Ondo armatutako matxinoek Burundiko armadaren bi kuarteli eraso zieten Bujumbura hiriburuan, atzo goizaldean, eta borroketan gutxienez hamabi erasotzaile hil eta 21 atxilotu zituzten. Mujejuru hirian ere base militar bati eraso egin zioten, maiatzeko estatu kolpe saiotik herrialdean izan diren borroka gogorrenetan. Hainbat eragilek ohartarazi dute gerra zibilaren atarian dagoela Burundi.
Bujumburan, soldadu eskola batean eta Ngagara auzoko base militarrean sartzen saiatu ziren matxinoak, eta, hiriburutik 40 bat kilometrora, beste base militar bati eraso zioten Mujejurun. «Soldaduak erne zeuden, eta erasotzaileei aurre egin zieten», esan du armadako bozeramaile Gaspard Baratuza koronelak. Erasotzaileen asmoa kuartel militarretatik armak eta munizioak hartu eta ondoren Mpimbako kartzela nagusiari erasotzea zen, presoak askatzeko. Hala jakinarazi du Baratuza koronelak: atxilotutako matxinoek «aitortu» bide dute eraso koordinatuen helburua.
Zortzi hilabete badira Burundin Pierre Nkurunziza presidentearen kontrako protestak hasi zirenetik. Konstituzioa aldarazi egin zuen apirilean, hirugarren agintaldira aurkeztu ahal izateko, eta uztailean hautatu zuten berriro presidente. Tartean, maiatzean, estatu kolpe saio bat ere izan zen Burundin, nahasia —presidenteak berak antolatu zuela dioenik ere bada, aurkariei aurrea hartzeko—, eta, ordutik, etengabeak izan dira segurtasun indarren jazartze operazioak eta borroka armatuak. 200 hildako baino gehiago izan dira.
Hegaldiak bertan behera
Egoera «kontrolpean» dutela nabarmendu zuen atzo Burundiko armadak, eta hiriburu inguruko errepide nagusiak moztu egin zituzten. Baina tokiko hedabideek egun guztian tiro hotsen berri eman zuten hiriburuan, eta Bujumburako auzoetan artilleria ere baliatu zutela eman zuten aditzera. Erasoetan bost militar zauritu zirela jakinarazi du Baratuzak, baina, aurrez, bost militar hil zirela esan zioten Reuters agentziari soldaduek.
Burundiko egoera nahasiagatik, Kenya Airways eta RwandAir konpainiek hegaldiak eten egin zituzten atzo Bujumbura hiriburuko aireportura.
Burundin 300.000 heriotza inguru eragin zituen gerra zibilak (1993-2005), hutu eta tutsi etnien arteko borroka betean. Sarraskia bake akordio batekin amaitu zuten, eta, ordutik, Pierre Nkurunziza da presidente. Azken urtean 300.000 herritarrek egin dute ihes Burunditik, eta NBEk gogor esku hartzeko eskatu dio Afrikako Batasunari.
Kuartelei eraso diete Burundin
Bujumburan hamabi erasotzaile hil dira, maiatzeko estatu kolpe saiotik izaniko borroka larrienetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu