Kosovo

Kosovoren eta Serbiaren arteko gatazka are gehiago gaiztotu du azken erasoak

Talde baten eta Kosovoko Poliziaren arteko tiroketa batean bost lagun hil ziren igandean. Pristinak Belgradi leporatu dio erasoaren erantzukizuna

Kosovoko polizia talde bat, atzo, Kosovo iparraldeko Banjska herriaren ondoko bidegurutze batean. DJORDJE SAVIC / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Tentsio handiko giroa dago Kosovon, eraso armatu batek igande goizaldean bost hildako utzi ondotik: polizia bat eta lau ustezko erasotzaile. Gertaerek Kosovoren eta Serbiaren arteko harremanak gaiztotu dituzte are gehiago, bi herrialdeen arteko gatazka politikoa azken urteetako egoera zailenetako batera eramateraino. Albin Kurti Kosovoko lehen ministroak Serbiari egotzi dio «eraso terroristaren» atzean egotea. Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak ukatu egin ditu akusazioak, eta adierazi du Kosovo serbiarren aurka egiten ari den «garbiketa etnikoaren» ondorio direla liskarrak.

Polizia gertatutakoa ikertzen ari da. Orain arte azaldutakoaren arabera, tiroketa zubi batean hasi zen, baina talde armatuak monasterio batean gotortzea lortu zuen ondoren. Zenbait ordu behar izan zituen Poliziak erasotzaile taldea desegiteko. Sei lagun atxilotu zituen orotara, baina litekeena da hainbatek ihes egin izana, Kurtiren esanetan, 30 erasotzaile inguru izan baitziren Poliziaren aurka egin zutenak.

Kosovoko Barne ministro Xhelal Sveciak atzo jakinarazi zuenez, «ezohiko arma astunen kopuru handia» atzeman dute, baita lehergailuak eta uniformeak ere, besteak beste. «Ziurtasunez esan dezakegu ekipamendua beste ehunka erasotzaileri bideratua zegoela». Gaineratu zuen tiroketa gertatu zen inguruan dokumentuak atzeman dituztela, eta horiek Serbiar Zerrenda alderdiko presidenteorde Milan Radoicic lotzen dutela erasotzaileekin. Horrez gain, ziurtatu zuen Serbiak babesa eman diela tiroketatik ihes egitea lortu zuten erasotzaileei.

Kurtiren esanetan, taldea «egitura mertzenario bat» da, «Belgraden laguntza politikoa, finantzarioa eta logistikoa» duena.Vucicek ukatu egin zuen halakorik, eta Errusiak Serbian duen enbaxadorearen aurrean adierazi zuen «nazioarteko komunitatearen zati batek» oniritzia ematen diola Kosovon gertatzen ari den «garbiketa etniko basatiari».

Errusiako Gobernuko bozeramaile Dmitri Peskovek egoera «potentzialki arriskutsua» bihurtu dela ohartarazi zuen atzo, eta herrialdeko Atzerri Ministerioaren eledun Maria Zakharovak Kurtiri egotzi zion «gatazka hauspotzen» aritzea, nazioartean Serbiarekiko presioa areagotu dadin, hark Kosovoren independentzia onar dezan.

Bruselan, Italiako, Frantziako eta AEBetako gobernuetako ordezkariak bildu ziren atzo, Europako Batasunak Balkanetarako duen ordezkariarekin batera. Giroa baretzeko eskatu zieten bi aldeei, eta elkarrizketetan engaiatzera deitu.

Hilabeteetako gainbehera

Pristinaren eta Belgraden arteko harremana gain behera dagoen honetan gertatu da erasoa. Kosovok independentzia aldarrikatu zuenetik —2008an—, gatazkatsua izan da haren eta Serbiaren arteko lotura, baina giroa bereziki tirabiratsua izan da azken hilabeteetan; zehazki, iazko maiatzetik. Orduan, Kosovo iparraldeko zenbait herritako gehiengo serbiarrak boikot egin zien udal hauteskundeei, eta Pristinak alkate albaniarrak izendatzea erabaki zuen. Ezinegon eta haserre handia eragin zuen neurriak Kosovoko herritar serbiarren artean, eta protestak eta liskarrak piztu ziren. Horien ondorioz, KFOR indarretako —NBEk Kosovorako eratu zuen talde militarreko— dozenaka militar zauritu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.