Konstituzionala berritzeko bidea zabaldu du Botere Judizialak

CGPJk aukeratu ditu Espainiako Auzitegi Konstituzionalerako bere bi hautagaiak. Cesar Tolosa eta Maria Luisa Segoviano dira

Espainiako CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren osoko bilkura, aurreko astean, Madrilen. EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak aho batez hautatu zituen atzo Auzitegi Konstituzionalerako bere bi hautagaiak. Kide kontserbadoreek proposatutakoak dira biak: Cesar Tolosa kontserbadorea eta Maria Luisa Segoviano progresista. Lehena Auzitegi Goreneko magistratua da, eta bigarrena, berriz, izana da. Bi kide berrien hautaketaren ondorioz, Konstituzionala berrituta geratuko da. Izan ere, CGPJk bere bi hautagaiak aukeratu izanak modua emango dio Espainiako Gobernuari bere biak proposatzeko. Azaroan jakinarazi zituzten jendaurrean izenak: Juan Carlos Campo Justizia ministro ohia da bat, eta Laura Diez katedraduna bestea; biak progresistak dira.

Aho batez hartu zuten erabakia CGPJko hemezortzi kideek. Izan ere, zortzi kide progresistek uko egin zioten beren hautagaiari —Jose Manuel Bandres progresistari—, eta hamar kide kontserbadoreek planteatutako bi kideak proposatzearen alde egin zuten. CGPJko iturriak aipatuz hainbat hedabidek argitaratu zutenez, «erakundeen hobe beharrez» babestu zituzten PPk proposatutako kideek mahaigaineratutako bi magistratuak.

PPren blokeoa

CGPJren agintaldia iraungita dago duela lau urtetik hona, eta PP haren berritzea blokeatzen ari da; hortaz, Konstituzionalaren berritzea bera ere blokeatzen ari da. Eta berritzeko dauden postuek berebiziko garrantzia dute, egindako izendapenen arabera gehiengo progresista edukiko baitu Konstituzionalak —azken hamarkadan gehiengo kontserbadorea eduki du—.

Orain, Konstituzionalari dagokio aztertzea CGPJk eta gobernuak proposatutako lau kideak egokiak diren edo ez auzitegiko kide izateko. Laurak onartuko balitu, Konstituzionaleko 11 kideen gehiengoa progresistek izango lukete. Egun, sei kide kontserbadore eta bost progresista ditu Konstituzionalak.

Auzitegia berritzeko beharrak harrabotsa sortu du azken egunotan. Espainiako Kongresuak PSOEk eta UP Unidas Podemosek hauspotutako lege erreforma bat onartu zuen, modu horretan Konstituzionalaren berritzea desblokeatzeko. Konstituzionalak berak, ordea, auzitegi horretako kideak berritzeko eginkizuna derrigorrezko egiten zuten bi zuzenketak baliogabetu zituen, PPren helegite bat ontzat emanez.

Hori ikusita, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak erabaki zuen indargabetutako zuzenketen edukia lege proposamen batean jasotzea, «urgentziaz». Atzo goizean, Sanchezek esan zuen CGPJk Konstituzionalerako bere bi hautagaiak proposatuko balitu lege proposamenaren urgentzia ez zela berbera izango. Arratsaldean hartu zuen erabakia Botere Judizialak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.