GERRA UKRAINAN

Kremlinek ukatu egin du Wagnerreko buruaren heriotzan parte hartu izana

Kremlinek gezurtatu egin ditu Wagnerren aldekoek eta Mendebaldeak Moskuren aurka eginiko adierazpenak, eta «espekulaziotzat» jo ditu. Ukrainako indarrek 42 drone jaurti dituzte Krimeako penintsulara, Moskuk jakinarazi duenez.

Jevgeni Prigozhin Wagner paramilitar taldeko burua zenaren argazki bat, haren omenez ezarritako oroitarri batean, atzo, San Petersburgon, Errusian. efe. ANTON MATROSOV / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko abuztuaren 25a
11:31
Entzun

Errusiako Gobernua ikertzen ari da asteazkenean Wagner paramilitar taldeko buruzagi Jevgeni Prigozhin eta beste bederatzi kide hil ziren ustezko hegazkin istripuaren inguruabarrak. Moskutik San Petersburgora zihoan 62 urteko enpresariaren hegazkin pribatua, harik eta lurra jo zuen arte, Tver eskualdean, Mosku iparraldean. Errusiako presidente Vladimir Putinek Prigozhin goretsi zuen, ezbeharra gertatu eta biharamunean, baina Wagnerren aldekoek Errusiako Defentsa Ministerioari leporatu zioten hegazkina eraitsi izana. Mendebaldeko zenbait agintarik ere ez dute baztertu Kremlin egotea horren guztiaren atzean. Bada, Errusiako Gobernuak ukatu egin du Prigozhinen heriotzan parte hartu zuela, eta «espekulaziotzat» jo ditu Mendebaldeko estatuburu batzuek eginiko adierazpenak. «Gezur hutsa da», esan du gaur Kremlineko eledun Dmitri Peskovek.

Ikusi gehiago: Errusiak baieztatu du Wagnerreko burua hil dela hegazkin istripu batean

Wagnerren aldeko Telegram kontuek salatu zuten Moskuren aireko defentsa sistemek jaurtitako misil baten ondorioz eraitsi zutela talde paramilitarreko zuzendaritzako kideak zeramatzan hegazkina. AEBetako zerbitzu sekretuentzat, ordea, «ez dirudi» horrela izan zenik. Gertatutakoari buruz egindako lehen azterketa baten arabera, «nahita eragindako leherketa batek» eragin zuen ustez Prigozhin hil zen hegazkin istripua.

Ildo horretan, The Wall Street Journal egunkariak Etxe Zuriko iturriak aipatuta atzo kaleratutako informazioaren arabera, «ziur asko», Wagnerreko buruzagia «atentatuaren helburua» izan zen, eta erantsi zuen leherketa hori bat datorrela «Putinen ibilbide luzearekin, hau da, haren kritikoak isilarazten saiatzearekin». Horrekin lotuta, AEBetako presidente Joe Bidenek atzo adierazi zuenenez, «Putin inplikatuta ez dagoen gauza gutxi» gertatzen dira Errusian. «Ez dakit zehazki zer gertatu den, baina, era berean, ez nau harritzen».

Ikusi gehiago: Aliatuak desafio egin dio Putini

Errusia Wagnerrekoekin aritu da Ukrainako gerra fronteko zenbait eremutan, baina Prigozhinek jopuntuan zuen Defentsa ministro Sergei Xoigu, gudu zelaian izandako gorabeherak tarteko. Harik eta Wagnerrek ekainaren 23 gauean Defentsa Ministerioaren aurkako altxamendu saiakera egin zuen arte. Moskurako martxak, ordea, ez zuen egun bat ere iraun, Kremlinekoekin ados jarri zelako, Bielorrusiako presidente Aleksandr Lukaxenko bitartekari zela.

Ikusi gehiago: Lukaxenkorekin negoziatu ostean, Moskurako martxa gelditu du Prigozhinek

Matxinada bertan behera geratu ostean, Errusiako presidenteak hiru aukera proposatu zizkien talde paramilitarreko kideei: Errusiako armadan integratzea, Bielorrusiara erbesteratzea edo «familia eta lagunengana» itzultzea. 4.000 kide inguruk auzoko herrialdean deserriratzeko erabakia hartu zuten, baina Ukrainak atzo ziurtatu zuenez, Wagnerrekoak azken asteotan Bielorrusiatik erretiratzen ari ziren «pixkanaka»; Prigozhinen heriotzaren biharamunean, ostera, «are gehiago».

Krimea jomugan

Ukrainako armadak orain arteko erasoaldirik handienetako bat egin du Krimean, Moskuk 2014an anexionatu zuen penintsulan. Gutxienez 42 drone jaurti ditu, eta Moskuk «guztiak» erorarazi ditu, Errusiako Defentsa Ministerioak adierazi duenez. Krimea Kieven jomuga izan da Errusiak iazko otsailean Ukrainaren inbasioa abiatu zuenetik, baina azken asteotan eraso gogorragoak eta handiagoak egin ditu penintsula horretan.

