Krisi instituzional betean da Hego Korea, behin-behineko presidentea ere kargugabetua izan ondoren

Gobernuaren alderdiak Asanblea Nazionaleko bozketa boikotatu du, gehiengo soila nahikoa izan baita Han kargugabetzeko. Oposizioak argudiatu du ez zela beharrezkoa ganberaren bi herenen babesa mozioa onartzeko. Finantza ministro Choik ordezkatuko du.

(ID_14540616) SOUTH KOREA PARTIES PROTEST
Hego Koreako Asanblearen presidentea, gaur, parean, haserre, Herriaren Boterea alderdiko kideak dituela. EFE
Igor Susaeta.
2024ko abenduaren 27a
11:00
Entzun

Krisi instituzional betean dago Hego Korea. Duela bi aste, Yoon Suk-Yeol presidentea kargugabetu zuen Asanblea Nazionalak, eta gaur haren ordezkoa ere, behin-behineko estatuburu Han Duck-soo, kendu du kargutik. Ganbera horretan gehiengoa duela baliatu du oposizioak horretarako. Dena den, bozketa moldeak polemika eragin du. 300 aulki ditu parlamentuak, eta 192 diputatuk, hau da, oposizioko kide guztiek, bozkatu dute kargugabetzearen alde. Gobernuan dagoen alderdiak, ordea, Herriaren Boterea kontserbadoreak, prozesua boikotatu du, argudiatuta bi hereneko gehiengoa behar dela presidente bat kargugabetzeko. Asiako laugarren ekonomiako legeek jasotakoa aintzat hartuta, Finantza ministro Choi Sang-mok-ek ordezkatuko du Han.

Iskanbilatsua izan da osoko bilkura. Mozioa bozkatzen hasi aurretik, Asanblea Nazionaleko presidente Woo Won-sikek —oposizioko alderdi nagusi DP Alderdi Demokratikokoa da— iragarri du gehiengo soila nahikoa izango zela Han kargutik kentzeko. Herriaren Boterea alderdiko diputatuak haserretu ditu erabaki horrek, eta «baliogabea!», eta «botere gehiegikeria!» oihukatzen hasi dira. Izan ere, ganbera horretako arautegiak dio bi hereneko gehiengoa beharko dela presidente bat kargugabetzeko. Yoon kargutik kentzeko gehiengo hori behar izan zen, eta lortu zuten, hain justu haren alderdiko kide batzuek ere haren kontra bozkatu zutelako. DP zentro-ezkerrekoak adierazi du, ordea, Hego Koreako Konstituzioak jasoa duela gehiengo soila nahikoa dela kabineteko kideak kargugabetzeko. Horiek horrela, lehen aldiz kendu dute kargutik jarduneko gobernuburu bat.

Abendu hasieran Yoon gerra legea ezartzen ahalegindu zenetik  —bizpahiru orduz baino ez zen egon indarrean— herrialdean nozitzen ari diren ezegonkortasun instituzionalaren adibide bat da Asanblea Nazionalean gertatutakoa. Hanek bi aste besterik ez du egin karguan. Oposizioak haren kontrako mozio bat erregistratu zuen atzo, Asanblea Nazionalak berak Auzitegi Konstituzionalerako onartutako hiru epaileren izendapena blokeatu zuela egotzita.

Izan ere, Konstituzionalak erabaki beharko du ea Yoonen kargugabetzea berresten duen ala ez. Datorren urteko ekainaren 11ra arteko epea du horretarako. Berez, bederatzi epaile eduki behar ditu auzitegi horrek, eta gutxienez seik jo behar dute ontzat Yoonen kargugabetzea; alegia, orain aho batez hartu beharko lukete erabakia, oraindik ez baitituzte ordezkatu urtearen hasieran erretiratu ziren hirurak eta, hortaz, sei epaile baitaude.

(ID_14540668) (FILE) SOUTH KOREA PRESIDENT IMPEACHMENT
Han Duck-soo presidente kargugabetua azalpenak ematen, gaur. EFE

Oposizioaren asmoa da hiru epaile horiek ahalik eta azkarren izendatzea, iruditzen baitzaio modu horretan aukera gehiago daudela Yoonen kargugabetzea berretsia izan dadin. DP Alderdi Demokratikoak esan du jada presionatzen jarraituko duela epaile horien izendapenak onartuak izan daitezen. Izendapenak blokeatzeko orduan, bestalde, Hanek atzo argudiatu zuen ez zituela onartuko bi alderdi nagusien —DP Alderdi Demokratikoa eta Herriaren Boterea— akordio baten ondorio ez diren bitartean.

Inkestak, alde

Yoon azkenean kargutik kentzen badute, presidentetzarako hauteskundeetara deituko dute. Eta DP Alderdi Demokratikoak nahiko luke horiek berehala izatea, kaleratutako azken inkestek adierazten dutenez aise nagusituko bailitzateke haren hautagaia. Yoonek gerra legea ezarri nahi izan zuenetik, nabarmen behera egin du Herriaren Boterea alderdiaren sinesgarritasunak eta irudiak.

Dena den, ikusteko dago zer gertatuko den DPren lider Lee Jae-myungekin. Auzitegi Gorenaren epai baten zain dago. Seulgo auzitegi batek bi urteko inhabilitazioa ezarri zion azaroan, hauteskunde legea urratzea egotzita. Gorenak hori berresten baldin badu, diputatu kargua utzi beharko du, eta, horrenbestez, ezingo da presidentetzarako hautagai izan.

Bien bitartean, Yoonen aurkako epaiketaren atariko auzi saioa egin dute gaur; lehen auzi saioa datorren ostiralean egingo dute, urtarrilaren 3an, aldeek gaur adostutakoaren arabera. 2022ko maiatzetik abenduaren 14ra arte herrialdeko presidentea izan zenak gerra legea ezartzea defendatu du. Abenduaren 12an telebistaz emandako diskurtso batean nabarmendu zuen «demokrazia babestea» zuela helburu.

Won hegokorearra, 2009az geroztiko egoera okerrenean

Atzeraldi Handiaren garaiaz geroztik, won hegokorearra ez da inoiz hainbeste amildu dolarrarekiko duen balioan. 2009ko martxoan, dolar batek 1.483 won balio zituen; atzo Seulgo Burtsa ixterakoan, ordea, krisi instituzional betean,1.437 won balio zituen dolar batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.