Korsikako autonomiari begirako adostasun «erabakigarria»

Korsikako hautetsiek etzi aurkeztuko dizkiote Parisi sinatu dituzten proposamenak. Gatazka amaitzeko, Frantziako Konstituzioan aldaketak egitea ez ezik, uharteko egoeragatik auzipetuak eta kondenatuak libre uztea ere galdegin dute.

Korsikako delegazioko hautetsiak adierazpena sinatzen, atzo, Aiacciun. BERRIA
Korsikako delegazioko hautetsiak adierazpena sinatzen, atzo, Aiacciun. BERRIA
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko otsailaren 24a
16:50
Entzun

Iazko irailean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak autonomia estatutua eskaini zion Korsikari, nazioaren proposamenari baiezkoa emanda. Pozik ziren korsikarrak, independentzia lortu ez arren beren interesak defenditzeko beste pauso bat emateko aukera gisa ikusi baitute nazioaren autonomia Frantziako Konstituzioan biltzea. Hori lortzeko, estatutuan bildu beharreko zenbait puntu jasotzen dituen proposamena aurkeztu behar dio etzi Aiacciuk Parisi. Atzo bildu ziren Korsikako ordezkariak, Asanblean, presidenteen biltzarraren aferari heltzeko. Hamar orduz egon ziren bilduta, eta, 22:30 aldera, azkenean, adierazpen bateratu bat sinatu zuten. «Autonomia estatuturako urrats erabakigarria!». Horrela definitu zuen atzo Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuak Korsikako hautetsiek sinatutako adierazpena.

Azaldu dutenez, gatazka «behin betiko amaitzeko» eta Aiacciuren eta Parisen arteko «harremanetan pasarte berri bat idazteko» borondatearekin egin dute Korsikako hiriburuan atzo sinaturikoa. Korsikarren ordezkariek adierazpenaren hasieran esan dutenez, 2022ko martxoan hasi eta «2024ko ekaina baino lehen» amaitu behar den «berrikuspen konstituzionalaren» —hau da, Frantziako Konstituzioa aldatzearen— prozesuan kokatzen dira adostutako puntuak. Gerald Darmanin Barne ministroari etzi aurkeztuko dizkiote.

Gatazkari amaiera emateko, hala ere, irlaren egoera politikoak eragindako ondorio zibil eta penalei «irtenbidea» eman behar zaiela esan dute: «Gatazkaren logikatik irteteak berekin dakar irtenbidea bilatzea uharteko egoera politikoarekin zerikusia duten gertakariengatik auzipetutakoen eta zigortutakoen ondorio penal eta zibilei».

Atzo sinatutako adierazpenak sei puntu ditu, bi bloketan banatuta. Alde batetik, Korsikako indar politikoek aho batez eskatutako puntuak, eta, bestetik, gehiengoak eskatzen dituenak. Aho batez, lau eskari plazaratu dizkiote Darmaniri. Lehenik, Frantziako Konstituzioan Korsikako «komunitate historiko, linguistiko eta kulturala aitortzea», bere lurrarekin mendeetan «lotura berezia» garatu duena. Adierazi dutenez, 1988tik korsikarren aitortzaren eskean dabil Korsikako Asanblea.

Gainera, irlan korsikerari «benetako elebitasun» baten estatusa emateko eskatu dute, Korsikan frantsesa zein korsikera erabiltzeko eskubidea ziurtatzeko. Erakunde eta administrazio publikoek horretarako bermeak ezarri beharko dituzte: «Politika publiko horien oinarriak izan beharko dira, batetik, irakaskuntza elebiduna eta murgiltze eredua orokortzea, eta, bestetik, elebitasunaren aldeko irakaskuntzaren zerbitzu publiko bat ezartzea».

Korsikarren identitatea ez dago lotua kultura, hizkuntza eta historia komun bati soilik, hautetsien aburuz. Izan ere, aho batez onartutako puntuen artean dago Korsikako herritarrek uharteko «lurrarekin duten lotura» aitortzea. Adierazpenean jaso dutenez, aitortza horrek aukera emango die lotura hori bermatzeko «mekanismoak garatzeko». Baina Aiacciuk ez du nahi lotura hori aitortza soil bat izatea; aitzitik, espekulazioa amaitzeko ere baliatu nahi dute, besteak beste: «Aitortzak aukera eman behar digu lurzoru eta higiezin egokiak lortu eta eskualdaketak errazteko, espekulazioari aurre egiteko, eta nekazaritza lurrak mobilizatu eta eskuratzeko bidezko sarbidea antolatzeko».

Aho batez aurkeztea adostu duten azken puntua Korsikaren autonomia fiskalari dagokio. Bertan, «aurrekontuen, fiskalitatearen eta finantzen inguruko itun berria» eskatzen diote Parisi. Hau da, Korsikak fiskalitatearen inguruko eskumenak bere gain uzteko eskatu dio Frantziari.

Gehiengoaren adostasunarekin baina ez aho batez onartu dituzten puntuei dagokienez, bi kasuetan Un Soffiu Novu taldea izan da ezezko jarrera aurkeztu duena —eskuin erregionalista eta eskuin jakobinoa biltzen dituen talde parlamentarioa da Un Soffiu Novu—. Frantziako Konstituzioan Korsikaren autonomia aitortu eta estatus horrek izango dituen ezaugarriak bilduko dituen atala titulu oso bat izatea galdegin dute hautetsi gehienek, eta Un Soffiu Novu taldeak, berriz, iritzi dio nahikoa dela artikulu berri bat jartzea.

Korsikarrek botere legegilea beren esku izateak ere eragin ditu desadostasunak. Gehiengoak adierazi du botere legegilea irlaren esku jartzeko nahia. Botere horren transferentzia «progresiboki eta eskumenen blokeetan» egitea proposatuko diote Parisi. Un Soffiu Novuk, baina, eskubidea aldarrikatu du Korsikako Asanbleak Paristik datozen neurriak aldatu edo bere eskualdean bertan behera uzteko, prozesu legegile osoa Aiacciun esku utzi beharrean.

Eskuinak ere bai

Negoziazioz beteriko hilabeteak izan dira azkenekoak, subiranisten —Simeoni buru dutela— eta Un Soffiu Novuren arteko desadostasunak nabariak baitziren. Korsikako Asanbleak iazko uztailaren 5ean Frantziari autonomia legegilea eskatu zionean, ezezkoa eman zuten eskuineko indarrek. Bestalde, Corsica Liberako lurralde kontseilari Josepha Giacometti-Piredda abstenitu egin zen; haren aburuz, orduko hartan Asanblean planteatutako testuak Parisen «zenbait marra gorri» biltzen zituelako.

Oraingo honetan, ordea, Korsikako indar subiranistak eta eskuina ados jarri dira. Izan ere, adierazpena sinatu dutenen artean Un Soffiu Novuren kideak ageri dira; haien artean, Jean-Martin Mondoloni eta Valerie Bozzi, taldeko presidentea eta kopresidentea, hurrenez hurren. Guztira, kolore eta postu guztietako hogei hautetsik sinatu zuten akordioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.