«Dena prest dago». Ukraina gertu dago edonoiz Errusiaren aurkako kontraerasoa hasteko, Oleksii Reznikov Defentsa ministroak atzo jakinarazi zuenez. Agintari militarrek erabakiko dute noiz, non eta nola ekin kanpainari, «gudu zelaiaren egoeraren arabera».
Reznikov ziur agertu zen operazioak arrakasta izango duela. «Sentimendu huts bat baino gehiago da. [...] Informatutako errealista bat naiz». Konfiantza hori Ukrainaren aliatuen artean ere ikusten du Defentsa ministroak. Haren iritziz, Kievi laguntzen ari diren estatuek badakite Ukrainaren garaipena «onuragarria» dela «beren herrien segurtasun interesentzat».
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak herenegun iragarri zuen «borrokarik garrantzitsuenak aurki» iritsiko direla. Altzairuzko Muga izeneko eliteko brigada eratu berriari zuzendu zizkion hitz horiek presidenteak, identifikatu gabeko base militar batean, Ukrainaren herrialde aliatuek bidalitako ibilgailuz inguratuta. Zelenskik azaldu zuen Ukraina ez dela zain geldituko aliatuek hitzeman dizkioten baliabide militar guztiak noiz helduko. «Epeak, zoritxarrez, ez datoz bat. Argi eta garbi esango dut: eguraldian daukagu arreta».
Hain justu, eguraldiari erreparatuta, Ukrainaren kontraerasoa maiatzaren 15aren bueltan hasiko dela esan du Jevgeni Prigozhin Wagner taldeko buruak. Uste du ordurako etengo direla eurite handiak, eta lurra nahikoa lehor egongo dela tankeak azkar ibiltzeko.
Ukrainaren kontraerasoa non gerta litekeen aztertzean, hainbat analista bat datoz: Khersonen hastea litzateke espero beharrekoa, hura baita Errusiak 2014tik anexionatua duen Krimeako penintsularako sarrera, baita Khersonen bertan, Zaporizhian eta Donbassen Moskuk kontrolpean dituen eremuetarako ataria ere—eskualde horiek bere lurraldera anexionatu zituen iazko irailaren 30ean—.
Operazioa trabatu nahian
Ukrainak kontraerasoa laster hasiko dela iragarri duen honetan, Errusia operazio hori oztopatzeko ahaleginetan ari da. Ukrainako zenbait hiritara misilak jaurti zituen atzo goizaldean, eta gutxienez hiru lagun hil eta 40 zauritu zituen. Bigarren bonbardaketa sorta da hiru egunean.
Dnipropetrovsk eskualdeko Pavlohrad hirian izan zen kalte gehien atzo. Hiria Ukraina hego-ekialdean dago, ekialdeko eta hegoaldeko gerra fronteetatik gertu, eta trenbide sarearen lotunetako bat dago bertan.Beraz, pentsatzekoa da Ukrainarentzako gune logistiko erabilgarria izango dela kontraerasoa hasten badu inguru horietan. Errusiaren erasoak hemeretzi apartamentu eraikin, familia bakarreko 25 etxe, hiru eskola, hiru haurtzaindegi eta hainbat merkataritza lokal hondatu zituen, Dnipropetrovsk eskualdeko kontseiluburu Mikola Lukaxukek azaldu zuenez.
Ukrainako beste eremu batzuetan ere sirena hotsak entzun ziren gauean. Besteak beste, Kieven, eta Sumi, Poltava eta Kharkiv eskualdeetako zenbait tokitan, baina ez zen inor zauritu. Ukrainako Gobernuaren esanetan, Errusiak jaurtitako hemezortzi misiletatik hamabost suntsitzea lortu zuten aire defentsek.
Moskuren hitzetan, berriz, Pavlohraden «jomuga militarrak» suntsitu zituen. «Zehaztutako helburu guztiak jo ditugu», esan zuen Defentsa Ministerioak, ohar batean. Zehaztu zuen armak, tresneria militarra eta munizioa ekoizten dituen Ukrainako industria enpresa bat hondatu zuela, eta erasoan «irismen eta zehaztasun handiko armak» erabili zituela. Kievek kalteak aitortu zituen Pavlohradeko industria enpresa batean, baina ez zuen eman haren jardueraren inguruko xehetasunik.
Bonbardaketek kalteak eragin zituzten argindar sarean ere, Dnipropetrovsk eta Kherson eskualdeetako zenbait eremutan. Milaka herritar gelditu ziren argindarrik gabe, Ukrainako Energia ministro Herman Halustxenkoren esanetan. Azpiegitura konpontzeko lanean ari zirela azaldu zuen, baina asteak beharko dituztela zerbitzua leheneratzeko.
Errusiako armadak Ukrainako hainbat hiri bonbardatu zituen joan den ostiralean, eta gutxienez 21 pertsona hil zituen, Kieven arabera. Azken bi hilabeteetako erasoaldirik bortitzena izan zen. Joan den neguan, gisa bereko hainbat eraso egin zituen Ukrainaren azpiegitura estrategikoak hondatzeko. Azken hilabeteetan, ordea, Moskuk ekialdeko frontean jarri ditu indarrak, eta Bakhmut hirian ari dira gertatzen borrokarik gogorrenak. Alde batek nahiz besteak zailtasun handiak dituzte aurrera egiteko.
Oleksandr Sirskii Ukrainako jeneralak atzo adierazi zuenez, Errusiak 25.000 soldadu ditu Bakhmuten; 65 tanke, 45 ibilgailu blindatu eta 150 kanoitik gora. Errusiak galera handiak dituela ziurtatu zuen, baina Wagner talde paramilitarreko soldaduek eta beste konpainia pribatu batzuetakoek betetzen dituztela etengabe hutsune horiek.
Kontraerasoa, «prest»
Ukrainako Gobernuak adierazi du Errusiaren kontrako operazioa hasteko moduan dagoela. Moskuk hiru lagun hil eta 40 zauritu ditu bonbardaketetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu