Sargori esnatu da Greziako Lesbos uhartea. Bart gauean ez zen hodeirik ageri. Oskarbi egon da, eta, biluztasun horregatik eta naturaren legea beteta, gandua da nagusi irlatik Turkiara dauden zazpi kilometroen artean. Hango mendikateak hala moduz irudika daitezke. Mitilene hiriburuaren kanpoaldean, bero sapatik ihesean eta itzalaren bila dabiltza errepide bazterrean daude lau katu, nola furgoneta zuri baten azpira sartuz hala sasietan ezkutatuz. Haien atzean bi solairuko etxe zuri bat dago, balkoian Greziako bandera higatua mastan gora igota; eta lehen solairuan, Zaporeak GKE gobernuz kanpoko erakundearen logo koloreztatua. Eraikinera gerturatu ahala, janari usainak harrapatu ditu guztiak, baita katuak ere, han prestatzen baitituzte egunero 2.200 errazio irlara herio bizian heltzen diren iheslarientzat.
Ikusi gehiago:ESPETXE IZATERA KONDENATUTA
Donostiako Intxaurrondo auzoan eratutako elkartearen sukaldea Mitilenetik hogei bat minutura dago autoz. 08:30etik lanean jo eta ke dabiltzan hamar kide agurtu ditu Helena Ruiz de Azuak, eta, haiek, euskaraz, ingelesez edo irribarre batekin erantzun diote berehala. Duela zazpi urte hasi zen boluntario gisa Zaporeak-en, «iheslarien alde zerbait egiteko beharrak» bultzatuta. Aurrena, Euskal Herrian aurrena; gero, Kios uhartean (Grezia); eta, orain, Lesbosen ari da lanean buru-belarri, komunikazio arduradun.
Lau boluntarioez gain, beste sei pertsona dituzte kontratupean sukaldeko lanean, eta guztiak dira iheslariak. «Ez du zentzurik iheslariak gure proiektuaren parte ez izateak; erdigunean jarri behar ditugu. Haiek dakite ondoen GKE batek nola egokitu behar duen euren behar, gustu eta ohituretara», azaldu du Ruiz de Azuak. Hauxe eguneko menua: entsalada txitxirioekin, pita ogi erdia eta mertxika bana. Janari «osasuntsua» eta «kalitatezkoa» ematen diete iheslariei, gehienentzat Zaporeak-ek prestatutako otordua, «osagarri» zena, «beharrezko» bihurtu delako. Fagor Taldeak eman dizkio berriki kozinatzeko lurrun makinak.
Mahai luze baten itzulian, lau lagun aza mozten ari dira labana banarekin. Cristina da horietako bat. Gasteiztar hori eta haren senarra aireportutik zuzenean sukaldera sartu ziren. «Jendeak fin egiten du lan. Iheslarien eta boluntarioen artean harreman eta giro oso ona dugu, eta horrek asko errazten du». Biak pentsiodunak direnez, denbora librea zerbaitetan igarotzeko aukera gisa hartu zuten Mitilenera etortzea, «iheslariei laguntzeko».
Ikusi gehiago:«Hil edo biziko uneak bizi nituen bidaian; inoiz halako beldurrik ez nuen sentitu»
Ez da gazterik falta sukaldean. Letxuga birrintzeko lanean dihardu Izarok. «Ikasten ari naiz. Lehen egunean galdu samar ibili nintzen, baina jendea gehiago ezagutu ahala, askoz hobeto», esan du 22 urteko tuterarrak. Zazpi orduko lanaldia izan ohi dute, astelehenetik larunbatera. Aurrez, Izaroren lagun bat aritu zen Zaporeak-en proiektuan, eta Lesbosera joateko gomendatu zion, eta ez zuen bitan pentsatu: «Bestelako errealitate batekin egin dut topo. Iheslariekin hitz egiteko, hizkuntza oztopoa da, baina oso jatorrak dira, esker onekoak». Cristinaren gisan, Izarok ere elkartasunerako deia egin dio euskal gizarteari.
Euskal Herritik bakarrik ez, Zaporeak-ek nazioarteko beste herrialdeetatik ere jaso du boluntario gisa aritzeko prestasuna. Nondik, eta Mexikotik. Boluntarioen artean egun gehien daramatzana da Olivia: hamar. «Erakunde honek iheslarien alde egiten duen lan handiak erakarri ninduen». Aurrez, ez zekien Turkiatik Greziako uhartera milaka lagun heltzen zirenik, ezta zeintzuk diren EB Europako Batasunak indarrean dituen migrazio politika «zorrotzak» ere. «Orain, badakit Europak zergatik nahi dituen migratzaileak Lesbosen gerarazi».
