Frantziako Asanblearako bozak

Korsikaren autonomiari buruzko prozesua ere jokoan da

Simeonik kanpainan esan du etorkizun instituzionalaren inguruko negoziazioak amaitu egingo direla eskuin muturrak bozetan gehiengoa izaten badu. Duela bi urte hautaturiko Itsasoz Haraindiko diputatugai gehienak babestuko ditu Fronte Popular Berriak.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Gilles Simeoni Korsikako gobernuburua, Aiacciun, aurreko irailean. PASCAL POCHARD-CASABIANCA / EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Gilles Simeoni Korsikako gobernuburua, Aiacciun, iazko irailean. PASCAL POCHARD-CASABIANCA / EFE
ander perez zala
2024ko ekainaren 30a
05:05
Entzun

Korsikaren autonomiari buruzko prozesua ziurgabea izan da fase askotan, baina inoiz ez da egon egun baino geldituago. Eta bada kezka, uharteko politikariek kanpainan esandakoak aintzat harturik, Frantziako Asanblearako bozak aurreratu izanak erabat amaiaraziko duela etorkizun instituzionala finkatzeko elkarrizketen ibilbidea.

Parisek eta Korsikako hautetsiek osaturiko taldeak joan den martxoan adostu zuten autonomia legegileari buruzko akordioa, eta, berez, udaberrian zuen bide parlamentario ziurgabea hastekoa Frantzian. Ez da halakorik gertatu; eta, oraingoz, badirudi ez dela halakorik gertatuko. Gilles Simeoni uharteko gobernuburuak asko du jokoan prozesu horretan, eta negoziazioak amaitzea kolpe gogorra izan daiteke harentzat; baita, oro har, mugimendu nazionalistarentzat ere.

RN Batasun Nazionala faboritoa da Frantziako Asanblean ordezkaritzarik handiena lortzeko. Alderdi ultraeskuindar hori Korsikari autonomia legegilea ematearen aurkakoa da, eta indar horren garaipen batek nabarmen alda lezake elkarrizketarako logika, Frantziako behe ganberan bertan indar orekak moldatzear baitira. Horregatik, Simeonik berak kanpainan aitortu du, France 3 Corse ViaStella telebista kateari eta France Bleu RCFM irrati kateari emandako bi elkarrizketatan, etorkizun instituzionalaren inguruko negoziazioak amaitu egingo liratekeela eskuin muturrak gehiengoa izango balu.

Korsikan lau hautesbarruti dituzte Frantziako Asanblearako bozetan, eta horietako hirutan diputatu autonomistak hautatu zituzten 2017an eta 2022an. Ordezkari politiko horiek, besteak beste, autonomiari buruzko lobby lana egin dute Frantziako erakundeetan, eta ikusteko dago boto emaileek, afera lokalez gain, zer pisu emango dioten etorkizun instituzionalaren auziari. Kanpainan izan baitu tokia, baina ez baita egon horren erdigunean.

Lehia politikoari dagokionez, badira bi berritasun mugimendu nazionalistan. Batetik, Core in Fronte lehen aldiz aurkeztuko da Frantziako Asanblearako bozetara, «populismoen gorakadari hesia» jartzeko; hain justu, ezkerreko alderdi independentistak ere uste du RNk bozak irabazteak kolokan jar dezakeela autonomiari buruzko prozesua, eta horregatik deitu zuen, iragan ekainaren 20an egindako agerraldi batean, «korsikar herriaren eskubide historikoak» aitortzearen aldeko botoa ematera. Hori bai, «populismoei» erreferentzia egitean, Core in Fronte ez zen soilik RNz ari, Mossa Palatinaz ere bai. Korsikako alderdi hori aurten sortu dute, eta bere burua «autonomista, identitario eta liberaltzat» aurkezten du —eskuin muturrekoa da—.

