Frantziako presidente denetik laugarrenez bidaiatu du Korsikara Emmanuel Macronek. Bihar arte izango da han, eta, berez, hauxe da bisitaren arrazoi ofiziala: asteon 80 urte bete diraBigarren Mundu Gerran Korsika nazien kontroletik aske gelditu zenetik. Edonola ere, urteurrena aitzakia izango da Macronek Korsikako mugimendu nazionalistak eskatutako autonomia legegilearen inguruan hitz egin dezan. Uharteko gobernuburu Gilles Simeonirekin biltzekoa da gaur, eta agerraldia egingo du Korsikako Asanblean, 10:00etan.
Frantziako hainbat hedabidek Eliseoko iturriak aipatuz herenegun kaleratu zutenez, Macron prest legoke hainbat erreforma instituzional egiteko. Baina baldintza bat jarri du: uharteko nazionalistekin adosten duten akordioa «Frantziako egungo marko legalaren barruan egotea». Gainera, aintzat hartu behar da nazionalisten zenbait eskaerak gainditu egiten dituztela Parisentzat «marra gorriak» liratekeen zenbait muga, hala nola korsikeraren koofizialtasuna indarrean jartzea eta Korsikako biztanleei egoiliar estatusa aitortzea. Hortaz, ez dago bermatuta bisita honetan Parisek eskaera horri behin-behineko baiezkorik edo ezezkorik ematea.
Halere, haren hitzei gertutik erreparatuko diete hainbatek; esaterako, Core in Fronte alderdi independentistako buru Paul-Felix Benedettik, Corse Matin egunkariari atzo azaldu zionez. «Emmanuel Macronen adierazpenaren irismen politikoari adi egongo gara nire taldea eta ni». Gero, azpimarratu zuen Korsikako Asanblean alderdi nazionalistek adostutako deliberazioa dela «kontuan hartu beharreko akordio bakarra».
Uharteko alderdi nazionalistek joan den uztailaren 6an adostu zuten Korsika autonomia legegile bihurtzearen aldeko deliberazio komun hori, Korsikako Asanblean. Bi indar autonomistek—Femu a Corsica eta PNC Korsikako Nazioaren Alderdia— eta bi indar independentistek —Core in Fronte eta Corsica Libera— bozkatu zuten alde. Ezusteko handiena eskuineko Un Soffiu Novuko ordezkari Pierre Ghiongak eman zuen, alde bozkatu baitzuen —haren alderdiko kideek, ordea, aurka egin zuten—.
Denera, Korsikako ganberan 63tik 46 botoren babesa izan zuen indar nazionalisten deliberazioak. Bost atal ditu testuak, 24 artikulutan banatuta. Hiru ideia nabarmentzen dira: lehenik, Korsikako herriaren aitortza, korsikeraren koofizialtasuna eta egoiliar estatusa; bigarrenik, titulu bat Frantziako Konstituzioan, estatutua biltzen duen lege organiko bat eta Korsikako herritarrak erreferendum baten bidez kontsultatzea; eta, azkenik, autonomia estatutua «progresiboki» sartzea indarrean, Parisekin finkatutako egutegi baten bitartez.
Berandu baino lehen uhartearen estatusarekin zer gertatuko den jakin nahi dute Korsikako alderdi nazionalistek, eta, horregatik, egutegi bat finkatu nahi dute «ahalik eta lasterrena» Frantziako Gobernuarekin. Halere, aldizkakoak izan dira orain arte bi aldeek egin dituzten bilerak. Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa da gobernuaren ordezkaria auzi horretan, eta hamalau hilabetean bost aldiz elkartu da Korsikako ordezkariekin. Hango zenbait hedabideren arabera, Korsikako herritarrek iritzi diote garaia dela afera honetan «aurrera edo atzera egiteko».
Finean, Frantziako Gobernuak erabaki behar du Korsikarentzat autonomia legegilea onartu edo ez. Baina, hori onartuko balu ere, gerora beharrezkoa litzateke Frantziako Kongresuaren hiru bostenen babesa, eta Macronek eta haren aliatu parlamentarioek ez dute gehiengo osorik. Beraz, ezer ez dago bermatuta.
Errautsetatik jaio dena
Mende erdiko «borroka eta gatazka» bizi izan du Korsikako mugimendu nazionalistak, deliberazio komuna onartu zuten egunean Simeonik hala esanda. Gatazka hori are gehiago hauspotu zuen Yvan Colonna militante independentistaren heriotzak, horren harira hasi baitzen Korsika autonomia legegile egiteko prozesua.
Iragan urteko martxoaren 2an jipoitu zuten Colonna, espetxean, eta hogei egun geroago hil zen. Haren heriotzak haserre handia eragin zuen Korsikan, eta batez ere gazteek antolatutako manifestazio jendetsuak ugaritu egin ziren zenbait astez. Protestek etenik ez zutela ikusita, «taburik gabe» autonomiaz negoziatzea onartu zuen Parisek.
Korsikako Asanblean marra gorriak planteatzekoa da Emmanuel Macron
Frantziako presidentea bihar arte izango da uhartean. Espero da Korsikako mugimendu nazionalistak eskatutako autonomia legegilearen inguruan mintzatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu