Kontserbadoreek gorakada handia izan dute Eskozian

SNPk lortu du ordezkari gehien udal hauteskundeetan, eta Glasgown irabazi du; laboristak, hirugarren izan dira

2017ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
LONDRES. Inkestek iragarri bezala, Alderdi Kontserbadoreak gorakada handia izan du Eskozian, Galesen eta Ingalaterrako barruti batzuetan egindako udal hauteskundeetan. Jokoan zeuden 4.800 ordezkaritatik, 1.900 irabazi ditu, 2012an baino 558 gehiago. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak, Galesko Plaid Cymruk, Galesko independenteek eta Alderdi Berdeak bakarrik lortu dute emaitzak hobetzea. Laboristek galera handia jasan dute, liberal-demokratek beste koska bat egin dute atzera, eta UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiak, zeuzkan 114 ordezkariak galdu, eta bakarra irabazi du.

Eskoziako emaitzak nabarmentzeko modukoak izan dira. SNPk sendo eutsi dio lidergoari, 431 ordezkari irabazita, eta Glasgown gailendu da lehen aldiz. 2012an, 32 udaletatik hamarretan izan zen lehenengo, eta, oraingoan, hamaseitan irabazi du. Hala ere, Alderdi Kontserbadoreak gorakada ikusgarria izan du, eta bigarren tokia kendu dio Alderdi Laboristari. Tory-ek 276 ordezkari irabazi dituzte, 2012an baino 164 gehiago. Galesen lidergo historikoari eutsi diote laboristek, nahiz eta ordezkari kopuru handia galdu—«ez da izan hain txarra», Carwyn Jones lehen ministroaren arabera—. Ingalaterran, Manchesterko eta Liverpoolgo aglomerazioetan laboristek irabazi arren, kontserbadoreek erauntsi betean irabazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.