Kremlinek ez du baztertu Ipar Korearekin bilera bat egitea

AEBen arabera, bileraren helburua litzateke bi herrialdeen arteko kooperazio militarra areagotzea

2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun
MOSKU. AEB Ameriketako Estatu Batuetako hedabideek herenegun gauean eman zuten albistea: litekeena da Ipar Koreako buruzagi Kim Jong-un hil bukaeran Errusiako presidente Vladimir Putinekin biltzea. Etxe Zuriko Segurtasun Kontseiluko bozeramaile Adrienne Watsonen arabera, zera litzateke helburua: bi herrialdeen arteko «kooperazio militarra areagotzea» eta «Ipar Koreak Errusiari armen hornikuntza ziurtatzea».

«Aurrera doaz Errusiaren eta Ipar Korearen armen inguruko eztabaidak», ohartarazi zuen Watsonek. Kim haraino nola iritsiko litzatekeen ere zehaztu zuen The New York Times egunkariak. Ipar Koreako liderrak tren blindatu batean egingo luke Piongiangetik Errusiarako bidea, eta Ozeano Bareko kostaldeko Vladivostok hirian elkartuko litzateke Putinekin. Hain justu, hilaren 10etik 13ra Vladivostokeko Unibertsitatean egitekoa den foro ekonomikora joatekoak dira bi liderrak.

Zabaldutako zurrumurruen harira, Kremlinek esan zuen ez dagoela «bilera horri buruz ezer esateko». Hau da, Errusiak ez zuen ez baieztatu, ezta ezeztatu ere, Putinek eta Kimek bilera bat egingo dutenik. Halere, alarma hotsak piztu dira herrialde batzuetan. Hego Koreako Gobernuak «nazioarteko arauak» errespetatzeko eskatu zion Ipar Koreari, eta Errusiarekin duen harremanari «gertutik» erreparatuko diola esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.