Tom Grundy funtsezko pertsonaia da aspalditik Hong Kongeko ingelesezko komunikabideen arloan. Duela hogei urte iritsi zen Hong Kongera, nazioarteko komunikabiderik entzutetsuetan lanean ari zela (BBC, Deutsche Welle eta Al Jazeera, besteak beste), eta badira ia hamar urte kazetarien talde txiki bat zuzentzen duela Hong Kong Free Press hedabide digitalean. Britainiar kolonia izandakoan askatasuna «eskasa» dela eta horrekin borrokan eta oreka bila dabilela, ezohiko elkarrizketa bat eman du Grundyk. Kontatu du zer gorabehera izan dituen azken komunikabide independentearen zuzendari gisa, eta azaldu du —ahal izan duen neurrian— nola ikusten duen Hong Kong orain.
Zer deritzozu Hong Kongeko gaur egungo giro politikoari?
Ez nuke iritzirik eman behar, gure hedabidea inpartziala da eta, baina ziur esan dezaket demokraziaren aldeko desobedientzia zibil baketsuko mugimendu bat bukatu egin zela 30 urte iraun eta gero [1989tik 2019ra]. Gero COVID-19a iritsi zen, eta, orain, segurtasun nazionaleko bi legeren eraginez, oposizioko gehienak kartzelan daude, erredakzioak indarrez hartuak, mila kazetari baino gehiago langabezian, kazetari batzuk espetxean, eta gizarte zibileko 50 bat talde deseginak, beldurragatik.
Hiria aldatu egin da, nahiz eta gobernuak esan ez dela ezer ere aldatu. Hirian nabaria da hori: arriskuen ebaluaziorik egin edo segurtasun lege berrietan pentsatu ez duten enpresa, entitate, erakunde, sindikatu edo instituzioak arduragabeak dira, haien langile batzuek sare sozialak erabiliko baitituzte. Hongkongdarra bazara, orain ondo pentsatu beharra duzu zer argitaratzen duzun sare sozialetan, baita nola janzten zaren eta zer esaten duzun ere; izan ere, batzuek lege arazoak izaten dituzte auzitegietan kamiseta batengatik, liburu batengatik edo halako kontuengatik. [Grundyk argi eta garbi utzi nahi du ez duela esan nahi 2019a urte baketsua izan zenik].
Eta nolatan zaude oraindik hemen? Miraria dirudi.
Tira, lehen honelakoak galdetzen zizkidaten: «Zenbat denbora daramazu hemen?». Eta orain, berriz: «Nola demontre zaude oraindik hemen?». Egia esan, nik lanaldi osoa pasatzen dut marra gorriak saihesten, dekodetzen, deszifratzen, ulertzen eta hautematen saiatzen; izan ere, autoritateek esaten dutena gorabehera, ez dago argi, adibidez, ea erakuts dezakegun norbait Txinako bandera erretzen eta legea hausten. Zer gertatuko da argazki edo bideo batean hori erakusten badugu?
Batzuetan, esaterako, mezu elektroniko bat bidaltzen diot botere judizialari, Poliziari, Justizia Sailari edo besterik gabe abokaturen bati, jakiteko zer egin behar den, baina, Txinan gauza askorekin gertatzen den moduan, ez dago lege jakin bat Tiananmeneko errepresioari buruz aritzearen kontra, eta halako zalantza askori egin behar izaten diegu aurre eguneroko albisteak kontatzeko orduan. Hala, kontsultaren bat egiten dudan aldiro, autoritateek esaten dute inor ez dagoela legearen gainetik, eta denek bete behar dituztela arauak eta erregulazio garrantzitsuak: ez dago erantzun argiak lortzerik, eta, hortaz, hori egiten dut.