Kremlinek esan du armadako indarrek bederatzi drone bota dituztela Krimean, eta beste 33 «gerra elektronikoek eta aireko defentsa sistemek» suntsitu dituztela, «helburua lortu gabe». Moskuk Sebastopolen ezarritako gobernadore Mikhail Razvozhajevek zehaztu du Ukrainaren oldarraldiak ez duela kalterik edo biktimarik eragin. «Indar eta zerbitzu guztiak prest daude borrokarako», adierazi du. Defentsa Ministerioak gaineratu du Ukrainak jaurtitako misil bat ere erorarazi dutela Moskurekin muga egiten duen Kaluga eskualdean, hiriburutik 200 kilometrora. Errusiak, berriz, lau misil jaurti ditu Ukrainara, eta guztiak erorarazi dituela zehaztu du Defentsa Ministerioak.

Kievek behin baino gehiagotan berretsi du Krimea berreskuratzeko asmoa duela. Gaur izandako erasoa, hain zuzen, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik penintsula «okupatzailerik gabe» egongo dela ziurtatu eta bi egunera gertatu da.

Horrekin lotuta, Ukrainak Independentzia Eguna ospatu zuen atzo —duela 32 urte aldarrikatu zuen—, eta, hori aintzat hartuta, armadak «operazio berezia» egin zuen goizaldean, Krimean, Sinbolismoz betetako operazio batean, Ukrainako zerbitzu sekretuko militarreko agenteak penintsularen mendebaldeko muturrera heldu ziren txalupa batean, eta,Tarkhankut lurmuturrean zirela, Errusiaren ekipamendua kendu zuten, Kieveko zerbitzu sekretuko militarrak kaleratutako bideo baten arabera. Lehorreratzean, bideo horretan talde armatu bat ageri zen, ilunpean tiro egiten eta Ukrainako bandera haizatzen, identifikatu gabeko leku batean. Kievek «arrakastatsutzat» jo zuen operazioa.

Moskuk sarri leporatu dio Ukrainari Krimea Errusiarekin lortzen duen eta Errusiako armadarentzat funtsezko hornidura bidea den zubi nagusiari eraso egin izana. Zubia Kertx itsasartean dago, baina agintari errusiarrek itxi egin behar izan dute zenbait egunetan, Ukrainak egindako eraso batzuen ondorioz, tartean uztail erdialdean izandako leherketa bat; hain zuzen, bi pertsona eta haur bat hil ziren eztanda horretan.

Erasoak eraso, Errusiak ez du inolako asmorik Krimea uzteko; besteak beste, Ukrainako lurraldera misilak jaurtitzeko leku estrategiko gisa erabiltzen ari baita. Mosku duela bederatzi urte okupatu zuen, hango herritarrek erreferendum bat egin ondotik; herritarren %96k baino gehiagok Errusiaren parte izatearen alde bozkatu zuten, 2014ko martxoaren 16an. Kievek, aldiz, baliogabetzat eta «fartsatzat» jo zuen galdeketa hura. Era berean, Krimea Ukrainaren parte zela onartu zuen Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak 2014ko martxoaren 27an. Bielorrusiak, ordea, Krimearen anexioa ontzat eman zuen 2021eko abenduaren 1ean, Aleksandr Lukaxenko presidentearen aginduz.

F-16 hegazkinerako trebakuntza, udazkenean

AEB Ameriketako Estatu Batuek Ukrainara F-16 gerra hegazkinak bidaltzeko baimena eman zieten iragan larunbatean Danimarkari eta Herbehereei. Eraman aurretik, ordea, hegazkin horiek pilotatuko dituzten gidari ukrainarrak trebatuko dituzte; hain zuzen, udazkenean dira hastekoak, Pentagonoko bozeramaile Pat Ryderrek atzo jakinarazi zuenez.

Ingelesa ikasteko klaseak eman ondotik, Texas eta Arizona estatuetako base militarretan entrenatuko dira. Hain justu, AEBetako presidente Joe Bidenek eta Volodimir Zelenski Ukrainakoak elkarren artean finkatu dituzte trebakuntzaren nondik norakoak. Etxe Zuriak gaur kaleratutako ohar baten arabera, Bidenek berretsi du Washingtonek konpromisoa hartu duela Ukrainaren defentsa babesteko Errusiaren erasoaren aurka, eta «behar beste denboraz» engaiatuko dela nabarmendu du.

Amsterdamen eta Kopenhageren gisan, Norvegiak ere F-16 hegazkinak emango dizkio Kievi, Eskandinaviako herrialde horretako lehen ministro Jonas Gahr Storek atzo baieztatu zuenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.