Kosovoren auzian «traizio egitea» egotzi diote Serbiako presidenteari

Bi herrialdeetako liderrak biltzekoak dira gaur. Vucicen aurkako protestak egin dituzte asteotan

Serbiar nazionalistak, joan den astean Vucicen aurka egindako manifestazio batean, Belgraden. ANDREJ CUKIC / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Aleksandar Vucic Serbiako presidentea eta Albin Kurti Kosovoko lehen ministroa gaur dira batzartzekoak, Ohriden (Ipar Mazedonia), Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburua bitartekari dela. Bilera horren asmoa da Balkanetako bi herrialdeen arteko harremanak normalizatzea eta, era berean, Belgradi EBko kide izateko bidea erraztea. Vucicek atzo ziurtatu zuenez, «bazkide eraikitzailea» izango da biharko bilkuran, baina oroitarazi zuen bien arteko gerturatzeak ez duela ekarriko Serbiako probintzia ohiaren independentzia aitortzea. Serbiako oposizioko alderdiek eta nazionalistek, ordea, mehatxutzat hartu dute estatuburuak Kosovorekin duen jarrera, eta herrialdeari «traizio» egitea leporatu diote. Hala, Vucicen dimisioa eskatzeko protestak egiten ari dira asteotan Belgraden.

Hilabeteetako tirabiren ostean, Vucicek eta Kurdik joan den hilean onartu zuten EBk eta Ameriketako Estatu Batuek babestutako planean oinarrituta negoziatzea. Bi aldeak ados jartzen badira, «aurrerapauso garrantzitsutzat» hartuko luke hori Bruselak, talde komunitarioaren babespean 2013an hasitako normalizazio prozesuari begira. Hain zuzen, Borrellek bi agintariei atzo eskatu zien «ikuspegi eraikitzailearekin» joan daitezela bihar Ohridera. «Ezarritako epeak adostuz gero, Mendebaldeko Balkanek urrats handia egingo lukete Europarako bidean». Bide horretan, Vucicek nabarmendu zuenez, Serbia EBra hurbiltzeko garrantzitsua izango da Kosovorekin harremana normaltzea.

Beste ezer baino lehen, Serbiako presidenteak berretsi zuen Pristinak Kosovon gehiengo serbiarra duten udalerrien elkarte bat sortu behar duela —Kosovon 50.000 serbiar inguru dira—, besteak beste hezkuntzaren, osasunaren eta ekonomiaren alorretan autonomia izango duena; bi aldeek 2013an adostu zuten, Bruselaren bitartekaritzarekin, baina oraindik bete gabe dago, Vucicen esanetan. Horrez gain, EBko planaren arabera, Belgradek eta Pristinak bi herrialdeetako herritarrak identifikatzeko dokumentu ofizialak onartuko dituzte, alde batetik bestera libre bidaiatu ahal izan dezaten.

Kosovoren independentzia aitortzeari buruz, Vucic argi mintzatu zen herenegun Serbiako telebista bati emandako elkarrizketa batean: «Niretzat, normalizazioa ez da aitortza esateko eufemismo bat. Normalizazioa da harreman hobea izatea Kosovoko albaniarrekin, elkarren artean ditugun arazo ugari konpontzeko [...] elkarrekin lan egiteko eta etorkizunari elkarrekin begiratzeko». Kosovok 2008ko otsailaren 17an aldarrikatu zuen independentzia, alde bakarrez, eta Serbiatik bereizi zen. Belgradek, ordea, bere lurraldearen partetzat dauka.

Kosovo, «sakratua»

Vucic buru duen gobernua Mendebaldeak babestutako elkarrizketa akordiora hurbiltzeak haserrea eragin du Serbiako nazionalista eskuindarren eta kristau ortodoxoen artean; mobilizazio ugari antolatu dituzte azken egunotan, eta gaurko ere protestara deitu dute, Vucicek dimisioa eman dezala eskatzeko. «Serbiako herriak, lur hau odolez zikindu zuenak, ez du Kosovo serbiarra entregatuko, Kosovo sakratua baita», esan zion Zorica Mojsic serbiarrak Reuters berri agentziari, joan den asteburuko manifestazioan.

Kosovok independentzia aldarrikatu zuenetik, Pristina eta Belgrad elkarri mokoka dabiltza, eta bi herrialdeen arteko tentsioa are gehiago handitu zen Kosovok EBko estatu kide bihurtzeko eskaera egin zuenean, iazko abenduaren hasieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.