Oliviak aukera izan du Kara Tepeko kanpalekua barrutik ezagutzeko. «Ikaragarria da hango egoera. 2.000 erraziotik gora banatu arren, nahi baino janari gutxiago heltzen zaie hainbati, eta egunetik egunera, jende gehiagori. Oso gogorra da. Ahalegin guztia egingo dugu jendea gosez hil ez dadin».
Zaporeak-eko lantaldeak boluntarioei beti esan izan die «mentalki indartsu» joan behar dutela Kara Tepera. «Kanpalekura sartzean, haur eta emakume piloarekin topo egiten dute». Ruiz de Azuarentzat, une hori izaten da latzena. «2.200 errazio prestatzen ditugunez eta 3.200 lagun daudenez, mila iheslari janaririk gabe uzten ditugu. Denbora asko igarotzen dute ilaran zain, eguzkipean». Medikuek emandako irizpideak aintzat hartuta hartzen dituzte erabakiak Zaporeak-ekoek; besteak beste, eritasunaren, bularreko haurraren edota haurdunaldiaren arabera. «Halere, oso gogorra da erabakitzea guk prestatutako janaria edo esnea nori eman eta nori ez, gogoan izan behar baitugu elikatzea eskubide bat dela. Pertsona bati ezezkoa ematen diogunean, errudunak sentitzen gara».
Dena den, iheslarien erantzuna, oro har, «ona» izaten dela nabarmendu du. «Irribarreren bat edo keinuren bat egiten digutenean barruraino sartzen zaigu. Halere, batzuek ez digute eskertzen, kokoteraino daudelako. Guztiz ulertu behar zaie, oso injustua delako haien egoera».
EBren «utzikeria»
Greziako Gobernua migrazio krisiarekin nola jokatzen ari den itaunduta, EBn jarri du begirada Zaporeak-eko kideak, «kokapenagatik», Greziari tokatu zaiolako iheslarien olatua jasotzea. Talde komunitarioaren «utzikeria» salatu du: «Migrazio politikak ez dira batere onuragarriak iheslari eta asilo eskatzaileentzat». Horiek hala, «behar-beharrezkoa» dute Zaporeak bezalako GKEen laguntza. «Eusko Jaurlaritzaren finantzaketak bermatzen du 2.000 erraziotik gora ematea». Hain zuzen, 2018az geroztik, orotara, Jaurlaritzak 1,1 milioi euroko diru laguntza eman dio Zaporeak-i; urtero, 150.000 eta 200.000 euro artean. Bada, datorren urtean, diru laguntza handiagoa emango diola iragarri berri du Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak. Bestalde, luze gabe, ingurumenarekiko konpromisoa hartu nahi du GKEak, aluminiozko eta erabilera bakarreko edukiontziak erabiltzen dituztelako otorduetarako.
Ikusi gehiago:Emakumeen eta haurren babesleku
Horrek guztiak merezi du? «Noski. Komunitate bat eratzen duzu». Ruiz de Azuaren esanetan, Zaporeak-ek egiten duena «hondar aletxo bat besterik ez da», baina zerbait bada. «Nahiz eta diskriminazioa eta arrazismoa jasan, badakite gizartearen zati bat ez dagoela horren alde, Euskal Herria barne». Halere, eskaera argia bidali nahi izan dio euskal gizarteari: «Ez dezatela entzun migratzaileen aurka hauspotutako gorrotoaren diskurtsoa. Euskal herritarrok iheslariak izan ginen, eta, beraz, enpatia izan behar dugu iheslariekin. Aitortu behar dugu mendebaldeko estatuek iraganean arrastoa utzi zutela herrialde txirotuetan».
Lesbosko iheslariak. Zaporeak
Krudelkeriaren aurka, elkartasunaren indarra
Zaporeak GKEak Greziako Lesbos uhartean duen sukaldean izan da BERRIA. 2.200 anoa prestatzen dituzte egunero kanpalekuan dauden iheslarientzat. Egoerak okerrera egin du. Elkartearen helburua da migratzaile bakar bat ere ez uztea otordurik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu