langileen benetako ordezkariak izan behar dute batzordeok, faboritismoa, nepotismoa, paternalismoa eta horrelako gaitzak saihestuz», eskatu du Salvador Mesa CTCko buruak. «Inor ez da babesik gabe geratuko», gaineratu du gobernuak.
Berrantolaketa, gaurkotzea edo langabezia deitu, ukaezina da eredu aldaketa kubatarrengan sortzen ari den zalantza. Aurrerantzean, «erabilgarriak ez diren lanpostu publikoak» dituztenek, kaleratu ostean, lan egindako hamar urteko hileko bat jasoko dute ordainsari gisa. Hamalau eurokoa da gutxi gorabehera Kubako batez besteko soldata.
Lan pribatua, ordainetan
Langabezian geratuko diren milaka kubatarri bi aterabide emango dizkiete: gutxiengo batek aukera izango du sektore publikoko beste postu batean lanean jarraitzeko, eta gehiengoari sektore pribatuan lan egiteko aukera emango dio Kubako Gobernuak. Dagoeneko, 100.000 herritar baino gehiago hasi dira autonomo edo enpresari txiki bihurtzeko izapideak egiten. Xede hirukoitza du presidenteak lan pribatua bultzatzearekin: kaleratuei aterabide bat eskaintzea, zerga gehiago jasotzea eta Kubako ekonomiaren egoera hobetzea.
Aldaketa garaia hasi besterik ez da egin Kuban, eta oraindik ikusteko dago zelan erantzungo duen gizarteak. Neurri honetako eredu aldaketak ekonomia moldeak aldatzeaz gain pentsamoldea aldatu beharra ere ekarriko du. Granma egunkariak 2011k ekarriko dituen zailtasunen jakitun agurtu zuen abendua, hamarkada «Iraultzaren barneko iraultzarekin» bukatu dutela aitortuz eta aurten herrialde «ezberdina» eraikiko dutela iragarriz.
Kubak milioi erdi lanpostu publiko kentzeari ekin dio eredua aldatzeko
Sektore pribatua bultzatuko du Raul Castrok, funtzionario kopurua gutxitu eta ekonomia hobetzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu