2023ko urrian, Luisa Gonzalez hautagai correistari irabazi eta Ekuadorko presidente bilakatu zelarik, inor gutxik aditua zuen Daniel Noboaren berri. Hain zuzen, Noboa lehenbiziko bozaldiaren eta bigarrenaren arteko tarteaz baliatu zen, baita eskura zituen baliabide ekonomikoez ere, bere burua ezagutarazteko, eta, hala, Gonzalezi gailendu zitzaion. Ordu hartan, Ekuador segurtasun krisi bete-betean zen, eta hauteskundeak aitzinatzea erabaki zuten: Guillermo Lasso presidente ohiak hasitako agintaldia bukatzeko aukeratu zuten Noboa; oraingo honetan, ekuadortarrak biharko deitu dituzte bozkalekuetara, hurrengo presidentea hautatzeko.
Klase politikoak prestigioa galdu izanak eragina du bozkatzera deituak dauden hamahiru milioi ekuadortarrengan. Desesperantzak, aukerarik ez izateak eta akidura erabatekoak herritarren aldarteari erasan diote, hainbertzeraino non zenbaitek migratzea erabaki baitute. Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera, 1,2 milioi lagunek Ekuadortik alde egin nahi dute, eta bortz gaztetik batek atzerrira joan gogo du etorkizunean aukera hobeak izateko. Horiek horrela, badirudi herritarrak hiru talde handitan banatuak daudela joera politikoei dagokienez: batetik, correistak daude, Rafael Correa presidente ohiaren (2007-2017) jarraitzaileak; bertzetik, correisten kontrakoak; azkenik, beren burua polarizazio horretatik kanpokotzat daukatenak. Gobernu progresistak izan dituzten Latinoamerikako bertze herrialde batzuetan gertatzen den bezala, agintari aurrerakoien kontrako kontakizunek —kasu honetan, correismoaren kontrakoek— eta azken gobernuei lotutako ustelkeria salaketek ekarri dute klase politikoak prestigioa galtzea.
Bozetara aurkeztuko diren hamasei hautagaiek diote alderdien ordezkaritza funtzioa krisian dagoela. Hautagai guzien artean, 2023ko bigarren itzulian lehiatu ziren biak dira faborito: Daniel Noboa Ekintza Demokratiko Nazionala alderdikoa, eta Luisa Gonzalez Herritarren Iraultza Mugimendukoa. Urtarril hondarrera arte plazaratu ahal izan ziren inkestak, eta azken asteko ia denek Noboa jotzen zuten garailetzat, nahiz eta bakar baten arabera ere ez duen botoen %50 bilduko. Hori da ezinbertzeko baldintza bozak irabazteko eta bigarren itzulirik egin behar ez izateko —egitekotan, apirilaren 13an izanen litzateke—, edo, bertzela, botoen %40 lortzea eta bigarrenari hamar puntu baino gehiagoren aldea ateratzea. Inkesta batzuetan hamar puntu baino gehiagoren aldea atera dio Noboak Gonzalezi.
«Ekuadorko hautesleek aise aldatzen dute iritzia, eta hain suminduak daude, ezen baliteke denak gaitzesteko tresna gisa baliatzea botoa», adierazi du Pablo Ospina historialari eta Simon Bolivar Andetar Unibertsitateko irakasleak, eta zera gehitu: «Noboa bera ere hutsetik abiatuta gailendu zen: batetik, Fernando Villavicencio presidentetzarako hautagaia erail izanak piztutako asalduragatik, eta, bertzetik, debate batean bertze hautagaien gainetik nabarmentzeagatik. Halako norbait agertzeko, diru anitz behar izaten da —Noboak ausarki zuen, eta jakiak banatzeko erabili zuen—, edo, bertzela, egitura politiko antolatu eta efiziente bat».
