Korsikako mugimendu nazionalistak duela bost urteko arrakasta bera izan du Frantziako Asanblearako bozetan. 2017an, uharteko lau hautesbarrutietatik hirutan irabazi zuen, eta aurten garaipen sorta horri eustea lortu du, nahiz eta autonomistak eta independentistak zatituta aurkeztu diren.
Korsika Garaiko lehen hautesbarrutian irabazi zuen, herenegun, Femu a Corsicako Michel Castellanik (botoen %63,01), baina duela bost urte baino 3.000 bat boto gutxiago jasota. Bigarrenean, Jean-Felix Acquavivak ere irabazi zuen berriz (%50,23), baina, haren kasuan, lehia askoz ere estuagoa izan da, 150 bat botoren aldeaz irabazi baitzion aurkariari; gainera, duela bost urteko emaitzekin konparatuz gero, Acquavivak 5.000 boto inguru galdu ditu.
Hego Korsikan, PNC Korsikako Nazioaren Alderdiko Paul-Andre Colombanik irabazi zuen bigarren hautesbarrutian (%57,61), nahiz eta 2.000 boto galdu dituen duela bost urteko emaitzen aldean.
Azkenik, mugimendu nazionalistak ez du lortu garaipena lehen hautesbarrutian, baina espero baino emaitza hobea lortu du Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aliantzaren babesa zuen hautagaiaren aurka: Laurent Marcangeli Aiacciuko auzapezak botoen %51,76 lortuta irabazi zuen, Femu a Corsicako Romain Colonnaren kontra lehiatuta.
Bretainian, Paul Molacek irabazi du berriz ere Morbihan departamenduko 4. hautesbarrutian: babesen %73,4 lortu zituen herenegun —2017an Errepublika Martxan-en babesa izan zuen, eta aurten etiketarik gabe aurkeztu da—.
Kaledonia Berrian, berriz, ez da sorpresarik izan, hautagai loialistek irabazi baitzuten independentisten aurka. Lehen barrutian, Ensembleko Philippe Dunoyer aise gailendu zitzaion FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko Walisaune Wahetrari, botoen %66,4 jasota. Eta bigarrenean ere Macronen aliantzaren diputatugaiak irabazi zuen, Nicolas Metzdorfek (%54,23), FLNKSko Gerard Reignierren kontra.
Frantziako Asanblearako bozak. Bigarren itzulia
Korsikako nazionalistek hiru aulkiei eutsi diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu