Kosovo iparraldean udal hauteskundeak errepikatzearen alde agertu dira Pristina eta Belgrad

EBko diplomaziaburu Josep Borrell ari da bitartekari lanetan, eta, hiru aldeak ados dauden arren, oraingoz ez dute akordiorik.

KFOReko bi soldatu, Kosovo iparraleko mugan, Leposavicen, ekaina hasieran. GEORGI LICOVSKI / EFE
maddi iztueta olano
2023ko ekainaren 23a
13:18
Entzun

Bi herrialdeen arteko tentsioak baretze aldera, EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek bilera batera deitu zituen atzo Kosovoko lehen ministro Albin Kurti eta Serbiako presidente Aleksandar Vucic. Bi agintariak elkartu ziren Borrellekin, baina, bien arteko tentsioaren adierazgarri, nork bere aldetik hitz egin zuen harekin. Halere, hiruren ustez «beharrezkoa» da Kosovo iparraldean udal bozak berriro egitea, eta zer urrats egin erabaki behar dute orain.

Edonola ere, bi aldeen arteko behin betiko akordio bat ez da egun batetik bestera iritsiko. Borrellen arabera, Kosovok eta Serbiak «oso interpretazio desberdinak» dituzte gertatutakoaren eta horrek eragindako albo kalteen inguruan, eta tentsioari irtenbide bat aurkitzeko oztopo izan daiteke hori. «Ez dakit zer neurri hartu behar genituzkeen liskarrak baretu ahal izateko», esan zuen Vucicek. Serbiako presidentearen esanetan, «sorgin ehiza» baten biktimak dira Kosovon bizi diren serbiarrak. Kurtik ordu gutxira erantzun zien haren hitzei; Vucici leporatu zion Bruselak proposatutako akordioei baiezkoa ematea eta ondoren horiek ez sinatzea.

Kosovo iparraldean bozak «lehenbailehen» errepikatzeaz gain, beste zenbait eskakizun ere zehaztu ditu EBk. Pristinari eskatu dio bertan behera utz ditzala, «berehala», udal eraikinen inguruko polizia operazioak; baita, «oraingoz», apirileko bozetan hautatutako lau alkateek —albaniarrak dira— eraikin horietatik kanpo jarduteko ere. Serbiari, berriz, zera galdegin dio: protestak etetea eskatzeko manifestariei eta «berehala» aske utz ditzala atxilo eramandako Kosovoko hiru polizia albaniarrak.

Ikusi gehiago:Pristinak atea ireki dio Kosovo iparraldean udal bozak berriz egiteari

Joan den apirilean egindako udal hauteskundeetan piztu ziren liskarrak. Kosovo iparraldean lau alkate albaniar hautatu zituzten, baina serbiarrak gehiengoa dira eskualde horretan, Metohian —50.000 inguru dira guztira—. Horrenbestez, alkate horien zilegitasuna ezbaian jarri zuten eskualdeko herritarrek. Izan ere, %3,4ko parte hartzea baino ez zen izan hauteskunde horietan, biztanle serbiarren boikotarengatik. Halere, Kosovoko Gobernuak ontzat jo zituen bozak.

Erabakiak eragindako indarkeria ikusita, EBk proposatu zuen lau udalerritako alkateek «dimisioa ematea» eta hauteskundeetara deitzea. Edo, bestela, herritarrek sinaduren %20 biltzea bozak berriz egiteko eskatzeko; horrek kargua uztera behartuko lituzke alkateak.

Indarkeriaren gorakada

Alkate albaniarren karguak ezbaian jarri, eta kalera irten ziren eskualdeko herritar serbiarrak. Ordutik, protestek ez dute ia etenik izan, eta tentsioa nabarmen handitu da bi herrialdeen arteko mugan. Iragan astean, esaterako, hiru granada jaurti zituzten eskualdeko Polizia komisaria batetik gertu. Iparraldeko Leposaviq, Zubin-Potok eta Zvecan herrietan izaten ari dira protesta handienak. Horiek dira, hain justu, gaur-gaurkoz alkate albaniarrak dituzten lau udalerrietatik hiru. Polizia erretiratzeko eskatzen dute manifestariek, eta salatu dute Kosovoko Gobernuaren «diskriminazioa» jasaten ari direla.

Istilu horietako batean, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea buru duen KFOR Kosovo Indarreko 30 soldadu eta 52 serbiar manifestari zauritu ziren. Egoera «baretze» aldera, Kosovora 700 soldadu baino gehiago bidaltzea erabaki zuen NATOk. Baina horrek ez du murriztu lurraldeko tentsioa.

Ikusi gehiago:Vucicek Pristinari egotzi dio Kosovoko serbiarren eta NATOren artean «gatazka eragitea»

Kosovok 2008ko otsailaren 17an aldarrikatu zuen independentzia, baina alde bakarrekoa. Serbiatik bereizi zen, baina Belgradek ez du Kosovoren independentzia aitortzen. Beraz, ez zen gatazkarik konpondu, eta bien arteko harremanak ez dira batere onak. Kosovoko herritarren %90 albaniarrak dira; %8, bosniarrak; eta %3, bosniarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.