Europako Batasuna

Kroazia Schengen eremuko kide izango da 2023an

Austriaren eta Herbehereen ezezko botoaren ondorioz, Bulgaria eta Errumania ez dira espazio bateratuaren barruan egongo.

Lucian Bode Errumaniako Barne ministroa eta Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteordea, gaur, Bruselan. OLVIER HOSLET / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 8a
17:38
Entzun

EB Europako Batasuneko Barne ministroek gaur erabaki dute Kroazia Schengen eremuaren parte izango dela 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera. Barne ministro guztiek aho batez onartu dute Kroazia mugarik gabeko espazioaren parte bihurtzea, baina ez da gauza bera gertatu Bulgariarekin eta Errumaniarekin. Izan ere, Ekialdeko Europako bi herrialde horiek Schengen eremuan sartu ala ez ere eztabaidatu dute gaur, baina Austriako eta Herbehereetako Barne ministroen ezezkoaren ondorioz, ez dira eremuaren parte izango oraingoz.

Bulgaria eta Errumania ez dira Schengen eremuaren parte ez diren EBko kide bakarrak; egoera berean daude Irlanda eta Zipre. Kroaziaren sarrerarekin, datorren urtea hasi bezain pronto, 27 herrialdek osatuko dute zirkulazio libreko Schengen eremua. EBko kide gehienak daude barruan, eta Islandia, Norvegia, Suitza eta Liechtenstein ere parte dira.

Schengen eremuaren barruan egoteak esan nahi du kide diren herrialdeen arteko mugak ezabatzen direla; hau da, edozein pertsona, espazio horren barruan dagoenean, libreki mugitu daiteke herrialde batetik bestera. Schengen eremuaren parte izateko, ordea, zenbait irizpide bete behar dituzte herrialdeek. Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteordeak adierazi du Kroazia, Bulgaria eta Errumania «teknikoki» prest zeudela Schengen eremura batzeko: «Eskatu geniena egin zuten. Are, eskatutakoa baino gehiago egin zuten».

Batzordeko presidenteordearentzat «bidegabea» da Bulgaria eta Errumaniari ezarri dieten betoa. Austriak bi herrialdeak sartzearen aurka egin du, eta Herbehereek, berriz, Bulgaria sartzearen aurka soilik. Schinasen arabera, betoak teknikoak baino gehiago, «politikoak» dira. Horregatik, Europako Batzordeko zenbait buruk nabarmendu dute «ahaleginak» egingo dituztela bi herrialde horiek Schengen eremuan sartzeko, «berandu baino lehen».

Migrazioa da Austriaren eta Herbehereen ezezkoaren arrazoi nagusia. Bulgariaren eta Errumaniaren mugetan «legez kanpoko migrazioa» kontrolatzerakoan «hutsuneak» dituztela argudiatu dute Barne ministroek.

Martin Kocher Austriako Barne ministroak gaur adierazi du Schengen eremuaren sistemak ez duela funtzionatzen «legez kanpoko migratzaileak» kontrolatzeko orduan: «Akats bat litzateke funtzionatzen ez duen sistema bat are gehiago handitzea. Aurten Austrian legez kanpoko 100.000 migratzaile sartu dira».

«Guztiz zentzugabea»

Rumen Radev Bulgariako presidenteak gaitzetsi egin du betoa, eta adierazi du «guztiz zentzugabea» izan dela erabakia. Azaldu du Bulgarian inbertsio gehien dituzten herrialdeak, hain zuzen, Austria eta Herbehereak direla.

Errumaniako lehen ministrorde Kelemen Hunorrek nabarmendu du «joko politiko zital baten fruitua» izan dela erabakia. Bi herrialdeetako gobernuek berretsi dute Schengen eremuan sartzeko borondatea.

Kroaziako Gobernuak, berriz, pozik hartu du Europako Batzordearen erabakia. Aurrerantzean, Esloveniaren eta Hungariaren mugetako kontrolak desagertu egingo dira, eta indartu egingo dira Serbiarekin, Montenegrorekin eta Bosnia-Herzegovinarekin Schengen eremuak izango dituenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.