Koroaren suhesiak

Espainiako errege emerituak Espainiatik alde egin izanak hauspotu egin ditu haren gaineko iruzur susmoak. Koroak auzi «pribatua» dela ziurtatu arren, haren dimentsio «politikoa» nabarmendu dute zenbait adituk. Espainiako Gorenak argitu beharko du guztiz bortxaezina den ala ez.

Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Txinparta piztu zuen Jose Manuel Villarejo Espainiako Polizia komisario ohiari atzemandako grabazio batek. Sua hedatu zen Suitzako Fiskaltza Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege emerituaren ondasunak ikertzen hasi zenean, eta erretzeko arriskua handiegia dela erabaki zuen Errege Etxeak. Errege emerituak Espainia utzi zuela jakinarazi zuen hilabete hasieran. Semearen agintea «errazteko» eman zuen pausoa, baina haren irteerak ez du sutea itzali. Aldiz, eztabaida politikoaren erdigunean jarri du berriro ere Espainiako monarkia. Errege emerituaren auziek Felipe Borboikoa Espainiako erregea kiskal ez dezaten, suhesiak altxatzeko lanean ari da Errege Etxea.

Koroaren jarrera argia da: Borboikoak Espainia utzi izanak eta haren ustezko iruzurrek ez dute zerikusirik Errege Etxearekin. Afera pribatuari dagozkion kontuak dira. Bertsio horri eutsi zion atzo jakinarazi zuenean Borboikoa Arabiar Emirerri Batuetan zegoela, eta azaldu hark berak eskatu ziola bere kokapena jakinarazteko. Errege Etxearen bideari jarraitu dio Pedro Sanchez presidenteak, eta ohartarazi du «pertsonak» epaitu behar direla, eta ez «erakundeak».

Bereizketa hori egitea posible ote den zalantzan jarri dute, baina, zuzenbide arloko zenbait adituk. Javier Perez Royo Konstituzio Zuzenbideko katedradunak BERRIAri azaldu dionez, Errege Etxeak eta gobernuak Borboikoaren «bizitza pribatuari» buruz esandakoak ez datoz bat Espainiako Konstituzioak dioenarekin. «Ez dago arlo pribaturik Errege Familian. Familia hori da Konstituzioak erakunde gisa aitortzen duen sendi bakarra. Koroa ordezkatzen du. Estatu erakunde bat. Beraz, dimentsio politikoa eta konstituzionala du soilik».

Borboikoaren kontrako akusaziorik ez dagoela nabarmendu dute, bestalde, Errege Etxeak nahiz gobernuak, eta horretan bat dator Perez Royo. Baina oraingoz«juridikoki garrantzitsua den elementurik» ez dagoela uste arren, Espainiak «politikoki batere normala ez den egoera» bizi duela azaldu du. Haren esanetan, gobernua «inolako arazo politikorik ez balego bezala» ari da jokatzen, hain justu, «krisi konstituzional» bati aurre egin beharko liokeenean. «Zaila da aurreikustea zenbateko eragina izan dezakeen, baina eztabaidaezina da pisu handiko krisi bat sor daitekeela».

Ziurtatu duenez, egoera horri aurre egiteko, Espainiako Gorte Nagusiak dira esku har dezaketen bakarrak, «nazio subiranotasunaren ordezkariak baitira». Kongresuak eta Senatuak «saio bateratu batean» zehaztu beharko lukete nola egingo zaion aurre arazoari. Katedradunak azaldu du Konstituzioak berak esleitzen diela ardura hori Gorteei. «Konstituzioaren 57.5 artikuluak dio lege organiko baten bidez argitu behar direla Koroaren abdikazioak eta uko egiteak, eta legezko edo gertaerazko edozein zalantza». Espainiak «lege hutsune» bat duela gaineratu du, lege organiko hori ez baita inoiz onartu. «Ondorioz, [Juan Carlos Borboikoaren] abdikazioa hala moduz egin zen. Nire iritziz, iruzur konstituzional baten bidez».

Bortxaezintasuna

Sutearen tamaina mugatu dezakeen beste suhesi bat da erregearen bortxaezintasunaren defentsa. Konstituzioaren 56. artikuluak aitortzen dio berme hori, baina Borboikoak 2014an galdu zuen, abdikatu zuenean. Orduan, forudun izaera aitortu zitzaion, eta, ondorioz, delituren batengatik epaitzekotan, Auzitegi Gorenak epaitu beharko luke.

Hori dela eta, Espainiako Fiskaltzak adierazi du ez duela eskumenik 2014tik atzerako gertaerak ikertzeko, eta urte horretatik aurrera Borboikoaren ekintzetan delitu zantzurik ba ote den ikertzera mugatu du bere egitekoa.

Juanjo Alvarez Nazioarteko Zuzenbideko katedradunak BERRIAri azaldu dionez, argi dago 2014tik aurrerako ekintzak iker ditzakeela justiziak. «Preskribatu ez duten eta jarraituak izan diren delituak ikertzeko arazorik ez da izango; kapitalen zuritzea edo zerga iruzurra, esaterako».

Desadostasun gehiago dago Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege zenean egindakoengatik ikertua izan ote daitekeen eztabaidatzeko orduan. «Konstituzioak erabateko bortxaezintasuna, eta, beraz, erregearen zigorgabetasuna aurreikusten al du? Ez du argitzen». Lege hutsune hori dute oinarri erregeari bere aginte garaian egindako deliturik ezin zaiola leporatu babesten dutenek.

Alvarezek, ordea, gogora ekarri du Espainiak atzerriko estatuburuen immunitateari buruzko lege bat onartu zuela 2015ean, eta lege horrek bereizi egiten dituela ekintza ofizialak eta ofizialak ez direnak. «Espainiak atzerriko estatuburu bat epaitu ahal izango du ekintza ez-ofizialengatik, baita karguan zen garaian egindakoengatik ere, behin agintea amaitzen duenean». Espainiako kasuan, bortxaezintasun eta immunitate printzipioak beste era batera interpretatu behar direla pentsatzea funtsik gabea dela adierazi du.

Nazioarteko jurisprudentziak bortxaezintasunaren mugak argi ezartzen dituela gaineratu du Alvarezek. «[Augusto] Pinocheten kasua ezaguna da. Erresuma Batuko auzitegia eztabaidatzen ari zenean hura Espainiara estraditatu behar ote zen ala ez, lerro bakarrean konpondu zuen auzia. Esan zuen, hain zuzen, Pinochetek ez zuela bere herritarrak torturatzeko edo erailtzeko ahalmenik Txileko estatuburu izateagatik».

Legeetan eta jurisprudentzian jasota dagoenaz harago, erregearen bortxaezintasuna ekintza ofizialetara mugatzea arrazoizkoena dela adierazi du Alvarezek. «Nahikoa anomalia demokratikoa da leinuko monarkia parlamentario bat izatea, gainera erregeak estatuburu den artean nahi duena egin dezakeela onartzeko: erail, bortxatu edo lapurtu».

Espainiatik kanpo ere ustelkeria kasuengatik epaitua izan daiteke Borboikoa. Suitzako Fiskaltza ikertzen ari da errege emerituak herrialde horretan gordea zuen ondasuna. Borboikoa Suitzan auzipetua izateko «aukerak areagotu» direla uste du Alvarezek, Espainiatik alde egitea erabaki duela eta. «Pentsatzen nuen Espainiako justiziak ahalegin bat egin zezakeela auzi osoa bereganatzeko, eta gero aukera izango zuela delitu jakin batzuk ikertzeari uko egiteko, erregea zen garaiko gertakariak direla argudiatuta». Errege emerituak Espainia utzi duenez, baina, Suitzak errazagoa izango du ikerketa bere kabuz jarraitzea, Espainiaren eskarien menpe egon gabe. Gainera, Espainian ez bezala, Suitzan ez dute haren bortxaezintasunari buruzko eztabaidarik. «Soilik aztertuko dute ikertzen ari diren ekintzak delitu diren ala ez».

Espainian, Fiskaltzak 2014 aurreko gertaerak ikertzeari uko egin dion arren, irizpide hori egoki jotzen duen ala ez argitu beharko du Gorenak. Halaber, Omnium Cultural Kataluniako elkarte independentistak errege emerituaren aurka aurkeztu duen kereilari buruz erabaki beharko du. Omniumek zerga iruzurragatik, kapital zuritzeagatik eta ustelkeriagatik salatu du Borboikoa, eta eskatu du hura ikertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.