Korsikako Asanbleak aurkeztutako helegitea baztertu, eta iazko martxoaren 9an emandako ebazpena berretsi du Bastiako Administrazio Dei Auzitegiak: irlako legebiltzarkideek ezingo dute korsikeraz hitz egin asanblean. Auzitegi horren erabakiak haserrea eragin du hango agintarien artean; besteak beste, X sare sozialean herenegun argitaratutako komunikatu baten bidez, ebazpenaren aurka egin du Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuak: «Auzitegiarentzat, Korsikako Asanblean korsikeraz mintzatzeko eskubidea konstituzioaren aurkakoa da. Gure erantzuna: konstituzioa aldatu behar da».
Hain justu, auzitegiak argudiatu du frantsesa ez den beste hizkuntza batean aritzeak «talka» egiten duela konstituzioaren II. artikuluarekin, zeinak zehazten duen «frantsesa Errepublikaren hizkuntza» dela. Korsikako Gobernuak eta asanbleak ezarritako barne arautegiek, ordea, jasotzen dute legebiltzarkideek eta erakunde horietako langileek eskubidea daukatela korsikera zein frantsesa baliatzeko.
Aurrez emandako ebazpena berretsita, auzitegiak baztertu egin du Korsikako asanbleak aurkeztutako helegitea. Nolanahi ere, Korsikako Gobernuak jakinarazi du beste helegite bat aurkezteko asmoa daukatela, eta «laster» eztabaidatuko dutela horren inguruan. Simeonik X sare sozialean argitaratutako komunikatuan, irlako agintariek salatu dute korsikeraren debekua hizkuntza eskubideak babesten dituzten nazioarteko zein EB Europako Batasuneko legeen aurkakoa dela.
Are gehiago, Korsikako Gobernuak ohartarazi du ebazpenak eragina izango duela legebiltzarretik haratago. Horren arabera, erabakiak bide eman dezake beste hizkuntza oro baztertzeko, hala nola bretoiera, euskara edo okzitaniera; ez soilik erakunde publikoetan, baita bizitza publikoarekin lotutako beste edozein egitasmotan ere.