Krimea eta Kherson lotzen dituen zubi bati eraso egin dio Ukrainak

Leherketak ez du biktimarik eragin; bai, ordea, kalte materialak. Zelenskik aitortu du kontraerasoa «nahi baino motelago» doala

Erasoak zulo handi bat eragin zuen Txongar zubian. EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Krimeako agintariek atzo salatu zuten Ukrainako indarrek misilez eraso ziotela Txongar zubiari, Errusiak 2014an anexionatutako penintsula eta Kherson eskualdea lotzen dituenari. Azaldu zutenez, irismen luzeko lau misil balistiko britainiar erabili zituzten, RIA berri agentziak jaso zuenez. Erasoak ez zuen biktimarik eragin; bai, ordea, kalte materialak.

Gertakariaren albistea kaleratu eta gutxira, Kievek bere gain hartu zuen. Ukrainako zerbitzu sekretu militarraren ordezkari Andri Jusoven arabera, Ukrainako segurtasun indarren, erresistentzia mugimenduen eta tokiko herritarren artean antolaturiko ekintza bat izan zen, «Ukrainako botere legitimoa» itzultzeko «okupatutako lurraldeetara». Kokapen estrategikoagatik, Krimeako penintsula funtsezkoa da Errusiako armadarentzat Ukrainan egiten dituen operazio militarretarako.

Atzo, gainera, Errusiak zenbait misil balistiko eta drone jaurti zituen Ukrainako Odesa eta Kryvyi Rih hirietara, Kieveko agintarien arabera. Ukrainako aireko defentsa sistemak lau droneetatik hiru erorarazi zituen, armadak ohar baten bidez jakinarazi zuenez. Droneak, zehazki, Odesan eraitsi zituzten, hego-mendebaldean, baina haietako batek biltegi bat jo zuen, iturri ofizialek esan zutenez. Kryvyi Rih inguruan, berriz, Errusiako misil batek gutxienez hamar etxeri egin zien kalte, eskualdeko administrazioaren arabera.

Bien bitartean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak aitortu zuen «nahi baino mantsoago» doala Ukrainak duela hiru aste abiatutako kontraerasoa. Errusiako estatuburu Vladimir Putin motelaldi horren jakitun dago; are, adierazi zuen Kievek «galera militar larriak» izan dituela hil honen hasieran, eta, beraz, Moskuk «nolabaiteko lasaitasuna» hartu duela. Izan ere, Ukrainako indarrei «kostatzen» ari zaie aurrera egitea, batez ere Errusiako armadak aurrez gudu zelaian ezarri dituen minen ondorioz, Zelenskik herenegun Erresuma Batuko BBC irrati-telebista publikoan azaldu zuenez.

Eraso bat prestatzen

Europako Batasunak 1.500 milioi euro bideratuko ditu Ukrainari laguntzeko. Horren berri eman zuen atzo Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek, Twitterren.

Bestalde, Zelenskik atzo jakinarazi zuenez, «Errusia jokalekua» prestatzen ari da Zaporizhiako zentral nuklearrari eraso egiteko. Presidenteak erantsi zuen jasotako informazioa nazioarteko aliatuei eta erakundeei helarazi diela. Kremlinek ukatu egin zuen zentralari eraso egiteko asmoa duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.