Kontrastea areagotu egin da Europan: ekialdea lehorrago, mendebaldea hezeago

Copernicusek eta Munduko Meteorologia Erakundeak berretsi dute Europa dela munduan azkarren berotzen ari den lurraldea. Ekaitzen eta uholdeen ondorioz, 335 pertsona hil ziren iaz.

Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko apirilaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urte hasieran jakin zen iazkoa inoiz neurtu den urterik beroena izan zela munduan. Lurraren tenperatura 1,6 gradu igo baitzen industria aurreko datuekin alderatuta. Orain, klimaren argazki zehatzagoa erakutsi dute Europako Batasunaren Copernicus klima aldaketa aztertzeko zerbitzuak eta Munduko Meteorologia Erakundeak (MME). Klima nola dagoen Europan 2024an txostenean, hainbat adierazle klimatiko aztertu dituzte, eta, ohartarazi dutenez, muturreko fenomeno meteorologikoak ugaritzen ari dira kontinentean. Berretsi dute Europa dela azkarren berotzen ari den kontinentea. Gainera, alde handiak atzeman dituzte eremu batetik bestera: 2024a ohi baino dezente lehorragoa izan da Europa ekialdean, eta ohi baino hezeagoa mendebaldean.

Europa kontinente beroena

Tenperaturak ohi baino beroagoak izan ziren kontinentearen gehienean, baina 2024ak bero markak apurtu zituen Europa erdialdean, ekialdean eta hego-ekialdean. Azken eremu horretan, Europan inoiz neurtu den bero boladarik luzeena izan zen, uztailean. Hamahiru egun iraun zuen. Horrez gain, bero estres handiko, oso handiko ala muturreko 66 egun zenbatu ziren; orain arteko daturik handiena da.

Prezipitazioei dagokienez, kontraste argia izan da Europa ekialdearen eta mendebaldearen artean. Mendebaldean, inoiz neurtu diren hamar urterik hezeenetako bat izan zen 2024a —1950ean hasi ziren datuak analizatzen—. Bereziki, Frantzian, Herbehereetan, Belgikan, Danimarkan eta Italia iparraldean. Ekialdean, berriz, ohi baino lehorragoa izan da urtea, eta prezipitazioen beherakada nabarmena izan da eremu zabaletan: Errumanian, Bulgarian, Grezian, Ukraina ekialdean eta Errusia mendebaldean, besteak beste.

1/3

2024an, Europako ibai sarearen heren batek gainezka egin zuen, Copernicusen eta Munduko Meteorologia Erakundearen arabera. Orotara, 335 heriotza eragin zituzten ekaitzek eta uholdeek, eta 400.000 pertsona baino gehiagori egin zieten kalte. 2013tik ez dira hainbeste ibai tartetan izan uholdeak.

Aldeak handiak dira ibaien emarien datuetan ere. Mendebaldekoetan, ohikoa baino handiagoa izan da ur emaria, eta ekialdeko tarte gehienetan behera egin du. Baina, orotara, uholdeak ugaritu egin dira. Europako ibai sarearen heren batek gainezka egin zuen 2024an. Neurri batean, ekaitz indartsuagoen eraginez izan da, beroa eta hezetasuna elkartzen direnean halakoetarako aukerak handitzen baitira. 2013tik ez dira horren luzeak izan gainezka egindako ibai tarteak.

Irailean, Boris ekaitzaren ondorioz, uholdeek ehunka mila pertsonari egin zieten kalte Alemanian, Polonian, Austrian, Hungarian, Txekian, Eslovakian, Errumanian eta Italian. Urrian, berriz, muturreko prezipitazioen eraginez, uholdeek hondamendia eragin zuten Valentzian (Herrialde Katalanak), eta 235 pertsona hil ziren. Orotara, Europan 335 heriotza eragin dituzte ekaitzek eta uholdeek, eta 400.000tik gora izan dira kaltetuak.

Lehorteek, berriz, sute arriskua areagotzen dute, eta iaz Europan 400.000 hektarea inguru erre ziren baso suteetan; Gipuzkoako eremua halako bi. Hau da, aurreko urteen batezbestekoa baino pixka bat gehiago. Horien laurdenak astebetean erre ziren, irailean Portugalen izandako sute handietan.

Iazkoa inoiz neurtu den urterik beroena izan zen Europako itsasoen tenperaturari dagokionez ere. Batez besteko tenperatura baino 0,7 gradu beroagoa zegoen ura. Aldea askoz handiagoa izan zen Mediterraneoan: 1,2 gradurena.

Egokitzea, «funtsezkoa»

Klima krisiari aurre egiteko, egokitu beharraz ohartarazi du Celeste Saulo MMEko idazkari nagusiak. «Tenperaturak gora egiten duen gradu frakzio bakoitza garrantzitsua da, are gehiago jartzen baititu arriskuan gure bizitza, ekonomia eta planeta. Egokitzea funtsezkoa da». Azaldu duenez, MME eta harekin elkarlanean ari diren erakunde batzuk ahalegina egiten ari dira alerta goiztiarrerako sistemak indartzeko eta eskaintzen dituzten zerbitzu klimatikoak hobetzeko, erakunde publikoetako arduradunek erabaki hobeak har ditzaten, gizarte erresilienteagoak eraikitze aldera. «Pausoak ematen ari gara, baina urrunago joan behar dugu, azkarrago egin behar dugu aurrera, eta batera jardun». Txostenaren arabera, Europako hirien %51k onartu dituzte klima aldaketara egokitzeko plangintzak, eta ehuneko horrek 25 puntu egin du gora 2018az geroztik.

Egokitzeko estrategiez gain, emisioak gutxitzeko eta klima aldaketa geldotzeko neurriak ere beharko dira. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azterketek nabarmendu dutenez, Europa da Lurraren berotzearen ondorioz uholde arriskua gehien areagotuko den eskualdeetako bat, eta, berotze horrek 1,5 graduren langa gaindituz gero, baliteke muturreko tenperatura altuen eraginez urtean 30.000 lagun hiltzea kontinentean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.