Korsikaren autonomia azken txanpan da, «oreken» eta «adostasunen» menpe

Uharteko hautetsiek eta Darmaninek etorkizun instituzionalari buruzko planez jardun eta eztabaidatu dute. Parisen proposamenak, besteak beste, uhartea konstituzioko artikulu batean aipatzea jasotzen du, autonomia legegile mugatua ematearekin batera.

Darmanin Frantziako Barne ministroa, Macron Frantziako presidentea, Maupertuis Korsikako Asanbleako presidentea eta Simeoni Korsikako gobernuburua, iragan irailaren 28an, irlako parlamentuan. PASCAL POCHARD-CASA / EFE
Darmanin Frantziako Barne ministroa, Macron Frantziako presidentea, Maupertuis Korsikako Asanbleako presidentea eta Simeoni Korsikako gobernuburua, iragan irailaren 28an, Korsikako parlamentuan. PASCAL POCHARD-CASA / EFE
ander perez zala
2024ko otsailaren 27a
12:50
Entzun

Korsikako hautetsien eta Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroaren arteko bilkuraren ondoren, ordezkari politiko guztiek mezu positiboak eman dituzte oro har uhartearen autonomiaz aritzerakoan. Bi aldeek beste pauso bat eman dute uhartearen etorkizun instituzionala finkatzeko helburuan, eta, Darmaninen arabera, «adostasunerako» bidean jarri dira. Baina, aldi berean, ordezkari politikoen adierazpenek agerian utzi dute oraindik ere badirela desadostasunak, eta, batez ere, mugimendu nazionalistak zail izango duela bere aldarrikapen guztiak betetzea. Izan ere, Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuaren arabera, «orekak» zehazteko daude oraindik ere. Behintzat, jakin dute zein den Frantziako Gobernuaren proposamen sorta: Korsikaren berezitasuna konstituzioan txertatzea; erresidentzia estatus bat finkatzea; legeak egiteko eta moldatzeko eskumen mugatua ematea; eta korsikera garatzeko eta sustatzeko neurriak hartzea.

Atzo gauean hasi eta gaurko ordu txikietara arte luzatu den bilkuran, uharteko hautetsiek eta Darmaninek bi proiektu aztertu dituzte. Batetik, Korsikako ordezkariek joan den ostiralean adosturiko «adierazpen politiko solemnea», zeinak biltzen dituen uharteko autonomisten, independentisten eta eskuindar erregionalisten eta jakobinoen aldarrikapenak —eta haien arteko adostasunak eta desadostasunak—; eta, bigarrenik, Frantziako Gobernuaren proposamen sorta. Lau ordu baino gehiago iraun duen eztabaida horren ondoren, zenbait ideia nabarmendu dituzte, Darmaninek azaldu duenez, eta baliteke Korsikaren etorkizun instituzionala horien arabera eraikitzea.

Lehenik, Korsikako Lurralde Kolektibitateak toki berezia izatea Frantziako Konstituzioan. Autonomia izango lukeen kolektibitate bat izango litzateke, eta estatutuak aintzat hartuko luke «uharteko komunitatearen berezitasun historiko, linguistiko eta kulturala, baita lurrarekiko atxikimendua ere». Hori guztia lege nagusian jasotzeko moduri dagokionez, mugimendu nazionalistak titulu baten bidez nahi du, baina Frantziako Barne ministroak ez dio hori eskaini, aipamena artikulu batean egitea proposatu baitu.

Bigarrenik, uharteko Asanbleak aukera izango luke legeak «bere egoeraren» arabera moldatzeko; hau da, Frantziako Parlamentuan onartuko lituzkeen testuak moldatzeko eskumena izango luke. Hirugarrenik, eta aurreko ideiarekin lotuta, irlako parlamentuak autonomia legegilea izango luke, baina mugatua, jasoko lituzkeen eskumenen araberakoa izango litzatekeelako.

Ez Darmaninek, ez Korsikako hautetsietako inork ez du zehaztu zeintzuk izango liratekeen horiek; hortaz, badirudi oraindik ere ados jarri behar dutela horren inguruan. Frantziako Barne ministroak zera besterik ez du esan: lege organiko batek zehaztuko duela hori, eta lege berri horiek Frantziako Estatu Kontseiluaren eta Konstituzio Kontseiluaren oniritzia jaso beharko luketela. Kasu horretan, nazionalisten aldarrikapena «eskubide eta ahalbide osoko autonomia» legegilea da, eta badirudi horren inguruan ere Parisek ez duela bat egiten; prest legoke autonomia legegile bat eskaintzeko, baina mugatua.

Bi aldeek hizpidera ekarri duten azken ideia zera izan da: etorkizun instituzionalari buruzko erreferendum bat egitea Korsikan, edozein erreforma indarrean sartu aurretik. Horren inguruan badirudi iritzia aho batezkoa dela.

Horiez harago, mugimendu nazionalistak egoiliar estatusa aldarrikatu du hamarkadotan, baina Darmaninek erresidentzia estatusa proposatu du; hau da, espekulazioari aurre egiteko, norbanako batek lehenik zehazteko legokeen denbora tarte bat pasatu beharko lukeela Korsikan bizitzen, ondasun higiezin baten jabe izateko. Hizkuntzaren inguruko desadostasunak ere agerian geratu dira, gainera: koofizialtasunaren ordez, Frantziako Barne ministroak korsikera garatzeko eta sustatzeko neurriak onartzea eskaini du. «Sustapen handiagoa», Darmaninen arabera.

Bi asteko epea

Bi aste barru beste bilkura bat egingo dute bi aldeek, eta baliteke Korsikan izatea, Frantziako Barne ministroa hara joatekoa baita; printzipioz, datorren martxoaren 14an eta 15ean. Emmanuel Macron Frantziako presidentea joan den irailean izan zen uhartean, eta sei hilabeteko epea eman zuen ados jartzeko autonomiaren inguruan; hau da, datorren hilabetearen amaierarako.

Behin ados jarrita, testuak Korsikako Asanblearen eta Frantziako Parlamentuko bi ganberen —Asanblearen eta Senatuaren— oniritzia beharko luke. Corse Matin egunkariaren arabera, uharteko ganbera datorren hilabetearen amaiera aldera batzartuko litzateke, eta Frantzian datorren apiril eta maiatz artean hasiko lukete prozesua, goi ganberan; horren ondoren, behe ganberara bidaliko lukete, ekainean.

Gainera, Frantziako Konstituzioan aldaketak egin beharko lituzketenez, ezinbestekoa izango da Frantziako Kongresuko hiru bostenen babesa ere izatea —Asanbleako eta Senatuko ordezkariak elkartzen dira saio horretan—; bozketa hori, betiere egunkari horren arabera, urte amaieran egingo lukete.

Eta Korsikaren autonomiari buruzko testuak bide parlamentario osoa egingo balu, erreferendumera deituko lituzkete uharteko herritarrak, datorren urtearen hasierarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.