Espainia

Konstituzionala berritzeko blokeoa hausteko saioa du gaur CGPJk

Botere Judizialeko bloke kontserbadoreak eta progresistak ez dituzte bi magistratuak adostu

Espainiako Auzitegi Konstituzionalerako dagozkion bi magistratuak izendatzekoa da Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, gaur. JUANJO MARTIN / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Hautatzea dagozkion Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko bi magistratuen izendapenaz eztabaidatzeko eta horiek bozkatzeko ezohiko osoko bilkura bat egitekoa da, gaur, CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (17:00). Organo horretako kide kontserbadoreen hautagaiak Cesar Tolosa kontserbadorea eta Pablo Lucas progresista dira, eta progresistak Jose Manuel Bandres proposatzekoak dira. Hau da, bi blokeen arteko akordiorik gabe dira saioa egitekoak.

CGPJren agintaldia iraungita dago duela lau urtetik, eta PP haren berritzea blokeatzen ari da; hortaz, Konstituzionalaren berritzea bera ere blokeatzen ari da. Eta berritzeke dauden postuek berebiziko garrantzia dute, egindako izendapenen arabera gehiengo progresista edukiko baitu Konstituzionalak —azken hamarkadan gehiengo kontserbadorea eduki du—. Ohikoena izan da CGPJk Konstituzionalerako aukeratutako bi magistratuetatik bat progresista izatea, eta beste kontserbadorea. Alta, atzo konstituzionalak hartutako erabakiaren ondoren, ez dago argi saioari ekingo dioten.

Espainiako Gobernuari ere bi magistratu izendatzea dagokio Konstituzional berriturako, eta jakinarazi du Juan Carlos Campo Justizia ministroa izandakoa (2020-2021) eta Laura Diez Bartzelonako Unibertsitatean Zuzenbide Konstituzionalean katedraduna aukeratu dituela; biek ala biek profil progresista dute.

Konstituzionalean izendatzea dagozkion magistratuak aukeratzeko osoko bilkura egitera deitu zuten kide kontserbadoreek joan den asteazkenean, baina CGPJren presidente ordezko Rafael Mozok atzera bota zuen eskaera, neurri handi batean ez zutelako izenik proposatu. Hurrengo egunean, ordea, saioa programatu zuen gaurko, kontserbadoreek bi hautagai proposatu zituztelako.

Cesar Tolosa Auzitegi Goreneko magistratua da 2014tik. Kargu hori eduki aurretik Kantabriako Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea izan zen hamar urtez. Pablo Lucas ere Goreneko epailea da 2001etik, eta CNI Espainiako zerbitzu sekretuen jarduna kontrolatzea dagokio. Aurreko urrian progresistek aurkeztutako magistratu zerrendako hautagaietako bat izan zen. Progresisten hautagai Jose Manuel Bandresi, bestalde, gobernuaren gertuko jarrera edukitzea egozten diote kontserbadoreek. 1980ko hamarkadan murgiltze eredua defendatu zuen Katalunian. Goreneko epailea da.

Jarrera aldaketa

Kontserbadoreek hilabeteak daramatzate izendapen berriak boikotatzen. Joan den astean, baina, jarrera aldatu zuten, blokeo hori hausteko asmoz Espainiako Gobernuak hauspotu eta bideratu duen lege erreformari itzuri egiteko asmoarekin. Aurreko ostegunean, Espainiako Kongresuak Zigor Kodea erreformatzea onartu zuen, eta horrek eragiten dio Konstituzionaleko epaileak berritzeko prozedurari ere. Orain indarrean dagoen araudiaren arabera, izendapenek eduki behar dute CGPJko kideen hiru bostenaren babesa; hau da, hemezortzi kideetatik gutxienez 11ren sostengua. Hau da, behar da sektore bateko kide batek, gutxienez, beste sektoreko izendapenak babestea, organoko hamar kide kontserbadoreak direlako eta zortzi progresistak. Horren bidez, blokeoa ezarri ahal izan dute kontserbadoreek.

Aldiz, gobernuak proposatutako aldaketak aurreikusten du izendatuak izan daitezela boto gehien lortzen dituzten bi magistratuak, eta kide bakoitzak hautagai bakarra bozkatu ahal dezala.

Kongresuan onartutako erreformak etzi dira Senatuan bozkatzekoak, eta, sekulako okerrik ezean, baita aurrera ateratzekoak ere, eta, hala, indarrean sartzekoak.

PPk proposatuta CGPJko kide direnek, kontserbadoreek, pentsatzen dute sistema berriak bermatuko lukeela bloke bakoitzak lehenetsitako hautagaiak aukeratuak izatea, eta, orduan, ez litzatekeela betoak jartzeko aukerarik egongo. PPk, beraz, indarrean dagoen prozedurarekin izendatu nahi ditu epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.