AEBen Jerusalemgo enbaxada. Israelen 70. urteurrena

Kontakizunaren gudua

Israelek ezarritako kontakizunaren analisi kritikoa eginda, Historialari Berriak taldeak frogatu du palestinarrak beren etxetik kanporatuak izan zirela eta garbiketa etnikoa jazo zela 1948an.

David Ben Gurion Israelgo lehen ministro izandakoa, Tel Aviven, Independentzia Deklarazioa irakutzean, 1948an. EFE.
Asier Arrate Iruskieta.
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Historia irabazleek idazten dute». Esaldia Walter Benjaminek sortu zuen, eta ezin hobeto deskribatzen du 1948ko arabiar-israeldar gerraren inguruan eraikitako kontakizuna. Garaile atera zen Israelgo Estatuak bere kontakizuna ezarri zuen, eta israeldarrek eta nazioarteak bere egin zuten. Israelek oraindik argudiatzen du bere burua defendatu zuela arabiarren erasoen aurrean, eta palestinarrek haien erabakiz alde egin zutela. Israelgo historia ofizialaren analisi kritikoa egin zuen Historialari Berriak taldeak frogatu zuen palestinarrak haien etxeetatik kanporatuak izan zirela eta garbiketa etnikoa jazo zela.

Israelgo Estatua sortu zela 70 urte bete ziren atzo, baina gertatutakoaren inguruko eztabaidak segitzen du. Legitimitatea eta lurrarekiko lotura beharrezko izan ditu sionismoak, eta historia bihurtu dute helburu hori lortzeko tresna. Historia beraien ikuspuntutik idazteaz gain, kontakizunarekin gatazkaren irtenbide politikoa ere baldintzatu dute israeldarrek. Izan ere, estatuaren sorreraren eztabaida historikoa baino gehiago politikoa da. Estatuaren sorreraren kasuan, palestinarrak kanporatu zituztela onartzeak errefuxiatuen arazoa eta haien etorkizuna eztabaidaren erdigunera ekarriko lituzkeelako.

Historialari Berrien aitzindarietako bat da Ilan Papper, eta haren esanetan, historiografiak «berebiziko garrantzia» du Israelen kasuan: «Sionismoa mugimendu okupatzaile-koloniala denez, historia hutsetik eraiki behar du, berea ez den lur batean presentzia legitimatzeko». Historialariaren esanetan, palestinarrek ez zioten eman garrantzirik kontakizunari, eta huts larria izan zen: «Gatazkaren lehen urteetan historiaren borroka galdu zuten». Uste du ezjakintasun handia dagoela 1948an gertatutakoaren inguruan, bereziki Mendebaldeko agintarien artean: «Ezjakintasun horrek ekarri du bake prozesuaren porrota».

Aurrez prestatutako plana

1980ko hamarkadan agertutako historialari berrien lanek kontakizun ofiziala gezurtatu zuten. Israelgo dokumentu militarren desklasifikazioak ahalbidetu zien 1948aren inguruko ideia eta mito ugari desmuntatzea. Besteak beste, frogatu zuten israeldarren eta arabiarren arteko indar boterea ez zela horren desorekatua, sortu berri zen Israelgo Estatua ez zela arriskuan egon, eta palestinarrak errefuxiatu bihurtu zirela Israelen kanporaketa planen ondorioz, ez haien erabakiz edo agintari arabiarren aginduz.

Historialari Berrienarabera, Israelgo Estatua aldarrikatu zuten egunetik, kanporaketa politika bat abiatu zuten: menderatutako herriak husteko, estatu sortu berriko armadak eta miliziek kanporaketak edo herritarren ihesa eragingo zuten ekintza armatuak abiatu zituzten. Herriak hiru aldetatik inguratzen zituzten, palestinarrek ihes egin zezaten. Ihes egiteko aukerarik ez zutenean, edo uko egiten ziotenean, basakeriak gertatzen ziren. Jerusalemetik gertu aurkitzen zen Deir Yassin herrixkan, esaterako, 120 palestinar hil zituzten.

Gerra bukatu zenerako,750.000 palestinar kanporatu zituzten, eta errefuxiatuak bilakatu ziren. Ihes egin zutenek ez zuten izan etxera bueltatzeko aukerarik. Israelgo Estatuaren barruan geratu zirenak beste toki batzuetara mugitu zituzten, eta debekatu egin zieten etxera bueltatzea. Palestinarekin lotutako erreferentzia oro ezabatu zuten, eta herrixka palestinarrak zeuden tokietan israeldarrentzako hiriak eraiki zituzten.

Kanporaketek helburu argia zuten historialarien aburuz; Israelgo Estatuaren gehiengo judua ziurtatzea. 1947an Nazio Batuen Erakundearen banaketa planak Palestina erdia baino gehiago eman zien sionistei. 499.000 juduk eta 438.000 palestinarrek osatu beharko zuketen estatu berria. Historialarien esanetan, sionismoaren ideologia juduen esklusibotasunean oinarritzen da, eta ezinezkoa luke horrelako balantza demografiko ahul batean aurrera egitea. Bereziki, palestinarren jaiotza tasa altuagoak direla eta.

Pappek onartu du Historialari Berrien lanak inpaktu txikia izan duela Israelgo gizartean. Hala ere, nazioartean oihartzuna izan duela dio, bereziki unibertsitateetan, eta, horri esker, Nakba —hondamendia, arabieraz— berriz argitara ekartzea lortu dutela. Hala ere, uste du oraindik ere garrantzitsua dela Historialari Berrien lana: «1948an gertatutakoa ikertuta soilik ulertuko dugu Israelek eta Palestinak duten arazoa sionismoa dela; hots, sionismoak ekarri zuen 1948an gertatutako hondamendia, eta sionismoa da egun gertatzen den guztiaren arrazoi. Ideologia horri aurre egin arte, ez da irtenbiderik izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.