Lurralde Asanblearako hauteskundeetarako lehen itzuli honetan lehiatzen ziren 19 zerrendetatik zazpik lortu dute bigarren txandan egoteko beharrezkoak diren botoen %5. Hauek dira: Camille de Rocca-Serra (UMP Mugimendu Popularrerako Batasuna) 14,61%, Emile Zuccarelli (PRG, Ezkerreko Alderdi Erradikala) 13,0%, Edmond Simeoni (Unione Naziunale) 12,18%, Paul Giaccobi (PRG, baina eskuineko hautagai batzuekin) 10,36%, Dominique Bucchini (PCF Alderdi Komunista) 6,66%, Jose Rossi (UMP, baina alderdiaren babesik gabe) 6,39% eta Simon Renucci (ezkerrekoa) 5,85%.Parte-hartzea oso handia izan da %72,38ra heldu da, 140.267 botoemailerekin. Lehen begiradan, botoak sakabanatu direla agerian geratu da. Hala, bigarren itzulian lehiatzeko aukera duten zerrenda guztientzat ezinbestekoa da aliantzak egitea, bigarren txandan garaile irteteko gisan.Lehen txanda honek eman duen ezusteko handiena da, ordea, Lurralde Asanbleako presidentea den Jose Rossik porrot larria pairatu duela. «Emaitzak penagarriak dira», aitortu zuen igande arratsean Rossik. «Camille de Rocca Serrarekin bat egiteko aukerarik balegoke; baina, horrelakorik ez bada lortzen, bigarren txandan lehiatuko naiz», gaineratu zuen. Unione Nazionale zerrendak lortutako emaitzak aipatzean, «independentismoa eta indarkeriagatik kezkatuta» agertu zen Rossi.
Abertzaleak, elkarrizketa bila
Autonomisten eta independentistek osaturiko zerrendaren emaitzez pozik agertu zen, berriz, Unione Naziunaleko zerrendaburu Edmond Simeoni. «Parisek Korsikaren izaera aintzat har dezan da gure helburua; gure planteamenduen bitartez elkarrizketa bilatzen dugu», nabarmendu zuen zerrendaburu nazionalistak. Unione Naziunalek ez ditu bateratu, haatik, Korsikako nazionalista guztiak. Botoen %2,16 soilik lortu dituen U Rinnovu (Berrikuntza) zerrendako burueak Unione Nazionaleren alde boto egiteko deia egingo duten galdeturik zera erantzun zuen: «Herritarrek iritzi badiote beste indar politiko batek ordezkatu ditzakeela gure asmoak, egin beharrekoa egingo dute».
PRGko zerrendaburu eta Bastiako alkate Emile Zuccarellik baikor hartu zituen bere emaitzak: «Bastian, botoen %30 gainditu ditugu; komunistek ere emaitza onak dauzkate eta bigarren lehian egon daitezke. Azkenik, aliantza egileetan egoteko beharrezkoa den %3ko muga lortu duten zerrendak hauek dira: Toussaint Luciani (ezkerreko korsista) 4,37%, Olivier Martinelli (FN) 4,47%, Pierre-Philippe Ceccaldi (eskuina) 4,08%, Jerome Polverini (eskuina) 3,31% eta Jean-Louis Albertini (eskuina) 3,21 %.
-
NAZIONALISTAK
Carghjesen Unione Naziunale da boto gehien lortu duen zerrenda
Korsika hegoaldeko kostaldean dagoen 900 bizilaguneko herri bat da Carghjese. Han bizi zen Frantziako Poliziak Claude Erignac prefetaren hiltzailetzat jo duen Yvan Colonna eta han bizi dira haren senitartekoak. Ihesean zegoen Colonna bilatzen zuten garaietan esaten zen biztanle baino polizia gehiago zebilela Carghesen. Yvan Colonnaren senideak eta ingurukoak zelatatzeko xedez, Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministroak polizia eta jendarmez josi zuen Carghjese.Joan den igandean, haatik, jokaera honi emandako erantzuna argi geratu zen ontzietan. Unione Nazionale zerrendak bereganatu du boto gehien bozen %34,68. Erdiekin baino gutxagorekin bozen %15,56 nabarmen dator atzetik Emile Zucccarellli, eta hirugarren postuan, berriz, Philippe Ceccaldi ezkerreko korsista, botoen %15,24rekin. Hortaz, Korsikarekin kezkatuta egon daiteke geroan ere Sarkozy.