Afrika ipar-mendebaldetik Kanaria uharteetara iristea lortu zuten 18.000 migratzaile baino gehiagok, 2003an. Kopuru hori, ordura arteko handiena, izan zen EB Europako Batasuneko kanpo mugetan pauso berri bat ematera bultzatu zuten arrazoietako bat: urtebetera, 2004ko urriaren 26an, Frontex Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentzia sortu zuen. Bere helburuen artean ezarri zituen, besteak beste, «kanpo mugetan esku hartze azkarrak» eta «EBn legez kanpo dauden atzerritarren itzulera operazioak» koordinatzea. Orain, haren hedapenak ez du etenik, eta armada propio bat osatzear dago. Bidean, baina, ugari izan dira agentziari giza eskubideen urraketak egin izana leporatu diotenak.
Frontexen oraina ulertzeko mugarria da 2015eko migrazio krisia. Orduan, ia milioi bat lagun iritsi ziren Europa hegoaldera, nagusiki, Siriako, Afganistango eta Irakeko gerretatik ihesi. Olatu hura eteteko asmoz, Europako Batzordeak Frontex agentziaren eraldaketa sustatu zuen, eta estatu kideentzako sorospen talde bat zena hainbat muga kontrol bere gain hartzera igaro zen. 2016an, Grezia, Bulgaria eta Turkia arteko mugatik gertu dagoen Kapitan Andreevo kontrolgunea izan zen agentziaren menpeko lehena. Bide hori Europara sartzeko erabiliena zen garai hartan, Bruselak Ankararekin muga ixtea helburu zuen akordioa erdietsi arte.
Ordutik, etengabe egin du gora Frontexen tamainak. 2016an, 400 agente zituen, eta iaz milako langa ere gainditu zuen. «Lehen aldiz, Europako Batasunak uniformedun zerbitzu propio bat du», adierazi zuen agentziak urtarrilean, sare sozialen bidez. Halere, helburua are handiagoa da: 10.000 agentek osatutako talde bat eratzea, 2027rako.
Prozesu hori gauzatzeko, Frontexek EBren menpeko agentzia batek duen aurrekonturik handiena du: aurten, 544 milioi eurokoa; 2007ko aurrekontua —izan zuen lehena— baino hamahiru aldiz handiagoa. Eta Bruselak agentziarentzat dituen asmoak ikusita, datozen urteetarako ere igoerak espero dira. Hala, 2022-2029 aldirako, agentziak 5.600 milioi euro jasoko ditu; urteko 700 milioi euro dira, batez beste.
Agente kopurua eta aurrekontua, batez ere, Europa hegoaldeko mugen zaintzara bideratuko dira. Izan ere, Balkanak, Espainia, Grezia, Italia eta Zipre dira agentziaren lan eremu nagusiak bere sorreratik. Gune horietan izaniko jarduna izan da, era berean, agentziaren ekiteko modua zalantzan jarri duena ere.
Itzulketak eta kostazainak
Iazko martxoan, Egeo itsasoan egiten ari ziren operazioetan, Frontexen ontziek euren posizionamendua ezkutatu zutela ohartarazi zuen Alemaniako Der Spiegel aldizkariak, eta salatu ontziek «aktiboki» hartu zutela parte Grezia eta Turkiako mugan legez kanpo eginiko itzulketetan. Hautsak harrotu zituen gaiak, Frontex barne ikerketa bat egitera behartzeraino. Hark, baina, ez du ondorio argirik atera: ikertutako hamahiru operazioetatik zortzitan legez kanpoko jarduerarik egin izana ukatu du, baina beste bostetan «zalantzak» daudela agerian utzita.
Txostenak ez ditu azalpen eske dituenak asebete, eta Europako Parlamentuko ikerketa batzorde batek, OLAF Iruzurren Aurkako Europako Agentziak eta Europako Batasuneko arartekoak agentzia ikertzen jarraitzen dute. Izan ere, ez da halako ekintzengatik Frontex salatzen duten lehen aldia. EBko Justizia Auzitegiak Hungaria eta Serbia artean eginiko itzulketa behartuengatik kritikatu zuen iaz, eta urtarrilean operazio hura eten zuela jakinarazi zuen agentziak.
