Duela bi urte baino gehiago hasi zen koralezko arrezifeen mundu zabaleko laugarren zuritzea, NOAA Ozeanoen eta Atmosferaren Amerikako Estatu Batuetako Elkartearen esanetan; are, agentziak ohartarazi du laugarrena dela orain arteko okerrena. Izan ere, argitaratu duten informazioaren arabera, 2023ko urtarrilaren lehenetik aurtengo apirilaren 20ra bitarte, zuritze hori eragin dezakeen estres termikoak munduko arrezife eremuaren %83,7ri eragin dio, eta 83 herrialdetan antzeman dituzte «zuritze masiboak».
Iazko apirilean baieztatu zuen NOAAk «koralen laugarren zuritze globala» gertatzen ari zela, eta herenegun berritu zituen datuak. Aurreko beroaldiekin alderatuta, oraingoa inoiz baino esparru gehiagori ari zaio eragiten. Aurrekoa, koralen hirugarren zuritze globala, 2014 eta 2017 bitartean gertatu zen, eta arrezifeak janzten dituzten organismoak zuritzea eragin dezakeen estres termikoak eremuaren %68,2ri eragin zion. Bigarren zuritzea 2010ean izan zen, eta tenperatura anomaliak eremuaren %37 hartu zuen; erregistratua dagoen lehen zuritzeak eremuaren %21 hartu zuen.
Egoera larria da, Derek Manzello NOAAren Koralezko Arrezifeen Behatokiaren zuzendariaren esanetan, eta nabarmendu du organismo askorentzat itsasoko berotasunetik ihes egiteko babesleku diren arrezife asko ere zuritzen ari direla. Aqabako golkoa —Egiptoren eta Saudi Arabiaren artean dago— eta Indonesiako Raja Ampat uhartedia jarri ditu adibide gisa, eta uste du, hain zuzen, gaur egun ez dagoela berotzetik salbu dagoen itsas eskualderik.
Australia, kezka iturri
Koralezko arrezifeak baldintza jakin batzuen ondorioz sortzen dira, eta Asia eta Australia arteko uhartedirik handienen inguruan daude munduko arrezife gehienak eta handienak. Zehazki, koralezko arrezifeen eremu osoaren %73 baino gehiago biltzen da Asia hego-ekialdetik Polinesia Frantseserainoko tartean. Bada, Asiaren eta Australiaren arteko itsaso horietan uraren berotzea ohi baino nabarmenagoa da, eta, horren harira, Australiako Koral Hesi Handian azken bederatzi urteetako seigarren zuritze orokortua gertatzen ari da, agintariek adierazi dutenez.
Irlaren ipar-ekialdean dago Koral Hesi Handia, Unescok gizateriaren ondare gisa izendatua. Iazko udan, Nazio Batuen Erakundearen menpeko instituzio horrek Australiari eskatu zion Koral Hesi Handia hobeto zaintzeko. Koral hesi horretan ez ezik, Australiaren mendebaldeko kostaldean ere erregistratu dituzte zuritze masiboak: esaterako, Ningaloo kostan.
Kolorea, arrezifeen osasunaren adierazle
Koralezko arrezifeak, hain zuzen, koralek osatzen dituzte. Koral mota asko dago; espezie kolonialak dira, eta kaltzio karbonatozko arrezife egiturak sortzen dituzte. Egitura horiek eremu handiak ere hartzen dituzte batzuetan, eta askotan hesiak sortzen dituzte kostaren eta itsasoaren artean; Australiakoa da horren adibiderik garbiena.
Gaur egun, arrezifeek ia 285.000 kilometro koadroko eremua hartzen dute, munduko ozeanoenaren %0,1 inguru, baina, haiei esker, askotariko ekosistema sortzen dira, eta ehunka espezieren babesleku bihurtu. Orokorrean, ur epeletan sortzen dira, 25 gradu zentigradutik gora, eta sakonera txikiko urak izaten dira egokienak. Hala ere, bero handiegiak —eta batez ere ezohiko aldaketek— kalte egiten die, eta zuritzen hasten dira.
2021ean, Amelie Corraut itsaspeko biologo lapurtarrak BERRIAri azaldu zionaren arabera, itsas espezieen %25 koralezko arrezifeekiko menpeko dira. Beraz, horrek ondo islatzen du arrezifeek zenbateko garrantzia duten itsas bizitzan. Arrezife gehienetan koralen eta alga espezie batzuen arteko sinbiosia dago, horregatik izaten dituzte hain kolore deigarriak, baina, tenperaturak ohi baino beroagoak direnean, koralek algak kanporatzen dituzte, eta kaltzio karbonatoaren kolore zuria azaleratu. Hala, bere onera itzul daitezen, ezinbestekoa da tenperaturak leheneratzea eta aste edo hilabete batzuk pasatzea.