Krisian garairik okerrenean

Beste bi hautagai ofizial eginda, hiru alderdikide lehiatuko dira Alemaniako CDUren presidente berria aukeratzeko primarioetan. Alderdiak barne prozesua azkartu du, eta ezohiko kongresu batera deitu du apirilaren 25erako: trantsizioarekin jarraitu ala hausturaren alde egin erabaki beharko dute.

Kramp-Karrembauer zen —ezkerrean, zutik— CDUren datozen urteetarako gidaria, baina ezin izan du kontrola bereganatu, eta Merkeli —eserita— aldrebestu egin zaio trantsizioa. JENS SCHLUETER / EFE.
ander perez zala
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun

Europako potentzia ekonomikorik handienaren alderdi indartsuenak desegonkortasun politikoa du gustuko azkenaldian; hori, edo ezin dituela gatazkak eragotzi. Annegret Kramp-Karrembauerren dimisioarekin, Batasun Kristau-Demokrata (CDU) eremu ezezagun batean sartu da, aspaldian lehenengoz kontrolik eta aurretiazko plangintzarik gabeko epe bati egin behar diolako aurre: zeregina ez da erraza, eta presioa nabarmena da, prozesu horretatik aterako denak eragin handia izango baitu Alemaniako eta Europako Batasuneko politikagintzan.

Dena dago erabakitzeke Angela Merkel kantzilerraren alderdian. Lidergorik gabe, eta identitate krisi batean murgilduta, CDU batuko duen figura politiko baten bila hasi dira berriz ere; Kramp-Karrembaurrek zuen zeregin hori, baina urtebeteko epean ez da gai izan alderdiaren kontrola bereganatzeko, horretarako gaitasunak erakutsi zituen arren. Turingian gertaturikoak lehertu du egoera, eta agerian utzi du jada jarduneko presidente denaren ezina. Politikoki, gainera, alderdiak bi mehatxuri egin behar die aurre: alde batean, eskuin muturrekoak gero eta boto gehiago biltzen ari dira; eta, bestean, joera berean daude Aliantza 90/Berdeak-eko ekologistak. Zer esanik ez koalizio gobernuaren egoera ez dela osasuntsua, eta Alderdi Sozialdemokrataren (SPD) buruzagitza berriak —ezkertiarra— adostasuna hausteko tentazioa izan dezakeela.

Dena den, datozen hilabeteetan ez dago soilik CDUren etorkizuna jokoan: Merkeli zapuztu egin zaizkio despedida kalkulatua eta alderdiarentzat prestatu zuen trantsizioa. Profil moderatu bat nahi du CDUren buruzagitzan, egungo sektore ofizialista ordezkatuko lukeena; horregatik aukeratu eta sustatu zuen Kramp-Karrembauerren hautagaitza.

Orain, pieza hori gabe, sektore eskuindarrak espero ez zuen beste aukera bat eskuratu du alderdiaren kontrola bereganatzeko, eta, hortaz, eskuin muturrarekin aliatzeko aukerari atea irekitzeko. Friedrich Merz da hori egiten saiatuko den hautagaietako bat: CDUren parlamentuko taldeko presidente izandakoa Merkelen etsai politikoa da, eta alderdiaren buruzagitza eskuratzen saiatu zen 2018ko primarioetan —atzo egin zuen ofizial bere hautagaitza—. Gutxigatik ez zuen lortu, Kramp-Karrembauer 25 botoren diferentziarekin gailendu baitzitzaion; bien arteko tarteak, hortaz, agerian utzi zuen oraindik bizirik dagoen barne zatiketa.

Merz aukeratzeak, gainera, are gehiago utziko luke kolokan Alemaniako Gobernua, SPDk ez baitu begi onez ikusten eskuin muturrarengana hurbiltzea.

2018ko prozesua trantsizioa izan bazen, aurtengoa haustura izan liteke, eta horretan ere eragina izango du Batasun Sozial Kristaua (CSU) aliatuaren iritziak. Markus Soeder CSUren buruzagi eta Bavariako ministro-presidenteak presa sartu zion CDUren jarduneko presidenteari hil honen hasieran: «Egoera larria da, eta azkar konpondu behar da. Ez da jokoetarako garaia».

Moderatuak, galduta

Kramp-Karrembauerren dimisioak ezustean harrapatu zuen Merkelen sektorea, eta oraindik ez du aukerarik izan erreakzio koordinatu bat antolatzeko. Hori bai, Armin Laschet Ipar Renania-Westfalia landerreko ministro-presidenteak atzo bere hautagaitza ofizial egiteak lasaitua eman dio sektore moderatuari, presidentegai sendo bat izango dutelakoan.

Hautagaitza horrek, gainera, bultzada garrantzitsua jaso du, Laschetek Jens Spahn Osasun ministroa alboan zuela egin baitzuen atzoko agerraldia; Spahn 2018ko barne lehiako hirugarren hautagaia izan zen, eta gazte kontserbadoreak erakartzeko gai dela uste dute alderdian. Beraz, Ipar Renania-Westfaliako ministro-presidenteari babesa emanda, Alemaniako kantzilerraren sektoreak lasaitua hartu du; bestela, Merzen ordez, nahiago du hirugarren hautagaia, Norbert Rottgen beteranoa.

Baina, finean, Merkelek eta bere aliatuek atzerapauso bat eman dute trantsizio adostu eta lasaitu baten prozesuan, eta 2018ko abenduan daude berriz, primarioen bezperan. Oraingoan, ordea, egutegia estuagoa da, soilik urte eta erdi geratzen baita hurrengo hauteskunde federaletarako.

Horrek ere azaltzen du barne lehia hain azkar egin nahi izatea; alderdiaren jarduneko presidenteak urte amaieran egin nahi zuen, baina Hanburgoko emaitza eskasek iritzia aldarazi diote.

Apirilaren 25ean egingo dute ezohiko kongresua, eta une erabakigarria izango da CDUrentzat. Orain arteko bidearekin eta erabakiekin hausteko aukera handiak dituzte eskuindarrek, eta ez diote atea hain erraz itxiko mugarri bat ezartzeko ezusteko aukerari. Zalantzarik gabe, hitzordu horretan gertatuko denak oihartzun handia izango du herrialdean, eta datozen urteetako joeretan eragingo du. Nola ez, Merkeli modu bateko edo besteko agurra emateko balioko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.