Azkenean, bi aldeek amore eman behar izan dute jarrera batzuetan, ados jartzeko. Finean, Frantziako Gobernuak eta Korsikako hautetsiek oreka lortu behar izan dute uhartearen etorkizun instituzionalari buruzko negoziazioetan; besteak beste, elkarrizketa prozesuak arrakasta itxura eman zezan; hori islatzen du adosturiko testuak, uharteko Asanbleak uztailean onarturiko deliberazioko aldarrikapen batzuk jasotzen baititu, baita Emmanuel Macron Frantziako presidenteak irailean ganbera horretan bertan jakinarazitako marra gorri zenbait ere. Ideiarik garrantzitsuena zera da: Korsikarentzat autonomia legegilea jasotzen duela. Orain, ikusteko dago legeak egiteko gaitasun hori zenbaterainokoa izango den; horren araberakoa izango baita, batez ere, Frantziako Parlamentuan egingo duen ibilbidea.
Adostasun horrekin, amaitu egin da Korsikaren estatusari buruz aritzeko Frantziako Gobernuak eta uharteko hautetsiek 2022ko uztailean hasitako prozesua. Izan ere, gaur goizaldean, bi aldeen arteko azken bilera saila bukatu ondoren, Frantziako Barne ministro Gerald Darmaninek iragarri du «errepublikaren barruan» uhartearen autonomia aitortzeko testu bat adostu dutela, eta hedabideen aurrean azaldu du horrek «kontsentsu zabala» duela Korsikako hautetsien artean.
«Autonomiaranzko pausoak eman ditugu, eta ez dago Korsikaren eta errepublikaren arteko banaketarik, ez baititugu aipatzen ez herria, ez egoiliar estatusa, ez hizkuntzaren koofizialtasuna».
Gerald DarmaninFrantziako Barne ministroa
Legeak moldatzeko eta egiteko eskumena jaso dute, baina mugimendu nazionalistak ez du lortu beste aldarrikapen historikoak aintzat hartzea; kasurako, korsikera koofiziala izatea eta «Korsikako herria» aitortzea. Gainera, ez dute argitu autonomia estatutuaren aipamena nola txertatuko duten Frantziako Konstituzioan: titulu batean ala artikulu batean.
Edonola ere, Giles Simeoni Korsikako gobernuburuarentzat, «pauso erabakigarri bat» eman dute. «Konstituzio Kontseiluaren kontrolaren menpeko botere legegilearen printzipioa bizi-bizirik dago. Lege organikoak arautzen du gaitasun hori», adierazi die komunikabideei.
Frantziako Barne ministroaren hitzetan, Simeonik aipatutako lege organikoak modua emango du arauak «egokitzeko»; hori bai, ez du aurreratu lege horrek zer eskumen jasoko dituen, eta, beraz, autonomia legegilea zenbaterainokoa izango den. Alde horretatik, uharteko agintariak esan du «finalerdietan» daudela, eta hori ere «irabazi» behar dutela.
Ikusi gehiago
Darmaninen beraren esanetan, adostutakoak errespetatzen ditu bai berak bai Emmanuel Macron Frantziako presidenteak prozesuari ezarritako «marra gorriak», eta Macronek berak aginduriko sei hilabeteko epean gauzatzekoak dira. Testuaren lehen paragrafoak hau dio: «Idazki konstituziogile honek errepublikaren barruko autonomia estatutu bat aurreikusten du Korsikarentzat, eta kontuan hartzen ditu bere interes propioak, zeinak lotuta dauden uhartetasun mediterraneoarekin eta bere lurrarekin lotura bakan bat garatu duen komunitate historiko, linguistiko eta kulturalarekin».
Egoiliar estatusik gabe
Egoiliar estatusa izan da mugimendu nazionalistaren beste aldarrikapen historikoetako bat, baina auzi horretan ere ez dute aurrerapausorik eman. Darmaninek ziurtatu du testuak ez duela jasotzen «bi hiritar maila» egotea Korsikan.
«Ez dago herriaren kontzepturik, komunitate kulturalarena baizik», azaldu du, eta nabarmendu du, bide batez, egoiliar estatusaren ideia baztertu dutela. «Autonomiaranzko pausoak eman ditugu, eta ez dago Korsikaren eta errepublikaren arteko banaketarik, ez baititugu aipatzen ez herria, ez egoiliar estatusa, ez hizkuntzaren koofizialtasuna».
Ce soir, avec les représentants politiques corses, nous avons trouvé un large accord institutionnel conforme aux exigences fixées par @EmmanuelMacron. Cet accord sera prochainement débattu par l’Assemblée de Corse avant de prendre le chemin des consultations politiques… pic.twitter.com/6GaUrqD29A
— Gérald DARMANIN (@GDarmanin) March 12, 2024
Proiektua Korsikako Asanbleara eramango dute orain, han bozkatu dezaten —printzipioz, hilabete honetan—. Eta, behin handik igarota, Frantziako presidenteak konstituzioaren erreforma bat hasiko du. Ezinbestekoa izango da aldaketak Frantziako Parlamentuko bi ganberen oniritzia jasotzea lehenik, eta Kongresuko hiru bostenen babesa ere izatea gero —Asanbleako eta Senatuko ordezkariak elkartuko lirateke saio horretan—.
Azken asteetan zenbait hedabidek kaleratutakoaren arabera, espero dute bozketa sorta hori udaberri eta uda artean egitea, eta, horren ondoren, erreferendum bat antolatzea Korsikan, datorren urte hasierarako.