Gerra Ukrainan. Ukrainaren erantzun militarra

Kontraerasoa zerk bultzatu duen

Errusiak ez zuen Kiev segituan hartu. Hutsegiteak egin ditu, eta Mendebaldearen zigorrek kalte egin diote gerra frontean ere. Ukrainak abagune hori eta eman dizkioten armak baliatu ditu.

Igor Susaeta.
2022ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Errusiak Ukrainako inbasioa hasi baino egun batzuk lehenago, bat zetozen nazioarteko analista gehienak: Errusiako indarrek Ukrainari eraso eginez gero, Kiev hiriburua egun bakan batzuen buruan hartzeko moduan izango ziren. Pentagonoko iturriek esaten zieten AEBetako hedabideei «72 bat ordu» beharko lituzketela.

Ia zortzi hilabete igaro dira orduz geroztik, eta, Errusiak Kiev bonbardatzen jarraitzen duen arren, ez du hura konkistatzea lortu. Erresuma Batuko Gobernuaren espioitza agentziako buru Jeremy Flemingek joan den astean Londresen emandako hitzaldi batean nabarmendu zuenez, Vladimir Putin Errusiako presidenteak «hutsegite estrategikoak» egin ditu. Ukrainako indarrek hasieran eutsi egin zioten erasoaldiari, eta gero, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialdeek bidalitako ekipamendu militarra erabiliz, eta baliatuz, gainera, Flemingen arabera, Errusiako indarrak «akituta» daudela, irail hasieran kontraerasoa hasi zuten Ukraina hegoaldean eta ekialdean. Gerra Ikertzeko Institutua AEBetako think tank-ak gerra frontearen egoeraz kaleratzen dituen mapak aintzat hartuta, esan daiteke Errusiak inbasioaren ondoren hartutako lurren %10 inguru berreskuratu dituela Ukrainak.

Hasieran logikoa izan zitekeen pentsatzea Errusiak azkar har zezakeela Kiev, han Kremlinen esanak beteko zituen agintari bat jartzeko. Datuak hor zeuden: Errusiak Ukrainak baino hamar aldiz diru gehiago jartzen du Defentsa Ministeriorako, eta Errusiaren armada Ukrainarena halako zortzi da. Errusiakoak, bide batez, eskarmentu militar zabalagoa du, 1991n Sobietar Batasuna desegin zenetik dozena bat inguru gatazkatan aritu baita. Eta Errusiak adierazten zuen, gainera, arma modernoak ekoizten zituela.

'Putin tontoa da'

Ia zortzi hilabete geroago, ordea, gerra fronteak beste errealitate baten berri ematen du, Flemingen iritziz. Iruditzen zaio, era berean, Kremlinen «desesperatuta» daudela, eta duela hilabete horregatik erabaki zutela «esperientziarik gabeko» 300.000 erreserbista mobilizatzea. Eta Erresuma Batuko Gobernuaren espioitza agentziaren buruak egoera ulertzeko beste gako bat eman du: Errusiako elite politikoek eta militarrek nekez jartzen dituztela zalantzan Putinen erabakiak. Nazioarteko hedabideetan filtratu denez, potentzietako zerbitzuek uste dute Kremlineko buruzagien artean antsietatea handitzen ari dela, baina Errusiako presidentearen posizioa ez dagoela ezbaian.

Hori bai, The New York Times egunkariak irail amaieran argitaratutako Putin is a fool ikerketa lanak (Putin tontoa da) ez ditu leku onean uzten ez Putin, ez erabiltzen ari den estrategia militarra. Errusiako soldaduek inbasioaren lehen asteetan senideei eta lagunei sakelako telefonoen bidez baimenik gabe bidalitako audioetan entzun daiteke nola kritikatzen dituzten Kremlinen erabakiak: «Ikusten ditugun pertsona guztiak hiltzeko agindu digute»; «Gure erasoaldia ez aurrera ez atzera gelditu da. Gerra galtzen ari gara»; «Hau izan da gure gobernuak hartu duen erabakirik ergelena»; «Putin tontoa da. Nahi du guk Kiev hartzea, baina ez dugu hori egiteko modurik». Ukrainako zerbitzu sekretuek atzeman zituzten mezu horiek, Errusiako tropek Ukrainako SIM txartelak zituzten telefonoak erabili zituztelako.

Armadarekin lotuta, El Orden Mundial munduko geopolitika aztertzen duen hedabidearen zuzendari Fernando Aranconek azaldu dio Ser irrati kateari Mendebaldeak Errusiari ezarritako zigorrek hango arma industriari eragiten diotela. «Bere industria militarrak erabiltzen duen teknologia europarrik gabe geratu da Errusia». AEBetako zerbitzu sekretuek adierazi zuten irail hasieran Mosku Ipar Koreari ari zaiola armak eta munizioak erosten. «Hango armak ezin dira konparatu NATOko herrialdetakoekin», zehaztu du Aranconek.

Ikusi gehiago:Ukrainan borrokatu nahi ez dutenen zeharkaldia

Horren guztiaren ondorio da Ukrainak azken asteetan gerra frontean lortutakoa. Analista militar batzuek zenbait hedabidetan argitu dutenez, Bigarren Mundu Gerraz geroztiko kontraeraso militar azkarrena da Ukrainak Kharkiv probintzian, ekialdean egindakoa. Kieven arabera, iraileko aurreneko hamar egunetan 3.000 metro koadro berreskuratu zituzten. Operazio horretan Izium hiria ere hartu zuten, eta horrek Ukrainari modua eman zion herrialdeko burdinbide sare garrantzitsuenetako bat kontrolatzeko, zeina Kremlineko tropek erabiltzen zuten hornitzeko.

Horiek horrela, Errusiako indarrak Kherson eskualderantz erretiratu ziren. Izen bereko hiriburua izan zen Moskuk inbasioan okupatutako aurreneko hiri handia, estrategikoki ezinbestekoa baita Errusiako komandante batek apirilean esan bezala asmoa baldin bada Ukraina hego-ekialde osoa hartzea Donbass eta Transnistria artean lurreko korridore bat egiteko. Hori eragozteko ahaleginean ari da Ukraina. Nolanahi ere, ohartarazpen bat egin zuen Flemingek. «Ez da gutxietsi behar Errusiaren makineria militarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.