«Gonzalezek aukera anitzez handiagoa du bigarren itzulian gailentzeko Noboak baino»
PABLO OSPINAHistorialaria
Ospinaren aburuz, Leonidas Iza Salazar buruzagi indigena da ustekabekoren bat ekar dezakeen bakarra: «Aski ezaguna da, gasolinaren garestitzearen aurkako herri protestetan parte hartu baitzuen 2019an eta 2022an; gainera, gizarte erakunde boteretsu baten babesa du, CONAIE Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioarena, eta, kontuan hartuta zer joera politikotakoa den, ‘doazela denak hemendik’ dioten horientzako moduko hautagaia izan daiteke. Halere, ez du ematen haren kanpaina nabarmentzen hasia denik, eta bertze inorena ere ez da nabarmendu orain arte».

Nahiz eta Noboak ez duen lortu ez herrialdea onbideratzea eta ez hura inarrosten ari diren krisiei erantzutea, ez da arrunt gaizki aritu, batez ere ekuadortarrei loa galarazten dieten zenbait gaitan, tartean segurtasunik eza, narkotrafikoari lotutako heriotzen ugaritzea, estortsioak, ebasketa larriak eta delinkuentziarekin lotutako indarkeria. Krimen Antolatuaren Behatokiaren arabera, 2023an dolozko 47 giza hilketa izan ziren 100.000 biztanleko, Latinoamerikako bertze edozein herrialdetan baino gehiago. Halarik ere, 2024ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean krimen kopuruak goiti egiteari utzi zion 2019tik lehenbiziko aldiz, eta baliteke ekuadortar anitzek Noboaren alde egitea lorpen horregatik.
Estatuaren esku hartzea
Nolanahi ere, herrialdean hiru krisi jasaten ari dira aldi berean: segurtasunik ezak eragindakoa, krisi ekonomikoa eta energetikoa. Preseski, NDF Nazioarteko Diru Funtsak kalkuluen arabera, Ekuadorko BPG barne produktu gordina %0,3 goituko da gehienez. Bertzalde, argindar etenaldiak izaten dira, hamabi ordukoak ere bai batzuetan, eta hiri handietan eta industria zentroetan ere gertatzen dira. «Noboak etengabe correismoaren kontra ari direnen artean biltzen ditu botoak, eta Rafael Correak, berriz, erdiko klase kaltebera, zaurgarri eta emergenteetan —jendeak Correari ematen baitio botoa, ez Luisa Gonzalezi—; hain zuzen, erdiko klase horietako kideek modua izan zuten zerbitzu publikoak erabiltzeko eta zenbait herri lanez baliatzeko presidente ohiaren oparoaldian», azaldu du Ospinak. «Gonzalezek dio estatuak presentzia handiagoa izan behar duela, eta horren alde daudenen botoa bildu nahi du horrela. Noboak, berriz, zuzenean banatu gogo ditu laguntzak, eskudirutan edo bonuen bidez, eta haren ikuspegiak enpresari kutsu handiagoa du».
Ekuadorren nahitaezkoa da botoa ematea, eta, Cedatos etxeak argitaratutako inkesta baten arabera, abenduan herritarren %60k ez zekiten noren alde bozkatu. Ospinaren erranetan, «Gonzalezek aukera anitzez handiagoa du bigarren itzulian gailentzeko Noboak baino», Noboaren gobernuak «huts ezin larriagoak» egin baititu. «Nahiz eta kontrako ustea zabaldua dagoen, herritarrek ez dute miraririk espero, ezta dituzten arazo guziei buru egiteko konponbide magikorik ere, baina Rafael Correaren boto emaileak leialak dira, gogoan baitute herri lan anitz izan zirela haren garaian. Ustelkeria kasu anitz ere izan ziren, baina horrek ez du axola, politikari guziak baitira berdin ustelak edo, bertzela, hala izanen baitira aitzinago. Ez dago zintzotasunagatik nabarmentzen den politikaririk. Beren egintzetatik antzemanen diezue».