Ikusteko dago, hortaz, bi alderdi horiek estreinakoz aurkezteak zer eragin izango duen emaitzetan. Duela bi urteko hauteskundeei erreparatuz gero, baliteke mugimendu nazionalistaren hauteskunde eskaintza handitu izanak Jean-Felix Acquavivari kalte egitea (Femu a Corsicakoa), 150 bat botoren aldeaz irabazi baitzion aurkariari bigarren itzulian, Korsika Garaiko bigarren hautesbarrutian. Femu a Corsicako beste bi diputatu autonomistek, printzipioz, ez lukete arazorik izan behar irabazteko —Michel Castellani Korsika Garaiko lehen hautesbarrutian, eta Paul-Andre Colombani Hego Korsikako bigarrenean—; baina ezer ez da ziurra, Fronte Popular Berria ere lehian baita.

Kaledonia Berrian, liskarren faktorea

Kaledonia Berrian, egoera ez da ziurra, Frantziako Asanblearako lehen bozak baitituzte iragan hilabetean hasitako liskarrez geroztik. Tentsioa pixka bat baretu da, baina uhartedian ez dira erabat itzuli protesten aurreko egoerara.

2022an, behintzat, ez zen sorpresarik izan, eta hautagai loialistek irabazi zuten: lehen hautesbarrutian, Philippe Dunoyer —Ensemblekoa, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aliantzakoa— aise gailendu zitzaion Walisaune Wahetrari —FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakekoa—, botoen %66,4 jasota; eta bigarrenean ere Ensembleren diputatugaiak irabazi zuen, Nicolas Metzdorfek babesen %54,23 bildu baitzituen FLNKSko Gerard Reignierren kontrako lehian.

Aurten, aldiz, lehen hautesbarrutian lehia estua espero da, Metzdorfek —hautesle errolda handitzeko lege proiektuaren txostengilea da— han aurkeztea erabaki baitu, baina etiketarik gabe, «kaledoniarra ez den beste joko politiko batean blokeatuta» ez geratzeko. FLNKSren lehen hautesbarrutiko diputatugaia Omayra Naisseline izango da, eta bigarrenekoa, Emmanuel Tjibaou; printzipioz, Tjibaouk luke aukera handiagoa irabazteko Naisellinek baino, bigarren barrutiko erroldan independentista gehiago daudelako.

(ID_13907289) FRANCE NEW CALEDONIA UNREST
Kanak independentista protestarietako batzuk, iragan maiatzaren 22an, Noumea hiriburuaren inguruan. BRUNO FAVRE / EFE

Itsasoz Haraindiko beste lurralde batzuetan, ez dira aldaketa handiak espero. Polinesia Frantsesean, adibidez, ezustekorik izan ezean, Tavini Huira'atira alderdi independentistak irabazi beharko luke: Tematai Le Gayic —2022an botoen %50,88 bildu zituen— eta Steve Chaillouxek (%58,89) berriz aurkeztuko dira, eta azken hautesbarrutian Mereana Reid Arbelot lehiatuko da, Moetai Brotherson Polinesia Frantseseko gobernuburua baita iazko maiatzetik. Hirurek dute NFPren babesa.

Martinikan, berriz, hauek irabazi zuten duela bi urte: Jiovanny Williamek, zeina etiketarik gabe aurkeztu zen (%62,9); Peyi-A alderdi independentistako Marcellin Nadeauk (%63,5) eta Jean-Philippe Nilorrek (%71,4); eta PPM Alderdi Progresista Martinikarra autonomistako Johnny Hajjarrek (%58,7). Lau horiek lehiatuko dira aurten ere, eta laurek dute ezkerreko koalizioaren sostengua.

Guadalupen ere, 2022an hautaturiko lau diputatuak aurkeztuko dira. PPDG Guadalupeko Alderdi Progresista Demokratikoa autonomistako Christian Baptiste —botoen %58,65 lortu zituen duela bi urte— eta FGPS Alderdi Sozialistaren Guadalupeko Federazioko Elie Califer —%100, beste hautagaia erretiratu zelako— babesten ditu NFPk; eta, horiez gain, lehian izango dira, berriz ere, GUSR Guadalupe Batu, Solidario eta Arduratsua autonomistaren babesa duen Max Mathiasin (%52,12) eta etiketarik gabeko Olivier Serna (%74,04).

Guyana Frantsesean, aldiz, bi diputatuak babestu ditu NFPk: MDES Deskolonizazio eta Emantzipazio Sozial Mugimenduko Jean-Victor Castor —botoen %56,5 duela bi urte— lehen hautesbarrutian, eta Davy Riman bigarrenean (%54,1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.