Aurrez, izan dira gehiago ere. Sonatuena The Guardian egunkariak argitaratu zuen: 2019ko martxoan, erreskate lanak egiteko EBk sortutako Sophia operazioko helikoptero batek migratzailez betetako gomazko ontzi bat topatu zuen Mediterraneoan. Itsas araudia jarraitu eta gertuen zegoen ontziari abisatu ordez, baina, helikopteroa Libiako kostazainekin jarri zen harremanetan, eta ontziaren gainean gelditu zen haiek hura topatu zezaten.
Ekiteko modu berri horren atzean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2012an Erromaren aurka argitaratuko ebazpena dago. Ordura arte, Mediterraneoan erreskatatutako migratzaileak Tripolira eramaten zituzten Italiako armadako ontziek. Estrasburgoko Auzitegiaren esanetan, baina, jarduteko era horrekin «migratzaileek asiloa eskatzeko zuten eskubidea urratzen zuen» Italiak. Beraz, ebazpen haren arabera, EBko estatu kideek zuzendutako halako operazioak legez kanpokoak dira.
Horri aurre egiteko, estatuek aliatuak bilatu izan dituzte Mediterraneo hegoaldean. Esaterako, Libia gerra betean zela, kostazain taldeak entrenatzen hasi ziren Italia eta EB. Horiek zuzendaritza autonomo bat dutela adierazi du EBk, baina Frontex agentziako eta Sophia operazioko hegazkin eta helikopteroen laguntza jaso dute itsasoan.
Horren lekukotza utzi zuen Frontexeko zuzendari Fabrice Leggerik 2019an, Europako Batzordeko Migrazio zuzendari nagusi Paraskevi Michouri bidalitako gutun batean: «Ongi dakizun bezala, Libiako kostazainen garapena Europako Batasunak diruztatuta dago. Halere, Batzordeak eta, oro har, Europako erakundeek izaera politikoko ondorioei aurre egin behar izatea posible da, [Libiako kostazainekin] informazio operazionala trukatzearen eraginez».
Poliziak baino gehiago
EBko kanpo mugetan bertan egiten dituzten jardueretatik haratago doa, ordea, Frontexen lana. Batasunaren mugetatik aurrera ere egin dute, eta agente armatuak jarri dituzte, besteak beste, Albaniako eta Montenegroko muga aurretiko eremuetan, eta funtzionario zibilak Turkian, Nigerren, Serbian eta Senegalen. Azken horien eginbeharra Europarako migrazio fluxuen azterketa eta kontrola da. Nolabait, migratzaileak mugetara iristea eragoztea.
Kontrol hori gauzatzeko Eurosur mugen zaintzarako komunikazio sistema ere abian jarri dute. Haren bitartez, droneek, itsasontziek, sare sozialek eta EBren Copernicus sateliteak emandako informazioa gorde eta sailkatuko du agentziak, Varsoviako egoitzatik.
Bide horretatik, hasi da zaintza lanak egiteko zerbitzuak kontratatzen. Azken urteetan, hainbat akordio egin ditu, besteak beste, Airbus eta Israel Aerospace Industries —Israelgo Gobernuarena da— enpresekin. Berdin Israelgo Elbit konpainiarekin ere. Harekin, ehun milioi euroko kontratu bat sinatu du, Grezian, Italian eta Maltan dronak instalatzeko, The Economist-en arabera.
Jokabide horrek «suzko armetan eta zaintza biometrikoan oinarritutako muga kontrolaren ikuspegia betikotu» dezake, «giza eskubideen auka» eginez. Hala ondorioztatu du CEO Europako Behatoki Korporatiboak, Batasunaren ehun dokumentutik gora aztertu ostean.
Izan ere, agentziaren garapenak ez du berarekin batera ekarri «gardentasuna eta ardura», behatokiaren ustez, eta salatu dute arma, zaintza eta biometria enpresek inoiz ez bezalako boterea biltzen dutela, mugen kontrolari dagokionez. Horren adibidetzat jarri dute, besteak beste, Frontex agentziak arma eta teknologia industrietako lobbyentzako ekitaldiak prestatu izana, horien baliabideak mugen zaintzan nola aplikatu aztertzeko: «De facto, Frontexek mugen kontrolaz duen ikuspegia euren interesen arabera moldatzen dute».
EB-Turkia itunak bost urte. Frontex
Kontrola beste ezeren gainetik
Giza eskubideen urraketak eta gardentasun falta. Horiek dira Frontexi azken hilabeteetan egin zaizkion akusazio larriak. Bien bitartean, agentzia ez da astirik galtzen ari, eta bere hazkundean zentratuta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu