GERRA UKRAINAN

Kremlinen kontrako indarrek bi zibil hil dituzte Errusian

Belgorod eskualdean borrokan ari dira bi milizia eta Errusiako armada. Txinak «zail» ikusten du Kievek eta Moskuk negoziatzea

Auto bat txikituta, Xebekinon (Errusia). EFE
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 2a
14:41
Entzun

Moskuren aurkako indarrak Ukrainarekin muga egiten duen Errusiako Belgorod eskualdeari eraso egiten ari dira azken egunetan, eta gaur egindako bonbardaketa batean, bi zibil hil dituzte, eta beste bi zauritu. Eskualdeko gobernadore Viatxeslav Gladkovek Ukrainako armadari egozten dizkio azken egunetako erasoak. Kievek, ordea, ukatu egin du hori. Kremlinen aurka borrokatzen direla dioten erbesteratu errusiarrez osatutako bi miliziak esan dute azken egunetan Errusiako indarren kontra borrokatzen dihardutela Belgoroden, eta gaur ere hori bera egin du Errusiaren Askatasuna Legioa taldeak.

Belgorodeko iturri ofizialek adierazi dute Ukrainako indarrek Xebekino herritik gertuko errepide bat bonbardatu dutela, eta jaurtigaien puskek auto batzuk jo zituztela; horietako batean zihoazen gero hildako biak, eta beste batean bi zaurituak. Gladkoven arabera, Ukrainaren aldeko indarrek jaurtitako beste bonba batzuek pare bat etxebizitzari kalte egin diote.

Errusiaren Askatasuna Legioa eta Boluntario Errusiarren Taldea miliziek Errusiako armadarekin liskarrak eduki zituzten duela ia bi aste, Belgorod eskualdean, baina Moskuk amaitutzat eman zituen horiek, eta nabarmendu «70 terrorista ukrainar» baino gehiago «ezereztu» zituela. Atzo ere eskualde horretan Ukrainaren aldeko indarretako 50 bat kide hil zituztela esan zuten Errusiako iturri ofizialek.

Ikusi gehiago:Errusiak bukatutzat eman ditu mugan miliziekin izandako liskarrak

Horren guztiaren harira, Erresuma Batuko Defentsa Ministerioaren zerbitzu sekretuek txio baten bidez esan dute Belgoroden gertatzen ari diren borrokek «dilema handi bat» planteatzen diotela Errusiako armadari: hau da, erabaki behar dutela eremu horretan defentsak sendotu edo Ukrainan dituzten lerroak indartu. Azpimarratu dute, bide batez, eraso horien ondorioz zibilak Xebekino herritik atera behar izan dituztela. Errusiako iturriek esan dutenez, gutxi gorabehera 2.500 lagun atera dituzte handik.

Eta Belgorod eskualdekoak ez dira Ukrainako indarrek Errusiako lurretan egindako bonbardaketa bakarrak. Izan ere, Briansk eskualdeko Lomakovka eta Novaya Pogostx herriei ere eraso egin diete airetik, eskualdeko gobernadore Aleksandr Bogomazek esan duenez. Ez dago zauriturik. Dena den, ez The Guardian egunkariak, ez Reuters berri agentziak ezin izan dute egiaztatu eraso horiek gertatu direla.

Ez da Briansken bonbardaketak gertatzen diren aurreneko aldia. Azken asteetan aire erasoak ugaritu egin dira Errusian, eta, horren ondorioz, AEBak deseroso daude. Zeren badakite Errusiak egiaztatzen badu bere lurretan erortzen ari diren armak AEBetakoak edo Europakoak direla interpretatu ahalko lukeela gerra Ukrainatik harago eraman dezakeela.

Ikusi gehiago: Hiru zibil hil dira Kieven, Errusiaren bonbardaketa baten ondorioz

Bestalde, Errusiak seigarren egunez jarraian bonbardatu du Kiev gaur. Ukrainako hiriburuko administrazio militarrak jakinarazi duenez, aireko defentsa sistemek erorarazi egin dituzte Moskuko indarrek jaurtitako misil eta drone guztiak (30 pasa). Ez dago zauriturik. Eta horrekin lotuta, hiriko lurpeko babesleku guztiak 24 orduz irekita egoteko agindua eman du Vitali Klitxko alkateak. Aintzat hartu behar da atzo hiru zibil hil zirela hiriburuan bonbardaketa baten ondorioz, eta iturri ofizialek ere jakinarazi zuten babesleku batera sartzeko modurik izan ez zutelako zendu zirela, hura itxita zegoelako. Zer gertatu zen ikertzen ari dira. Zaporizhia eskualdea ere bonbardatu du Errusiak gaur, eta etxebizitza bloke baten aurka egindako aire erasoan bi zibil hil eta lau zauritu ditu, hango iturri militarren arabera.

Negoziazioak, «zail»

Li Hiu Txinako goi diplomazialariak adierazi du «zaila» izango dela Errusia eta Ukraina negoziatzeko esertzea. Hori nabarmendu du gaur, duela bi aste Europan egindako bira baloratzeko agerraldian. Iruditzen zaio «garrantzitsua» dela norbaitek ekinbidea hartzea elkarrizketei bide emango dien baldintzak sortzeko. Errusiako, Ukrainako, Poloniako, Frantziako, Alemaniako eta Belgikako buruzagiekin bildu zen Li, eta eskatu die Kieven Mendebaldeko aliatuei armarik ez bidaltzeko gudu zelaira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.