Kataluniako Parlamentuak atzoko osoko bilkuran onartu zituen ebazpenetako hiru "elkarbizitzaren kontrako erasoa" direla salatu du Espainiako Gobernuak, Isabel Zelaa jarduneko bozeramailearen ahotik. Hori dela eta, PSOEren gobernuak Espainiako Auzitegi Nazionalean salatuko ditu desobedientziaren zilegitasuna aitortzen duen ebazpena, amnistiaren aldeko akordio nazional bat eskatzen duena eta Guardia Zibila Kataluniatik erretiratzea galdegiten duena. Gobernuaren iritziz, Generalitateak bere eskumenetatik harago jardun du.
CUPek proposatuta eztabaidatu du Kataluniako Parlamentuak desobedientzia zibilari eta instituzionalari zilegitasuna aitortzen dion ebazpena. Parlamentuak CPen Junts per Catalunyaren eta ERCren aldeko botoekin onartu du, talde parlamentarioen barruan eztabaidatu ondoren. 69 boto jaso ditu guztira proposamenak, eta 25, kontra (PSC, Catalunya en Comu Podem eta PP; Ciudadanosek ez du parte hartu bozketan).
2017ko erreferenduma antolatzeagatik, besteak beste, desobedientzia leporatuta auzipetuta dauden politikari independentisten kontrako epaia ateratzear dela, Parlamentuak proposamen horrekin adierazi du "urratutako eskubide zibil, politiko eta sozialen defentsarako erraminta" direla desobedientzia zibila eta instituzionala.
PSC saiatu da bozketa eragozten argudiatuz Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aginduak urratu ditzakeelakoan. Bere eskaerak, ordea, ez du aurrera egin eta Parlamentuko Mahaiak onartu egin du tramitera CUPen proposamena, diputatuek bozka zezaten.
Proposamen horrekin Parlamentuak berretsi du "burujabea" dela eta "Espainiako estatuaren erakunde antidemokratikoen trabak" salatu ditu, "batik bat, Auzitegi Konstituzionalarenak eta Gorenarenak". Horren aurrean aitortu dio zilegitasuna desobedientziari. 2017ko urriaren 1eko erreferenduma zilegi eta legezkoa izan dela ere adierazi dute.
Horrek gain, JxCat, ERC eta CUPen botoekin ere, Parlamentuak eskatu du Guardia Zibila Kataluniatik erretiratzeko, baita Teresa Cunillera Espainiako Gobernuaren ordezkaria ere. 65 boto jaso ditu alde proposamen horrek. Catalunya en Comu Podem abstenitu egin da (8 boto), eta Ciudadanosek, PSCk eta PPk kontra bozkatu dute (56 boto). Onartutako testuan azaldu dute frogatuta dagoela Guardia Zibila "polizia politiko bat" dela, "kolektibo politiko eta sozial jakin batzuri" jazartzen zaiona.
Parlamentuak beste adierazpen bat ere onartu du "amnistiaren, autodeterminazioaren eta eskubide zibil eta politikoen aldeko akordio nazionala" sustatzearen alde.
Espainiako Gobernuak atzo bertan erantzun zuen. PSOEren jarduneko gobernuak gauean jakinarazi zuen helegitea aurkeztuko diela hiru ebazpenei: Guardia Zibilak Kataluniatik erretiratzeko eskatzen duenari, amnistiaren aldeko akordio nazionala eskatzen duenari eta desobedientzia zibil eta instituzionalari zilegitasuna aitortzen dionari. Gaur, ebazpenei helegitea aurkezteko eginbideak hasi dituela adierazi du Zelaak.
155a ezartzeko prest
Espainiako Gobernuaren bozeramaileak gaineratu du ez duela "[Kataluniako] Estatutuaren eta [Espainiako] Konstituzioaren kontrako inolako erasorik onartuko". Zelaaren esanetan, Kostituzioa izango da "mehatxatzen diren baloreak defendatzeko erreminta". Kazetarien galderei erantzunez, gaineratu du une honetan ez direla 155 artikulua ezartzeko baldintzak betetzen, baina, beteko balira, gobernuak zalantzarik gabe ezarriko duela.
Bestalde, Guardia Zibilak astelehenean egin zuen polizia operazioa txalotu du. "Auzitegi Nazionalaren aginduetara polizia judizial gisa jardunez, lan zuhurra egin du, goratzeko modukoa". Astelehenean bederatzi lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak terrorismo delitua egotzita, eta horietatik zazpi espetxera bidali zituen, atzo, Auzitegi Nazionalak, behin-behinean.
Quim Torra Kataluniako presidentearen kontra ere mintzatu da Zelaa. Ukatu egin du, Torrak adierazi bezala, Espainiako Gobernua independentismoa kriminalizatu nahian ari denik. Horrez gain, botere banaketarekiko errespetua adierazteko eskatu dio.
Eztabaida sutsua, atxilotuengatik
CDRetako zazpi kideak espetxera eraman dituztela jakin bezain pronto, CUPeko kideek legebiltzarra utzi zuten, atzo, egoera horretan jarduera instituzionala ezin dutela normalizatu salatuta. Osoko bilkura bertan behera uzteko ere eskatu zioten Torrenti, baina, hark ez zuen halakorik egin.
Nolanahi ere, osoko bilkura amaitu zenean, diputatu subiranistek "askatasuna" oihu egin zuten, eta Torrentek erabaki zuen bozeramaileen mahaia deitzea, espetxeratzeei erantzun publikoren bat eman edo ez erabakitzeko.
Carlos Carrizosa Ciudadanoseko diputatua haserretu zen orduan, eta gertatzen ari zena "lotsagarria" zela esanez protestan hasi da. Azkenean, Torrentek bidali egin zuen aretotik. Joan aurretik, eztabaida beroa izan zuen Ernest Margall ERCko parlamentarioarekin. Besteak beste, honakoa esan zuen: "Zoratutako liderrak ditugu, eta terrorismoa defendatzen dute".