Kroazia Schengen eremuko kide izango da 2023an

Austriak eta Herbehereek ezezko botoa eman dutela eta, Bulgaria eta Errumania ez dira espazio bateratuaren barruan egongo

OLIVIER HOSLET / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
EB Europako Batasuneko Barne ministroek atzo erabaki zuten Kroazia Schengen eremuaren parte izango dela 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera; egun berean bihurtuko da euroa Kroaziako dibisa. Barne ministro guztiek aho batez onartu zuten Kroazia mugarik gabeko espazioaren parte bihurtzea, baina ez zen gauza bera gertatu Bulgariarekin eta Errumaniarekin. Izan ere, Ekialdeko Europako bi herrialde horiek Schengen eremuan sartu ala ez ere eztabaidatu zuten atzo, baina, Austriako eta Herbehereetako Barne ministroek ezezkoa eman zutenez, ez dira eremuaren parte izango oraingoz.

Bulgaria eta Errumania ez dira Schengen eremuaren parte ez diren EBko kide bakarrak; egoera berean daude Irlanda eta Zipre. Kroaziaren sarrerarekin, 27 herrialdek osatuko dute zirkulazio libreko Schengen eremua. EBko kide gehienak daude barruan, eta Islandia, Norvegia, Suitza eta Liechtenstein ere parte dira.

Schengen eremuaren barruan egoteak esan nahi du kide diren herrialdeen arteko mugak leuntzen direla; hau da, edozein pertsona, espazio horren barruan dagoenean, libreki mugitu daiteke herrialde batetik bestera. Schengen eremuaren parte izateko, ordea, zenbait irizpide bete behar dituzte herrialdeek. Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteordeak adierazi zuen Kroazia, Bulgaria eta Errumania «teknikoki» prest zeudela Schengen eremura batzeko: «Eskatu geniena egin zuten. Are, eskatutakoa baino gehiago egin zuten».

Batzordeko presidenteordearentzat, «bidegabea» da Bulgariari eta Errumaniari ezarri dieten betoa. Bi herrialdeak sartzearen aurka egin zuen Austriak, eta Herbehereek, berriz, Bulgaria sartzearen aurka soilik. Schinasen arabera, betoak, teknikoak baino gehiago, «politikoak» dira. Horregatik, Europako Batzordeko zenbait buruk nabarmendu zuten «ahaleginak» egingo dituztela bi herrialde horiek Schengen eremuan sartzeko, «berandu baino lehen».

Migrazioa da Austriaren eta Herbehereen ezezkoaren arrazoi nagusia. Bulgariaren eta Errumaniaren mugetan «legez kanpoko migrazioa» kontrolatzerakoan «hutsuneak» dituztela argudiatu zuten Barne ministroek.

Martin Kocher Austriako Barne ministroak atzo adierazi zuen Schengen eremuaren sistemak ez duela funtzionatzen «legez kanpoko migratzaileak» kontrolatzeko orduan: «Oker bat litzateke funtzionatzen ez duen sistema bat are gehiago handitzea. Aurten Austrian legez kanpoko 100.000 migratzaile sartu dira».

«Guztiz zentzugabea»

Rumen Radev Bulgariako presidenteak gaitzetsi egin zuen betoa, eta adierazi zuen «guztiz zentzugabea» izan dela erabakia. Azaldu zuen Bulgarian inbertsio gehien dituzten herrialdeak, hain zuzen, Austria eta Herbehereak direla.

Errumaniako lehen ministrorde Kelemen Hunorrek nabarmendu zuen «joko politiko zital baten fruitua» izan dela erabakia. Bi herrialdeetako gobernuek berretsi zuten Schengen eremuan sartzeko borondatea.

Kroaziako Gobernuak, berriz, pozik hartu zuen Europako Batzordearen erabakia. Aurrerantzean, Esloveniaren eta Hungariaren mugetako kontrolak desagertu egingo dira, eta indartu egingo dira Serbiarekin, Montenegrorekin eta Bosnia-Herzegovinarekin Schengen eremuak izango dituenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.