Galesko Charles Windsor printzeak atzo eman zion hasiera ofiziala Commonwealth elkartearen bi urteroko bilkurari. Sri Lankako Kolonbo hirian elkartu dira 50 estatutako buruzagiak, Erresuma Batuko kolonia ohiak ia denak. Han dago baita ere metropoli ohiko lehen ministro David Cameron, baina haren presentziak polemika bizia sortu du, laboristek eta hainbat gobernuz kanpoko erakundek eta hedabidek bilkurari boikot egin ziezaiola eskatua baitzioten. Anfitrioiak eman die horretarako arrazoia, Sri Lankako Gobernuak tamilen aurkako gerran egindako krimenak argitu eta ondorengo zapalkuntza geldiarazi ezean Cameronek ez lukeela uharte horretara joan behar uste baitute. Kritika saila baretzeko, tamilen lurraldea bisitatu zuen atzo Erresuma Batuko lehen ministroak, eta Sri Lankako Gobernuarekin «zorrotza» izanen dela hitz eman die.
Uharteak 1948an lortu zuen independentzia Erresuma Batutik, Zeilan izenarekin orduan —1972an aldatu zioten—. Estatu burujabe bihurtu zenetik, tamilak bisitatu dituen atzerriko lehenbiziko goi agintaria izan da Cameron. Uhartearen iparraldean gehiengoa dira tamilak, eta Jaffna hiri nagusian izan da Erresuma Batuko lehen ministroa. Sky telebista kateko eta The Guardian egunkariko berriemaileak Cameronen segizioan zeuden, eta haiek kontatutakoaren arabera, harengana hurbiltzen saiatu ziren 250 tamil inguru, eta haren auto ofiziala inguratzea ere lortu zuten. Berriemaileen arabera, 2009ko gerran desagertutako senideen argazkiak zituzten eskuetan horietako anitzek.
Ia hiru hamarkada iraun zuen Sri Lankako Gobernuaren eta LTTE Eelam Tamil Askatzeko Tigreak gerrillaren arteko gerrak. Estimazioen arabera, 100.000 lagun inguru hil ziren, baina gobernuaren azken erasoaldian, 2009an, gutxienez 40.000 tamil hil zituztela dio Nazio Batuen Erakundeak. LTTE deuseztatu zuen armadak. Nahiz eta giza eskubideen urraketen akusazio larriak jaso, nazioarteak ez zion trabarik paratu Sri Lankako Gobernuaren erasoari, ezta neurri berezirik hartu ere ondorengo urteotan.
«Gordetzeko deus»
Cameronek erran du Jaffnan ikusitakoak anitz erasan diola. Bisitaren aitzinetik, Mahinda Rajapaksa Sri Lankako presidentearekin «argia» izanen zela adierazia zuen Cameronek Twitter bidez. «Gertakari izugarri eta ikaragarri horiek argitzeko ordua ailegatu da». Rajapaksa, ordea, lasai agertu da. «Gordetzeko deus» ez dutela adierazi du bilkura hasi aitzinetik, eta giza eskubideen urraketak ikertzeko Sri Lankan sistema «garden bat» dutela erran du. 2009an ere bera zen presidentea, eta egindakoaz harro agertu da. «Jendea hil zuten 30 urtez; 2009an, behintzat, geldiarazi egin genuen».
Kritikak baretzeko bisita bat
Sri Lanka independente denetik, tamilekin elkartu den atzerriko lehen goi agintaria izan da David Cameron
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu