GERRA UKRAINAN

Kremlineko eledunak aitortu du Ukrainako egoera «oso zaila» dela

Peskoven esanetan, Moskuk urtebete behar izan du hasieran ezarritako helburu batzuk lortzeko: «Baina operazioak bere horretan jarraitzen du». Wagnerreko buruak jakinarazi du Ukrainaren kontraerasoa «abian» dela.

Errusiako armadaren misilak eraitsitako etxebizitza eraikin bat, apirilean, Donetsk probintziako Sloviansk hirian. YEVGEN HONCHARENKO / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko maiatzaren 11
12:28
Entzun

Errusiak iazko otsailean Ukrainan abiatutako operazio militar berezia ez dago garairik onenean. Hala aitortu du Kremlineko eledun Dmitri Peskovek: «Nahiz eta operazioak bere horretan jarraitzen duen, egoera oso zaila da. Eta, noski, urtebete behar izan dugu hasieran ezarritako helburu batzuk lortzeko». ATV Bosniako telebistari emandako elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok Peskovek, TASS Errusiako berri agentziak jaso duenez. Egoera horren adierazleetako bat izan daiteke azken asteotan Errusiako Wagner talde paramilitarrak munizio gabezia dela-eta Moskurekin edukitako tirabira; Donetskeko Bakhmut hiri estrategikoa kontrolpean erabat hartzeko ahaleginean ari da.

Kremlineko bozeramaileak gogorarazi du Vladimir Putin presidenteak Donbassko herritarren «segurtasuna» bermatzeko abiatu zuela operazioa, eta aitortu du helburu hori «neurri batean baino» ez dela lortu, argudiatuta Donetsken «etengabe» izaten direla Ukrainako armadaren bonbardaketak. «Etsaiari atzera eginarazi behar diogu. Operazioak jarraitu egingo du». Zailtasunak zailtasun, Peskoven esanetan, Errusiak «lurralde garrantzitsuak askatu» ditu Donbassen. «Ez daukat zalantzarik indar errusiarrek Bakhmut hiria kontrolpean hartuko dutela».

Wagnerreko paramilitarrek eta Ukrainako indarrek hilabeteak daramatzate borroka betean, baina Ukrainako armadako jeneral Oleksandr Sirskyik gaur jakinarazi duenez, Errusiako konpainia pribatuko paramilitarrak hirian hartutako kokalekuetatik erretiratu dira, eta «bi kilometro egin dute atzera». Hala izanez gero, Wagnerreko buruzagi Jevgeni Prigozhinek munizio gabezia dela-eta Moskuri aurreko ostiralean egindako mehatxua betetzeko zorian egongo litzateke. Dena dela, Prigozhinek astelehenean baieztatu zuen Errusiak agindutako armak bidaliko zizkiola Bakhmuterako, baina, oraindik, agidanez, Wagnerrek ez du muniziorik jaso. Kremlinek, berriz, ez du eman erretiratze horren inguruko xehetasunik.

Ikusi gehiago: Wagnerrek esan du Moskuk agindutako armak bidaliko dizkiola Bakhmuterako

Ukrainako Defentsa ministro Oleksii Reznikovek aurreko larunbatean esan zuen «dena prest» dagoela Errusiaren aurkako kontraerasoa hasteko. Agintari militarrek erabakiko dute noiz, non eta nola ekin kanpainari, «gudu zelaiaren egoeraren arabera». Bada, Volodimir Zelenski presidenteak, gaur BBCri eta beste zenbait hedabideri emandako elkarrizketa batean, aitortu du herrialdeak «denbora gehiago» behar duela kontraerasoa hobeto prestatzeko. «Kontraerasoak arrakasta izango luke, baina jende asko galduko genuke. Hori onartezina dela uste dut. Itxaron egin behar dugu». Azaldu du armadak prest dituela borroka brigadak, baina Kiev oraindik zain da NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak agindutako ibilgailu blindatuak noiz jasoko. Horrekin lotuta, CNN hedabideak Erresuma Batuko Gobernuko iturriak aipatuta jakinarazi duenez, Londresek irismen luzeko misilak bidaliko dizkio Ukrainari, baldintza batekin: «Ukrainako lurralde subiranoan bakarrik erabiltzea, eta ez Errusian».

Ikusi gehiago: Kontraerasoa, «prest»

Wagnerreko buruak, ordea, uste du «amarru bat» dela Zelenskik berriki esandakoa: «Kontraerasoa abian da», esan du Telegramen. Prigozhinek ziurtatu du NATOko kide diren herrialdeetan trebatutako unitate guztiek jaso dutela beharrezko ekipamendua, hala nola armak eta tankeak. Haren arabera, Ukrainako indarrak Bakhmut hiriaren ertzetatik erasotzen ari dira: «Eta, zoritxarrez, leku batzuetan eraginkortasunez jotzen ari dira». Indar ukrainarrek Bakhmuteko frontea hautsi asmo dute, ondoren Brianskera eta Belgorodera joateko, Zaporizhiaraino, Errusiak anexionatutako eskualderaino —lurraldearen %70 inguru du kontrolpean—.

Hain justu, bi aldeen arteko erasoak areagotu diren honetan, gerra frontetik gertu bizi diren herritarrak ebakuatzeko lanean ari dira Zaporizhian; 12.000 bat zibil lekualdatu dituzte gaur, TASS albiste agentziaren arabera. «4.000 pertsona inguru autobusez era antolatuan heldu dira Berdianskera; gainerako 8.000 euren kabuz heldu dira», adierazi dio eskualdeko lehen gobernadoreordeak agentziari, eta erantsi du frontean egoera gehiago gaiztotzen bada prest daudela jendea Moskuk 2014an anexionatutako Krimea eskualdera edota Rostovera (Errusia) eramateko. Orotara, 70.000 herritar inguru lekualdatu dituzte.

Bestalde, bake negoziazioen harira, Zelenskik nabarmendu du Ukraina ez dagoela prest bakearen truke Errusiak okupatuak dituen lurraldeak galtzeko: «Nazioarteak ezin dio Kievi presio egin lurraldeen auzian amore eman dezan». Moskuk Kievi egotzi zion martxoaren 3an Putin hiltzen ahalegindu izana, Kremlin droneen bidez bonbardatuz. Gertakari horren harira, Zelenskik berriz ukatu egin ditu Moskuk Ukrainaren aurka egindako akusazioak, eta erantsi du erantzukizunik ez duela afera horretan. «Artifizialtzat» jo du Errusiaren jarrera.

Zerealen ituna

Bigarren egunez jarraian, Errusiako, Ukrainako, Turkiako eta NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak zerealen akordioaz hitz egiten ari dira Istanbulen. Ituna hilaren 18an amaitzen da, baina Turkiako Atzerri ministro Mevlut Cavusogluk, bederen, espero du akordioa gutxienez beste bi hilabetez luzatzea lortuko dutela. Moskuk, ordea, adierazi duenez, ez du hitzarmena luzatzearen alde egingo, Errusiako zerealak eta ongarriak esportatzeko Mendebaldeak ezarritako oztopoak kendu ezean. NBEren datuen arabera, itun horri esker, Ukrainatik gutxienez 30 milioi tona zereal eta beste hainbat produktu garraiatu dituzte Itsaso Beltzean barrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.