Friedrich Merz buru duen CDU-CSU blokeak irabazi ditu Alemaniako Parlamenturako hauteskundeak, eta botoen %28,5 lortu ditu, 22:30eko datuen arabera. Beraz, ia bete ditu aurreikuspenak, inkesta gehienen arabera botoen %30 inguru eskuratzekoa baitzen.
Europako ekonomia nagusiko bozetan, AfD Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturrekoa izan da bigarren indarra, botoen %20,6 bilduta, hau da, duela lau urteko boz federaletan halako bi ia.
Hauteslekuak 18:00etan itxi dituzte, eta hauteskunde batzordeak jakinarazi du parte hartzea %84koa izan dela: 1990ean Alemania bateratu zutenetik erregistratutako handiena. 59 milioi pertsonak zuten bozkatzeko aukera.
SPD alderdi sozialdemokratak botoen %16,5 lortu ditu, Berdeek %11,8, eta Die Linke ezkerreko alderdiak %8,7.
Zenbaketa ez da oraindik amaitu, eta Bundestagen sartzeko beharrezkoa den botoen %5en langa oso gertu dauka BSW Bundnis Sahra Wagenknecht taldeak — Die Linketik alde egindakoek sortutakoa—. FDP alderdi liberala aukerarik gabe gelditu da, ordea, 2021eko hauteskundeetako botoen erdiak galdu baititu.
Baina kontserbadoreek aliatuak beharko dituzte berriro gobernatu ahal izateko. Merz kantzilergaiak, alderdiaren liderrak, hitza hartu du CDUk Berlinen duen egoitzan, eta adierazi du «bazkide posibleekin» hitz egingo dutela, gobernua ahalik eta azkarren osatu ahal izateko. Adierazpen horiek aintzat hartuta, uler daiteke ultrak ez dituela negoziazioetatik kanpo utziko, nahiz eta kanpainan esan duen inondik inora ez duela haiekin batera gobernatuko. Hori bai, pare bat ordu geroago berretsi du ez dela saiatuko AfDren laguntza lortzen. «Guk nahi dugun horren kontrakoa nahi dute; beraz, ez da posible haiekin gobernatzea», azpimarratu du Merzek, Alemaniako telebista publikoak hauteskunde federalen gauean kantzilergai guztiekin egin ohi duen saioan.
Aste Santurako gobernua osatzea xede
AfDren festan, Alice Weidel alderdi horretako buruak azpimarratu du AfD dela aurreko bozetan baino bi aldiz babes handiagoa lortu duen alderdi bakarra. Gobernuan sartzeko prest daude, «herriaren borondatea» gauzatzeko.

Koalizio Handia osatzea da aukera bat, hau da, CDU-CSUk eta SPDk bat egitea. Bigarren Mundu gerraz geroztik, lau aldiz gertatu izan da hori. 22:30eko emaitzen arabera, bien artean gainditu dezakete gehiengo osoaren muga, 316 botorena: CDU-CSuk 208 ditu oraingoz, eta SPDk, berriz, 121.
Baina batuketa hori ez da nahikoa izango baldin eta azkenean BSW Bundestagen sartzen bada. Hala gertatzen bada, gehiengo osoa izateko beste talde batek sartu beharko du gobernuan, eta Berdeak dira hor aukerarik garbiena.
Merzek gaur telebistan azaldu duenez, «beranduenez» Aste Santurako osatu nahiko luke gobernua, apiril erdialderako alegia. Ez du baztertu hiruko gobernu bat osatzea. «Ahaleginak egingo ditut gizartea ordezkatzen duen gobernu bat osatzeko».
Berdeak azkeneko gobernuko kide izan dira, baina CDUren Bavariako bazkideak, CSUk, ez du Berdeekin batera egon nahi gobernuan. Markus Soeder Bavariako ministro-presidenteak argi esan du kantzilergaien telebista saioan: «Gobernua hobea izango litzateke Berderik gabe». Berdeen hautagai Robert Habecken hitzetan, ez diote uko egiten gobernuan jarraitzeari. «Ardurak hartu nahi ditugu aurrerantzean ere».
BSWri dagokionez, Andreas Schafer Berlingo Humboldt Unibertsitateko Giza Zientzien Institutuko irakasleak asteon BERRIAri esan dio neurri batean herrialdearen ekialdean AfDri aurre egiteko alderdi bat dela: «Badirudi BSWren formula dela kontu sozialetan oso ezkertiarrak izatea, baina beste batzuetan, immigrazioan esaterako, oso kontserbadoreak». Baina, azkenean, Die Linkek lortu ditu emaitza onak. Orain hilabete batzuk argitaratutako inkestek erakusten zuten parlamentutik kanpo geldituko zela. Azken hilabeteetan, baina, biziberritu egin da, eta BSW efektua, aldiz, apaldu. Heidi Reichinnek Die Linkeren liderrak alderdiaren festan gaur esan duenez, «kontu sozialei» erreparatu dietelako lortu dutela emaitza hori.
