Kontserbadoreek azken 40 urteetako emaitzarik txarrena izan dute Zipren

Disy alderdiak aulki bat galdu du, eta hamazazpirekin geratu da. Neonaziek egin dute gora gehien

ander perez zala
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Presidentetzarako hauteskundeek baino garrantzi txikiagoa duten arren, Zipren Ordezkarien Ganberarako egin dituzte bozak kezka iturri bilakatu dira Zipreko Errepublikako estatuburu Nicos Anastasiadesentzat, haren alderdi Disy Elkartze Demokratikoak ez baitu beheranzko joera eten. Iragan igandeko deialdian, Disyren aldeko babesa hiru puntu jaitsi zen (%27,77), eta, hortaz, azken agintaldian baino aulki bat gutxiago izango du, hamazazpirekin geratzeraino. Alderdi kontserbadorearentzat, herenegungoa azken lau hamarkadetako emaitzarik txarrena izan da.

Berriz ere behera egin arren, Disy ordezkaritza handiena izango duen alderdia bilakatu da, haren atzetik geratu baitira AKEL Herri Langilearen Alderdi Progresistako ezkertiarrak (%22,34); haiek ere eserleku bat galdu dute, eta hamabost izango dituzte Mediterraneo ekialdeko herrialdearen parlamentuan.

Horiek horrela, AKELen ondoren geratu da DIKO Alderdi Demokratikoa zentroko indar politikoa, botoen %11, 29 bilduta, eta ezkertiarren antzerako jaitsiera izanda; ordezkaritzan, baina, ez du aldaketarik izan, eta datorren legealdirako eserleku kopuru berari eutsi dio Ordezkarien Ganberan: bederatzi diputatu.

Azken urteotan Zipren ordezkaritza izan duten bi alderdien beherakadaz gain, igandeko deialdiko beste albistea neonazien gorakada izan da. Elam Herri Fronte Nazionalaren aldeko botoa hiru puntu igo da (%6,8), eta laugarren indarra izango da Zipreko Parlamentuan, lau aulkirekin; Elam 2008an sortu zuten, Grezian talde kriminal izendatu zuten Egunsenti Urrekararekin harremana du, eta Zipren debekatu egin nahi ditu burka eta nikaba, immigrazioa gelditzearekin batera.

Elam izan da, DIKOren eszisio DIPA Lerrokatze Demokratikoarekin batera, azken urteotako ustelkeria kasuak eta migratzaileen kontrako giroa beren mesederako erabili duena herenegungo hauteskundeetan; horrek ahalbidetu dio inoizko emaitzarik onenak eskuratzea, eta DIPAri neonazien ordezkaritza bera biltzea; haien kasuan, bozetara lehen aldiz aurkeztuta.

Auzi horiez gain, Anastasiadesen kontrako kritikek ere eragin dute bere alderdi Disyren beherakada, askok egozten baitiote Zipreko irlako barne zatiketa konpontzearen aldeko Mustafa Akinci moderatuarekin adostasun batera ez heltzea, horretarako aukera handiak egon arren —2015etik iragan urtera arte izan zen Ipar Zipreko presidente—.

Uhartea, bitan zatitua

Zipreko irla bitan zatituta dago 1970eko hamarkadaz geroztik. Garai hartan, Zipreko presidente Makarios artzapezpiku ortodoxo greziarrak konstituzioa aldatu nahi izan zuen, eta ordezkari turkiarrek egotzi zioten turkiarren estatusa parekide izatetik gutxiengo etnikora murriztu nahi izatea. Hala, gatazkak 1974an jo zuen goia, uhartearen eta Greziaren arteko batasunaren aldeko sektore batek estatu kolpea eman baitzuten Greziako Junta Militarraren laguntzarekin; Turkiak esku hartzea erabaki zuen orduan, eta irlaren herena inbaditu zuen.

Irla bitan geratu zen zatituta, eta 1983an turkiarrek Ipar Zipreko Turkiar Errepublika aldarrikatu zuten; nazioarteak, ordea, hegoaldeari onartu zion 1960ko Zipreko Errepublikaren zilegitasuna. Erresuma Batuak, gainera, eremuaren %3 kontrolatzen du, eta NBEren banaketa lerroak irlaren %2 hartzen du.

Berez, Zipreko Parlamentua 80 eserlekukoa da, baina 1964az geroztik, turkiarrek ez dute bozetan parte hartzen; hortaz, egun 56 aulkikoa da, greziarren ordezkariek osatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.