PSOEk eta JxC Junts Per Catalunyak akordioa egin dutela argitara atera berritan, ugariak izan dira Espainiako ordezkari politikoen erantzunak. Akordioaren berri zabaldu eta ordu gutxira, agerraldia egin du PPko buru Alberto Nuñez Feijook, eta izena jarri dio katalanen eta sozialisten arteko itunari; hots, «lotsaren akordioa». Eskuindarraren ustean, Espainiak «galdu» egin du gaur, «galdu egin delako espainiar guztiak legearen aurrean berdinak direlako printzipioa»; independentismoak «irabazi» egin du, «dituen helburu guztietan aurrera egingo baitu»; eta, tartean, «desagertu egin da orain arteko PSOE», bere historiari eta printzipioei «uko» egin dietelako. Hain justu, sozialisten «noraezak» herrialdearen «noraeza» eragingo duela iragarri du, Pedro Sanchez PSOEko buru eta Espainiako jarduneko presidenteak «kosta ahala kosta boterean iraun nahi izateagatik».
Independentistei ere mezu bat helarazi die PPko buruak: «babestuta» sentitzeko moduan daudela esan die, «Sanchezen eskuetan» baitaude. Hain justu, Sanchezi leporatu dio independentismoaren «xantaia» onartzea, nahiz eta, haren arabera, posible den hori arbuiatzea. «Hala erakutsi nuen nik inbestiduran; denak ez du balio Espainiako presidente izateko». Horiek hala, eskuindarrak «baliabide guztiekin» borrokatuko dira akordioaren kontra: «Bide parlamentariotik eta legaletik, baita mobilizazio sozialaren bidez ere». Azken horrek «irmoa» izan behar duela berretsi du Feijook, baina «bizikidetza errespetatu» beharra duela.
Ikusi gehiago: Itun bat, Kataluniako auzia «ibilitako bideaz bestela» konponbidean jartzeko
Antzeratsu mintzatu da Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentea. Sanchezen gainbeherari leporatu dio «Espainian gertatzen ari dena»: «Sanchezek hauteskundeak galdu dituelako gertatzen ari da hau guztia; boterea kenduko ziotela ikusi duenez, egoera onartu ez, Moncloan geratzea erabaki, eta edozer egin du hori lortzeko». Ayusok berretsi du «gezur asko saldu» dizkietela, eta salatu du horren harira ez dutela onartu «jendea manifestatzea eta demokrazia defendatzea». Gainera, Madrilgo presidenteak adierazi du akordioa «diktadura baten hasiera» izango dela.
Bide beretik jo du Cuca Gamarra PPko idazkari nagusiak, eta gogor mintzatu da inbestidurarako akordioaren aurka; «lotsagarritzat» eta «umiliagarritzat» jo du, eta Sanchezi leporatu dio «boterean jarraitzeko edozer egiteko» prest egotea. «Harentzat, helburuak edozein bide baliatzea justifikatzen du». Gamarrak esan du Espainiako herritarrak «lotsatu» egingo direla, ikusita Carles Puigdemont JxC Junts per Catalunyaren buruak «zazpi botoren truke justizia nola erabili duen». Horiek horrela, nabarmendu du Alderdi Popularrak «oposizio irmoari» eutsiko diola, bai esparru judizialean, bai amnistiari buruzko legea Kongresuan tramitatzen hasten denean ere –lege proposamena datorren astean erregistratzea espero da–.
PPko ordezkariekin bat etorri da Ciudadanosen eurodiputatu Adrian Vazquez: «Espainiako herritarrok ikusiko dugu nola egiten duten barre gutaz, Sanchez boterean iraunarazteko interes hutsagatik». Haren arabera, «zuzenbide estatua lehertzeko» akordioa da gaur iragarritakoa, eta Europa da «leherketa hori geldiarazteko azken aukera». Horrenbestez, ohartarazi du eskatuko dutela Europarlamentuan azaroko osoko bilkuran eztabaidatu dadila«Espainiako zuzenbide estatuaren etengabeko noraeza». Horrez gain, esan du bilera gehiago egingo dituztela Europako Batzordearekin, eta harremanetan jarriko direla Europako alderdi sozialistarekin eta Europako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi sozialista guztiekin.
Aurrekoak baino gogorrago mintzatu da Santiago Abascal Vox ultraeskuindarraren burua. «Nazioaren, demokraziaren eta legearen aurkako kolpe bat jarri dute abian». Haren arabera, horrek «garai beltz bati» hasiera emango dio Espainian, eta horren kontra kaleak betetzera eta protesta egitera deitu ditu herritarrak.
«Baretasuna» eta «elkarbizitza» nagusi
Kontrara, akordioa albiste ona izan da Yolanda Diaz Sumarreko lider eta Espainiako Gobernuko jarduneko bigarren presidenteordearentzat. «Ekainaren 23an esan genuen gobernu koalizio aurrerakoia izango genuela; hilabete zailak izan dira, baina baretasunak eta elkarbizitzak aurre egin diete zaratari eta gorrotoari», adierazi du X sare sozialean. Eta erantsi du «aurrerapen sozialaren» alde lanean jarraituko dutela.
Jaume Asens En Comu Podemen diputatu ohi eta Sumarreko bitartekariak adierazi du akordioak modua emango duela «bloke demokratikoa» abiarazteko eta, hala, «bloke erreakzionarioari» aurre egiteko. Salatu du «estatuko hainbat sektore negoziazioak ezegonkortzen» saiatu direla, eta berretsi gaurkoa «urrats garrantzitsua eta erabakigarria» izan dela, «elkarrizketa eta enpatiarik eza» atzean uzteko.