SPDren «porrot historikoa»
Alderdi sozialdemokratak hauteskunde federal batzuetan inoiz izandako emaitzarik txarrenak bildu ditu: hamar puntu egin du behera 2021eko hauteskundeekin alderatuta. Eta alderdiaren idazkari nagusi Matthias Miersch aho bizarrik gabe mintzatu da hedabideen aurrean. Nabarmendu du «porrot historikoa» dela gaurkoa, eta «oso mingotsa» izango dela gaua. Olaf Scholz kantzilerrak ere hitz egin du, eta berretsi eskuin muturra inoiz ez dutela onartuko mintzakide gisa.
Aurreko gobernua desegin eta hauteskundeetara deitu zutenean, abenduan, inkestek erakusten zuten SPDk emaitza txarrak izango zituela. Halere, Scholzen hautagaitzari eutsi zioten, neurri batean Boris Pistorius Defentsa ministroak uko egin ziolako hautagaitzarengatik lehiatzeari. Behin bozak igarota, ikusteko dago nor izango den sozialdemokraten lider berria. Kontserbadoreek begi onez ikusten dute Pistorius izatea, hain zuzen, SPDren liderra Bundestagen, uste baitute koalizio baten barruan ondo konpondu ahal izango direla harekin. SPDk ez du, ez, oposiziora joateko asmorik, argudiatuta arduraz jokatu behar dela, eta ezin dela zirrikiturik utzi ultrak gobernuan sar daitezen.
Ikusi gehiago
Merzi dagokionez, 2022ko urtarrilean CDUren buruzagitza hartu zuenetik are eskuinerago eraman du CDU-CSU kontserbadorea. Batetik, Angela Merkel kantziler (2005-2021) eta alderdiaren buru izandakoak (2000-2018) baino jarrera gogorragoa du papergabeen auzian; are, kanpainaren erdigunean jarri du paperik gabekoen aurkako borroka. Bestetik, alderdiaren ildo kontserbadoreena ordezkatzen du arlo sozialean, baita esparru ekonomikoan ere, kapital handia babestu eta zergak apaldu nahi baititu.

Eskarmentu handiko politikaria da Merz (69 urte), ibilbide luzekoa. 1989an igaro zen politikagintzaren lehen lerrora, Europako Parlamentuan parlamentari izateko aukeratu baitzuten. Bost urtez izan zen europarlamentari. Ondoren, hamabost urtez izan zen diputatua Bundestagen, eta CDU-CSUren talde parlamentarioaren burua ere bai, bi urtez, 2000tik 2002ra. Ordurako, baina, Merkel zen alderdiaren liderra, eta ez zuen harreman ona harekin. Orduan, politikagintza utzi, eta 2009tik 2021era sektore pribatuan jardun zen, munduko inbertsio funts nagusietako batean: Black Rocken.
Politikaren lehen lerrora itzuli eta hiruzpalau urte geroago, kantziler bilakatzeko bidean da. Azaroan, Scholzek erabaki zuen Berdeekin eta FDP Liberalekin osatutako koalizio gobernua haustea —bozak aurreratu zituen, hortaz; aurtengo irailean egitekoak ziren—, batik bat liberalen lider eta Finantza ministro Christian Lindnerrekin esparru ekonomikoan zituen desadostasunengatik. Sozialdemokratak eta Berdeak gastu publikoa handitzearen aldekoak ziren; liberalak, aldiz, ez. Aintzat hartu behar da Alemaniako BPG barne produktu gordina bigarren urtez jarraian jaitsi zela 2024an: %0,2 iaz, eta %0,3 2023an.
Emakumezkoak, gizonezkoak baino ezkerrerago
Bai gizonezkoen, bai emakumezkoen artean, CDU-CSUk bildu du boto gehien, ARDren zundaketen arabera: gizonezkoen artean %30ek babestu dituzte kontserbadoreak, eta emakumezkoen artean %27k. Aldea handiagoa da, ordea, AfDri dagokionez. Gizonen artean, %23k bozkatu dute alderdi ultra hori, eta emakumezkoen artean %17k. SPD alderdi sozialdemokratari gizonezkoen %15ek eman diote botoa, eta emakumezkoen %17k. Die Linke ezkerreko alderdiaren bozkatzaileetan nabariagoa da aldea: gizonen %7k egin dute Die Linkeren alde, eta emakumeen %10ek.