Korsikako Asanbleak autonomia legegilea eskatu dio Frantziari

Uharteko parlamentuak mugimendu nazionalistaren deliberazio komuna onartu du; Corsica Libera abstenitu egin da. Orain, Macroni dagokio proposamenari baiezkoa ematen ote dion jakinaraztea

Korsikako Asanblea, herenegun gauean eta atzoko ordu txikietan egindako bozketetako batean. #BARRA_ABILDUA#GILLES_SIMEONI.
ander perez zala
2023ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Mende erdiko «borroka», mende erdiko «gatazka», eta «sakrifizioak, nekeak». Korsikako mugimendu nazionalistak, bere osotasunean, emozio handiz bizi izan du, eta iraganari etengabe erreferentzia eginez, uhartearen historiako mugarrietako bat. «Txosten hau gurea da, gu denona. Baina jada ez da gurea. Hamarkadotan herri hau aitortua izan dadin borrokatu direnena da», esan zuen herenegun gauean Gilles Simeoni gobernuburuak, gauerdirako pare bat ordu falta zirenean, eta jada bazekienean deliberazio komuna onartzear zeudela. Mezu indartsu bat da Frantziako Gobernuarentzat: uharteak autonomia legegilea eskatu dio, orain arteko babesik handienarekin. Eta garaipen bat da autonomistentzat eta independentistentzat, behin-behinekoa bada ere, batasun irudia erakutsi baitute.

Korsikako mugimendu nazionalista, azken urteotan hainbatetan gertatu den modura, gai izan da, egoerak hala eskatuta, desberdintasunak alde batera utzi eta ideia berberaren inguruan elkartzeko. Finean, denek bat egiten baitzuten aldarrikapen historikoak eskatzeko beharraren inguruan, eta, ez zegoen, praktikan, zailtasun handirik horren harira; xehetasunak, hitzak, ideiak adierazteko modua, hori zen zailena, eta, aldi berean, ez hain zaila. Baina egin beharreko lana zen: eztabaidatu eta ados jartzea. Eta, gainera, denek zekiten ezin zutela inola ere galdu hilabeteotan irekitako atea, sortutako aukera.

Simeonik idatzi du autonomia legegileari buruzko deliberazioa, PNC Korsikako Nazioaren Alderdia autonomistako Jean Christophe Angelinirekin eta Core in Fronte independentistako Paul-Felix Benedettirekin batera. Baina ez dira bakarrak izan, bere egin baitzituzten Corsica Liberako lurralde kontseilari Josepha Giacometti-Pireddaren eta Un Soffiu Novu eskuindarreko Pierre Ghiongaren —«autonomista ez-nazionalista» da— ekarpenak ere. Eta bi ordezkari politiko horiek izan dira, hain justu, atzoko ordu txikietan amaitu zen saioko protagonistetako batzuk: Giacometti-Piredda, abstenitu egin zelako —argudiatuta testuan Parisen «marra gorri batzuk» jaso dituztela—, eta Ghionga, alde bozkatu zuelako. Denera, 46 botoren babesa 63tik; Un Soffiu Novuk bozkatu zuen kontra.

Eskuin erregionalista eta eskuin jakobinoa biltzen dituen talde parlamentario hori izan zen beste protagonistetako bat. Jakina zen barne desadostasunak dituela autonomia legegilearen inguruan, eta, azkenean, bere testua aurkeztea erabaki zuen, minimalistagoa, legeak egokitzeko boterea eskatzera mugatu baitzen. Asanbleako saioari berriz ekitean etorri zen albistea: Un Soffiu Novuko presidentekide Jean-Martin Mondolonik «elkarri ez eraso egiteko akordio bat» eskatu zien nazionalistei, baina horiek, azkenean, ezezkoa eman zioten, PNCk izan ezik—abstenitu egin zen, «dibertsitatea errespetatzeko»—. Asanbleak, hortaz, ez zuen onartu eskuinaren proposamena.

Mondoloni, noski, asko haserretu zen, baita taldeko beste presidentekide Valerie Bozzi ere; horren erakusgarri, saioari berriz ekitear zirela biek nahiko eztabaida sutsuak izan zituzten Ghiongarekin. Lurralde kontseilari horrek, bere botoa azaltzeko agerraldia egin zuenean, jakinarazi zuen Un Soffiu Novu utziko zuela.

Talde parlamentario horren kritikei erantzunez, Simeoni argi mintzatu zen: ez zuen nahi Parisi bi testu bidaltzea, batez ere edukiagatik —autonomia legegilea eta legeak egokitzeko eskumena—, uste baitu atea irekiko ziola Macroni anbiziorik txikiena duena onartzeko, eta nazionalistena baztertzeko.

Aldarrikapen historikoak

Onarturiko deliberazioak bost atal ditu, 24 artikulutan banatuta; baina, oro har, hiru ideia nabarmentzen dira.

Lehenik, autonomia legegilea biltzen duen estatutu bat eskatzen dio Frantziako Estatuari, eta horren helburuak zerrendatu: Korsikako herriaren aitortza, korsikeraren koofizialtasuna eta egoiliar estatusa, adibidez. Bigarrenik, ibilbide konstituzional bat proposatzen du hori guztia indarrean sartzeko: titulu bat Frantziako Konstituzioan, estatutua biltzen duen lege organiko bat, eta Korsikako herritarrak erreferendum baten bidez kontsultatzea. Eta, hirugarrenik, autonomia estatutua «progresiboki» sartzea indarrean, Parisekin finkaturiko egutegi baten bitartez.

Orain, ikusteko dago Emmanuel Macron Frantziako presidenteak baiezkoa ala ezezkoa emango dion Korsikako Asanbleari. Macronek, printzipioz, hilaren 14ko agerraldian aipatuko du uhartearen etorkizun instituzionala; eskaria onartuko balu ere, gerora beharrezkoa litzateke Kongresuaren hiru bostenen babesa. Eta kontuan harturik Frantziako presidenteak eta haren aliatuek ez dutela gehiengo osorik, ez dago ezer bermatuta.

Edonola ere, autonomiari buruzko testua onartu izana «borroka nazionalista luze baten» amaiera da, Simeoniren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.