Koronabirusa kutsakorra da sintomak agertu aurretik ere

80ra igo da birusak Txinan hildakoen kopurua. Agintarien arabera, 2.744 dira kutsatutakoak

Tenperatura kontrolak egiten, atzo, Nanjingeko tren geltokian. SU YANG / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun

Koronabirusak hildakoen kopurua gora doa Txinan, eta 80ra iritsi dela baieztatu dute herrialdeko datu ofizialek. Heriotza gehienak Hubei eskualdean izan dira, birusa lehen aldiz azaldu zen tokian. Horrez gain, Txinako agintarien arabera, 2.744 pertsona kutsatu dira, eta horietatik 461 egoera kritikoan daude. Gaitzak izan dezakeen eraginari buruzko kezkak ere areagotu egin dira. Izan ere, jakin da birusa hamalau egunetan inkubatzen dela, eta sintomak agertu aurretik ere kutsakorra dela.

 

Horrek zailagoa egiten du gaixoak atzematea, eta 2002an Txinan agertu zen SARS birusetik bereizten du. Kasu hartan, sintomak eragiten zituen kutsatutako gaixo guztiengan: 700 heriotza eragin zituen mundu osoan, eta, kutsatutakoen artean, %13 eta %19 arteko heriotza tasa izan zuen.

Ma Xiaowei Osasun ministroak igandean aitortu zuen agintariek birusari buruz duten ezagutza «mugatua» dela, eta, beraz, ez direla gai zehazteko zenbat hedatuko den edo nolako arriskua dagoen birusa mutatzeko. Li Keqiang Txinako lehen ministroa Wuhaneko erietxeetan izan zen atzo, eta adierazi zuen martxan jarri behar direla gaixo guztiak ospitaleetan «onartuak izateko» neurri guztiak. Halaber, Urteberriko oporrak otsailaren 3ra arte luzatzea erabaki du Txinako Gobernuak, gaitzaren «kontrola eta prebentzioa indartzeko».

Hedatzen ari da

Etengabe zabaltzen ari da koronabirusa. Iragan abenduan antzeman zuten lehenengoz, eta, batez ere, Txinako zenbait gunetan hedatu da. Halere, beste hainbat herrialdetan ere identifikatu dituzte gaixoak. Txinatik kanpo, Thailandian dago kopuru handiena: zortzi lagun dira kutsatuak —horietatik bi osatu dira jada—. AEBetako Gobernuak bost gaixo identifikatu ditu, baita Australiak ere. Frantziak, berriz, lau kasuren berri eman du, eta berdin Singapurrek, Malaysiak, Taiwanek eta Japoniak. Hiru kasu atzeman dituzte Hego Korean, bi Vietnamen eta Kanadan, eta bana Nepalen eta Kanbodian.

Hong Kongeko agintariek osasun larrialdia ezarri zuten, eta beste urrats bat egin zuten atzo: Hubeiko bizilagunei sarrera debekatu diete, «kutsatutako pertsonak eskualdera sartzeko arriskua murrizteko». Malaysiak ere antzera jokatu zuen, eta Wuhan hirian bizi direnei galarazi egin die bere lurraldera sartzea.

Izua zabaltzen ari da birusa, eta herrialdeak hainbat neurri hartzen hasiak dira. AEBek hegaldi bereziak jarri dituzte Wuhanen dauden herritarrak eta diplomazialariak handik atera eta aberriratzeko, eta bide bera hartuko dutela jakinarazi dute beste hainbatek: Frantziak, Japoniak, Espainiak eta Belgikak, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.