«Kontua baretzen hasia dela dirudienerako, beste zapalkuntza mota bat azaltzen da»
Zenbaiti iruditzen zaie 2020ko ekainaren 30etik Hong Kongek galdu egin dituela askatasun batzuk, hain justu Herrialde bat, bi sistema printzipioaren arabera errespetatuak ziren askatasun batzuk, baina beste zenbaitek esaten dute lehenago ere hautsia zela printzipio hori. Zure ustez, noiz hautsi zen zehazki?
Hautsi zela uste dudala esatera bultzatu nahi nauzu, baina inpartzialak gara, eta ez dut iritzirik eman nahi. Egia da Erresuma Batuak eta kritikariek esaten dutela urratu egin dela Herrialde bat, bi sistema printzipioari bide eman zion adierazpen bateratua. Gobernuak esaten du ezetz, hori ez dela hala izan, eta azken urteetako Itzulera Eguneko ospakizunetan arrakastatsutzat jo izan du. Hala ere, Leung Chun-ying gobernuburu bilakatu zenean, 2012an, intolerantzia handiagoko giroa zabaltzen hasi zen, hura Txinaren aldekoagoa baitzen. Horrez gain, garai berean, beste olde bat sortu zen ikasleen mugimenduan hezkuntza nazionalaren kontra, Joshua Wong buru zuela; orain, Hong Kongeko hezkuntzan, haurtzaindegitik hasi eta unibertsitateraino, inor ezin da graduatu patriotismo testa egin gabe.
HKFP 2014an ireki genuen, justu Aterkien Iraultzaren ondoren, komunikabide independenteen esparruan hutsune bat betetzeko asmoz. Hain zuzen, pentsatu nuen geroago agian arazoak izango zirela prentsa askatasunari dagokionez, eta, horregatik, irabazi asmorik gabeko erakunde gisa egituratu genuen: akziodunik eta magnaterik gabea da, oso irekia eta gardena. Batzuek 2012a nabarmenduko dute, eta beste batzuek 2019a, orduan zapalkuntza handia izan baitzen protestetan, eta orduko buru exekutibo Carrie Lamek eginahalak egin baitzituen estradizio lege bat indarrean jartzeko eta hartara pertsona batzuk Txinara bidaltzeko epaituak izatera. Bestalde, 2020ko ekainaren 30a ere gogoangarria da askorentzat, orduan sartu baitzen indarrean lehen segurtasun legea, eta, hain justu, duela hilabete batzuk tokian-tokian ere jarri zen indarrean. Beraz, urteak pasatu ahala, Hong Kongeko autonomiari eta askatasunei buruz ari direla, jendeak esaten du mila zaurik eragina dela heriotza, edo su motelean egosiz doan igela hartzen dute ahotan.
Ba al dago atzera-bueltarik?
Ez. Hilabete gutxian behin, kazetari batek, diplomazialari batek edo norbaitek hau esaten dit: «Aizu, ematen du baretzen hasia dela orain; badirudi giroa lasaiago dagoela». Baina gero, inoiz gertatu gabeko zerbait pasatzen da, eta lan asko izaten dugu bolada batez: adibidez, ekainaren hasieran, atxiloketa eta apelazio gehiago izan ziren ebatzitzat jotzen genituen auzi judizial batzuetan. Kontua baretzen hasia dela dirudienerako, beste zapalkuntza mota bat azaltzen da.
Espainiarentzat Katalunia eta Euskal Herria direna da Hong Kong Pekinentzat?
Hong Kongek eta Pekinek atsegin zuten konparazioa egitea Madrilek politikari independentistak atxilotzen zituenean. Batzuetan gustatzen zaie Erresuma Batua aipatzea, baina, egiatan, Eskozia independente izatearen aldekoak ere baditugu gure parlamentuan. Hong Kongen, posible da espetxeratua izatea horrelako diskurtsoa izanez gero, eta Taiwan independente izatearen alde sutsuki egiten duen norbaiti heriotza zigorra ere jar diezaiokete Txinan. Azken batean, nahiko desberdina da, eta Europan segur aski ez zaituzte kartzelan sartuko kamiseta jakin bat janzteagatik.